Leturia: 'Arto artean ezkutau eta erromeriak grabetan genduzan, etxean piezak ikasteko'

Dabi Piedra 2019-09-23 08:03   Barriketan

Pandero jolea.

Xabier Berasaluze, Leturia izenez ezagunagoa, luzaroan plazarik plaza ibilitakoa da, beti panderoa lagun. Batez be, Tapia eta Leturia bikotean egin zan ezagun Euskal Herri osoan, Joseba Tapiaren alboan, baina beste proiektu ugaritan be parte hartu izan dau, eta oraindino badabil.

Oraingo honetan, baina, diskoa barik liburua argitaratu dau: Tarrapatan, pandero baten ibilbidea (Elkar). Zazpi egunean panderoa joten ikasteko metodoa dakar liburu-DVD-ak, azalpen erraz baina argien bidez. Ganera, liburuko orrietan 1977tik 1984ra bitarteko pasadizo xelebreak kontau ditu Leturiak, plazetan hasi zaneko lehenengo urteetakoak. Gaur egun sasoiak asko aldatu dirala begitantzen jako, eta panderoa eta beste instrumentuak belarriz joten ikastearen alde dago.

 

1.- Zelan sortu zan liburu hau idazteko asmoa?

43 urte daroadaz panderoa joten, eta azken urte bi eta erdian Korrontzi taldeagaz nabil. Biran genbizala Kanada aldean, orain dala pare bat urte, Agus Barandiaranek [Korrontziko kidea] eta Cesar Ibarretxe teknikariak animau egin ninduen, horrenbeste urte panderoa joten eta ia metodo txiki bat egingo neban. Orain arte, beste metodo batzuk be atera izan dira, baina zeozer barria egiteko asmoa neukan nik. Horregaitik pentsau neban azalpenak labur-labur emotea, oinarrizkoa, argia eta garbia. Musika munduaz ezertxo be ez dakienak be ikasteko modukoa. Zazpi lekzinotan, gehien ezagutzen diran erritmoak joteko moduko azalpenak idatzi nebazan.


2.- Ikasgaiez gan, eduki gehiago sartu dozuz liburuan, ezta?

Metodoa amaitu nebanean, horregaz ezin zan liburu bat atera, panfleto bat baino pixka bat gehiago baino ez zan, meheegia. Orduan, eduki gehigarri batzuk sartzea pentsau neban, panderoaren historia, beste tresnakaz zelan konbinau leiteken... Notaz nota joteko teknikea erabili dot liburuan, baina badagoz beste modu batzuk, eta horreen barri be emon dot. Joseba Tapiari erakutsi neutsan idatzitakoa, zuzenketa batzuk egiteko, eta Iñaki Telleria perkusionista ospetsuak partituren kontuagaz lagundu eustan. Xabier Amurizari be eskatu neutsan idatzitakoa begiratzeko, aspaldiko lagunak gara.


3.- 1977tik 1984ra bitarteko pasadizo ugari be kontetan dozuz, pandero bi berbalagun hartuta.

Bai, lagun arteko giroa emon nahi neutsen pasadizoei, eta pandero biri bizia emotea pentsau neban. Izena be ipini deutset, Kattun eta Xarpa. Gauzak holan kontau dodaz liburuan, panderoek niri gauzak galdetu, eta nik erantzun. Liburuko ikasgaiak eta azalpenak euskera batuan eta zuka idatzi dodaz, baina anekdotak modu informalagoan kontau nahi nebazanez, hika edo hitanoa erabilita idatzita dagoz. Kattun neskea da, eta Xarpa mutila, holan, nesken eta mutilen hika sartu dot. Gertutasuna emoten dau eta, bide batez, hitanoari indarra emon nahi izan deutsat, gaur egun gitxiago erabilten da eta, gaurko gazteak ez dodaz hitanoz sarri berbetan entzuten.


4.- Panderoa zure lagun mina dala erakusten dabe Xarpak eta Kattunek?

Begira, esango deutsut, etxean badaukadaz 120 pandero, gitxi gorabehera. Joko dozunaren arabera, pandero bat edo bestea behar izaten danez, ba mordoxka bat batzen joan naz. Ez da bardin trikitixa bategaz jo edo rock banda baten barruan. Daukadazan pandero guztiak desbardinak dira hotsez, tamainuz... Danak dira nire lagun-minak.


5.- Aspaldiko pasadizoak baino ez dozuz kontau, orain dala 40 urte ingurukoak. Maitasunez gogoratzen dozu hasi zinaneko sasoia?

Garaiak asko aldatu dira, gure gaztaroko denporak oso aberatsak izan ziran guretzat, eta gaurkoak be bai, baina beste modu baten. Guk garai hartako egoerea eta oraingoa ezagutu doguz, eta badakigu momentu gogorrak zirala, gaur egungo aurrerapenik ez zan egoten. Liburuan kontetan dot abadeakaz izaten genduzan gorabeherak, gero guardia zibilen kontrolak, kirolari eta bertsolariakaz eztabaidak, danetarik. Markatu egiten zaitu horrek guztiak. Subertea izan da hori guztia idatzita eukitea. Betidanik euki dot ohiturea egunean-egunean pasetan jatana agendan labur idazteko, lau-bost lerrotan. Libururako, horreek apunteak berreskuratu eta egokienak aukeratzea besterik ez dot egin behar izan.

Emoten dau orain dala ehun urteko kontuak dirala, baina ez, guk bizi izan doguz. Batez be, herri txikietan ibilten ginan, jantzan, ze Imanol Lazkanok esaten dauen legez, ligatzeko jantzan egin beharra dago. Pieza barriak ikasteko ez egoan gaur egungo metodorik, orain Youtube eta Spotify biztu, eta han daukazuz mila gauza. Lehen, radiocasettea hartu, eta hara eta hona ibili behar zenduan. Arto artean izkutatu eta erromeria guztia grabetan genduan, gero etxean beste trikitilarien piezak ikasteko.


6.- 1984tik aurrerako pasadizorik ez dozu sartu nahi izan?

Urte haretan hasi nintzan Joseba Tapiagaz joten, Tapia eta Leturia ginan. Niretzat, laguna baino gehiago, anaiea da Joseba. Beragaz asko ikasi neban, musikari ikaragarri ona da. Liburuko pasarteena 1984an moztu dot, Tapiagaz hasi nintzan urtean, harrezkero dana desbardina izan zalako. Josebagaz bizi izandakoaren ganean, liburua egin beharrean, entziklopedia egin beharko neban!


7.- Liburuagaz datorren DVD-an ze eduki sartu dozuz?

Liburuan irakurri daitekeena erakusten dot hor, ze gauza bat da azalpenak irakurtea, eta beste bat hori benetan zelan egiten dan ikustea. Gaur egun, DVD bat atera, eta ordu erdian kopiau eta interneten jarri deutsue. Fusilau egiten dau edonork. Horregaitik, DVD-a grabau dot, baina berbarik egin barik, hau da, panderoa zelan jo ikusten da, baina liburuko azalpenak aurrean izan ezean, ezin da ezer ikasi. Osogarriak dira liburua eta DVD-a.


8.- Plazarik plaza ibilitakoa zara zu, orain zertan zabiz?

Trankilago hartu nahi dodaz gauzak, 65 urte daukadaz eta ez daukat lehen besteko gogorik proiektu luzeetan sartzeko edo diskoak ateratzen ibilteko. Kolaborazinoak egiten dodaz han-hemen, ia erretirauta nago, baina erabateko erretiroa ez dot hartuko. Korrontziren emonaldietan pieza batzuk joten dodaz, Enrike Solinisen Euskal Barrokensemblegaz be kolaboretan dot, Et Incarnatus orkestreagaz be ibili izan naz. Ganera, ikasten be banabil, oraintxe bertan Vivaldiren partitura bat begiratzen, ia panderoa zelan sartu behar dodan hor. Aspertzeko denporarik ez daukat.


9.- Trikitixea, beti-betiko soinua eta panderoa, zelan ikusten dozuz? Gazteak ondo dabiz?

Gazteak ondo preparauta dagoz, hori da esan beharreko lehenengo gauzea. Irakasle oso onak dagoz. Baina hutsune batzuk be ikusten dodaz. Larreko eskolatik, Joseba Tapiak idatzitako liburuxkea irakurtea da nire gomendioa, belarriz ikasitakoaren garrantzia aitatzen dauelako. Horregaz naz ni kritikoa, musikan garrantzitsua da belarriz ikastea. Josebak eta biok ikusi dogu Kanadan eta Estadu Batuetan, umeei instrumentua emoten deutsie lehenengo egunean, eta pare bat egunean pieza batzuk joten ditue, erraz-errazak. Hemen, ostera, lehenengo solfeoa erakusten deutsie, instrumentua ikutu barik. Ni hortik pasau nintzan, eta umeentzat aspergarria da. Momentu baten, umeek itxi egiten dabe, afizinorik ez da egiten holan.


10.- Zure alabea, Leire Berasaluze, musikan sartuta dabil aspalditik. Lain taldean ibili zan, orain Euskal Barrokensemblen. Harrotasuna emoten deutsu horrek?

Gure etxean musikea beti entzun izan dogu, klase guztietakoa. Lain taldea lagun batzukaz sortu eban, gero Iker Laurobagaz eta Euskal Barrokensemblegaz be lanean hasi zan. Orain, Joseba Tapiak be hartu dau bere talderako. Josebak brometan esaten deutso, 35 urte pasau dodaz zure aita albotik bialdu ezinda, eta orain barriro beste Leturia bat etorri jat taldera!.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu