Xabier Amuriza: 'Kontrakoak zein aldekoak, bietakoak euki dodaz sutsuak'

Dabi Piedra 2019-10-28 08:06   Barriketan

Manuel Lekuona Sariaren irabazlea.

Eusko Ikaskuntzak 2019ko Manuel Lekuona Saria emon deutso Xabier Amuriza bertsolari eta idazleari, azken hamarkadetan egin dauen ekarpena eskertzeko. Bertsolaritzeak azken urteotan izan dauen loraldiaren protagonistea da, tradizinotik modernidadera jauzia eginez, nabarmendu dau epaimahaiak. Izan be, bertsolaritza garaikidearen eragile nagusietako bat izan zan Amuriza 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, bertso eskolei, euskera batuari eta estilo barritzaileei bidea emonda. Hizkuntzea bizibarritzen lagundu ez eze, zabalkundean be eragin dau, Eusko Ikaskuntzaren arabera.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea bi aldiz irabazi eban Xabier Amurizak, 1980 eta 1982an, eta plazan 2016ra arte ibili zan. Liburuak argitaratu ditu bertsolaritzaz, euskerearen aurrerabideaz zein bere bizitzako pasadizoez, besteak beste. Euskerazko kulturgintzako proiektuetan eta mobimendu sozialetan sarri ibilitakoa da.

 

1.- Zertan atrapau zaitu Manuel Lekuona Sariak?

Geldi-geldi, egia esan. Ez neban holakorik uste, pentsau be ez saririk hartuko nebanik. Banekian, jakina, izentauen artean nengoala, baina barria emon eustienean, egundoko zaustadea izan zan, ezustekoa. Ohituta nago lehian edo lanen baten ondorioz sariren bat irabaztera, baina hemen ez dot ezer egin, etorri egin jat.


2.- Izan be, ibilbide osoari emondako saria da hau. Gauzak ondo egin izanaren satisfakzinoa izango dozu.

Poz handia izan da, ganera Eusko Ikaskuntza ez da edozein erakunde, ehun urteko ibilbidea dauka eta Euskal Herri osokoa da. Goi mailako erakunde zientifiko-kultural batek holako autortza bat emotea poztekoa da. Lagun batek esan eustan, holakoak bizi zarela bizi behar dira, ez hil eta gero!.


3.- Ahozkotasunaren bidez euskerea zabaldu dozula dino epaimahaiak. Euskerearen aurrerabidean funtsezkoa da ahozkora begiratzea?

Oinarria ahozkoa da, berba egitea dalako pausua. Lehenengo, berba egin behar dogu, eta ondoren etorriko dira besteak, piramidearen oinarria da. Ahozko hizkuntzeak be mailak ditu, hor dagoz ahozko literaturea, bertsolaritzea... Maila hori nahiko garatua dago gaur egunean. Gero, piramidearen erpinera igon ahala, kalidadea, estiloa eta halakoak jagon behar dira, baina ahozko oinarri barik ez dago ezer.


4.- Ahozkotasunaren barruan, bertsolaritzea landu dozu zuk gehien. Beste arlo batzuetan euskerea indartzeko aprobetxau leiteke bertsolaritzearen loraldia?

Bertsogintzatik nahiko aparte nago, baina egia da bertsolaritzeak badituala ezaugarri jakin batzuk. Esate baterako, inguruan batzen diran guztiak euskaldun hutsak dirala, hau da, euskerea baino ez dabe erabilten bertsoak kantetan edo entzuten dagozanean. BECen, euskera hutsean, 15.000 lagun batzen dira, jazoera sozial gitxi egongo dira neurri horretakoak eta euskeraz.


5.- Idea iraultzaile bat ekarri zenduan bertsolaritzara: Bertsotan egitea berezkotzat joten zan garaian, metodo bidez ikasi eitekela aldarrikatu, eta materiala be argitaratu zenduan.

Eusko Ikaskuntzak saritu nau, eta pozten nau, ze erakunde zientifiko-kulturala da. Ze nik beti euki dot pentsakera zientifikoa, eta bertsolaritzan egindako ekarpenak be hortik egin dodaz. Neure sasoian, zorioneko berezkotasuna eta halakoak aitatzen ziran, baina nik beti uste izan dot ez dagoala fenomeno bakar bat be azalpenik ez daukana. Berezkoa izan leiteke, baina azpian badago funtzionamendu bat, sistema bat. Nik hori bilatu neban, neurria, errimea azaltzea, eta klabe garrantzitsu batzuk topau nebazan.


6.- Noztik jatortzu ikuspegi hori?

Seminarioan abadegaiak ginala, euskerea lantzea gauza klandestinoa zan, eta orduan hasi nintzan arduratzen, zer dala eta euskerea egoan egoera horretan. Azpitik edo albotik edo ez dakit nondik, eskuetara heldu jatan liburu bat, Manuel Lekuonaren Literatura Oral Vasca. Gero, ganera, bertsogintzan hasi nintzanean, karrerea egiten nengoan, filosofia, zientziak eta halakoak ikasten genduzan. Ordurako konturatzen hasi nintzan bertsoen atzean sistemaren bat egon behar zala. Berba be berez egiten dogu, baina azpian dauka gramatikea, ba bertsolaritzan bardin. Abade egin nintzanean eta bertsolariakaz gero eta lotura estuagoa euki ahala, hori gero eta argiago ikusten hasi nintzan. Abadetza laburra izan zan, eta ez neban astirik izan gehiagorako. Kartzelaldia, ostera, luzea, eta han hasi ginan taldetxu bat, eskuz, errimen zerrendea egiten. Azkueren Hiztegia erabili genduan.


7.- Lehenengo abade eta bertso epaile. Ondoren, kartzelaldia eta, azkenik, bertsotan hasi. Ibilbide atipikoa izan da zurea.

Nik ez neban horren atipiko sentiduten, baina pixka bat konturatzen nintzan gauza batzuetan ez nebala gehienakaz bat egiten. Sasoi haretan, karreradun bertsolari gitxi gengozan. Idatzi be egiten neban, nobelatxuak egiten hasi nintzan. Ganera, lehen aitatutako ideak zabaltzen hasi nintzanean, eta euskera batuan abestea erabagi nebanean, ha bai izan zala nobedadea. Konturatzen nintzan zeozer diferentea egiten nenbilala, eta kontrakoak asko neukazala be banekian. Aldekoak be bai. Bietakoak euki dodaz sutsuak, kontrakoak zein aldekoak.


8.- Gauzak asko aldatu dira, orain ia kontrako egoeran gagoz: Bertsolari gehienek goi mailako ikasketak daukiez, bertso-eskolatik pasautakoak dira... Gaur egun, ez ete da egongo bertsolari tradizionalaren figurea arriskuan?

Bai, baina berezko bertsolaria izate horretan, bereiztu egin behar da: Dohainak, gaitasunak dira berezkoak; baina landu egin behar dira, horreek landu ezean bertsolariak ez dauka zer eginik, ez lehen ez gaur. Nik ezagutu dot taberna batean sartu eta jentea kantuan hastea. Gaur ezin dozu hori kalean egin, gizartea aldatu egin dalako. Baina zaletasuna hor dago, metodoak aldatu dira. Bertso-eskolatik pasau behar zara, bestela ez daukazu aukera handirik bertsotako lagun-taldea egiteko.


9.- Euskara batuaren bigarren jaiotza liburua idatzi zenduan orain dala urte batzuk. Hor be, modu sistematikoan hizkuntzea aztertu eta urtenbideak emotearen alde egin zenduan. Han esandakoei kasu egin deutsie hiztunek?

Liburuan esaten dodazan gauza askogaz ados dagoan jentea topau dot, batez be zientzia arloan dabizanen artean, letretan dabizanen partetik ez horrenbeste, gero praktikara eroan ezin doguzan arren. Baina gure hizkuntzeak segitzen dau arazo estrategiko eta existentzialak izaten, euskeraz bizi izateko borondateak eta hiztunak topau behar horrek egiten deusku huts. Uste dot batuaren inguruko konfiantzea galdu egin dogula, ez dogulako ikusten aurrera doanik. Askotan ez dakigu euskerea aurrera ala atzera doan, une kritikoan gagoz. Halako momentuetan, soluzino globalak emotea gatxa da, funtsezkoa dalako borondate nazional masibo eta praktikoa halako urtenbideetarako.


10.- Horrek eragina dau erabilten dan euskerearen kalidadean?

Nik uste dot kalidadean krisialdi gogorra dogula. Medioetan, bat aitatzearren, telebista nazionaleko saio entretenigarrietan dagoan kaosa handia da. Ahozko batua zabaldu behar leuke telebista nazional batek, informatiboetan entzuten da batua badagoala, erispide edo norabide bat dagoala igarten da. Baina bazoaz entretenimenduzko saioetara, eta ze erispide darabilen be ezin da jakin. Nora goaz bide horretatik? Ideak badagoz, baina praktikan amore emoten dogu, hizkuntzeari errespetua galdu egin deutsagu espontaneidadearen izenean. Telebista nazionala ez da lekuan lekuko medioen modukoa. Telebista nazionalean entzuten diran hizkerak ez dira ez batua ez euskalkiak, bakotxak bere etxeko sukalkia egiten dau. Hori ez da txartzat jo behar, plangintza baten barruan badago, baina hori da hizkuntza nazionala? Kaosa eta Babelgo Torrea?


11.- Euskera batua gazte askoren eta ez horren gazte batzuen berezko hizkerea be bada gaur egun, baina komunidade horreetan erabilereak huts egiten dau sarri. Zer egin geinke?

Gatxa da itaun horri erantzutea. Horren erantzunik ez dauka inork. Erabilerea bultzatzeko ingurunea sortzen ez bada, eta erabagiak hartzen ez badira, gatxa izango da. Eskoletan euskera batuak badauka lekua, baina kalean edo etxean indarra hartu behar dau. Familietan erabilerea bultzatu behar da, familia erdaldunetan erderaz egitea ulertzekoa da, baina euskaldunak diran askotan be euskerarik ez da egiten. D eredura bialtzea ondo dago, baina umeek inguruan entzuten dabena egiten dabenez, ezin dogu aurrera egin. Zelan aldatu hori? Hori baneki, oraintxe emongo neukez Eusko Ikaskuntzaren saria eta beste guztiak hori jakiteagaitik!


12.- Hasieran aitatu dozu geldi atrapau zaituala Manuel Lekuona Sariak. Baina proiekturen bat izango dozu esku artean.

Erretiro nahiko nasaia daroat orain. Berria-n astero zutabe bat idazten dot, Euskadi Irratian hamabostean behin agertzen naz. Lehendik daukadazan bertsoak astiro-astiro batzen nabil, ordenagailua gauzaz beterik daukat, eta ikusiko dot egunen baten horregaz zer egin, presino handi barik. Beste batzuei laguntzen ibilten naz: Esaterako, Leturia pandero joleak atera barri dauen libururako laguntasuna eskatu eustan, eta han ibili nintzan zuzentzen, berrikusten eta abar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu