Xabier Amurizari emon deutsie 2019ko Manuel Lekuona Saria
2019-10-17 12:33 KultureaAhozkotasunetik euskerea bizibarritu eta zabaltzen egindako lana autortu deutso Eusko Ikaskuntzak.
Xabier Amuriza, Etxanon 1941ean jaioa, da 2019ko Manuel Lekuona Sariaren irabazlea, Eusko Ikaskuntzak Bilbon egindako agerraldi baten azaldu dauenez. Bertsolaritzeak azken urteotan izan dauen loraldiaren protagonistea da, tradizinotik modernidadera jauzia eginez, nabarmendu dau epaimahaiak. Izan be, bertsolaritza garaikidearen eragile nagusietako bat izan zan Amuriza 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, bertso eskolei, euskera batuari eta estilo barritzaileei bidea emonda.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea bi aldiz irabazi eban Xabier Amurizak, 1980 eta 1982an, eta plazan 2016ra arte ibili zan bertsotan eta bestelako ikuskizunetan. Liburuak argitaratu ditu bertsolaritzaz, euskerearen aurrerabideaz zein bere bizitzako pasadizoez, besteak beste. Euskerazko kulturgintzako proiektuetan eta mobimendu sozialetan sarri ibilitakoa da.
Horregaitik guztiagaitik, Eusko Ikaskuntzak uste dau bertsolaritzea izanik euskerea eta euskal kulturearen identidadearen erakusle, Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntzea bizibarritzen lagundu ez eze, zabalkundean be eragin dauela.
Aurtengo Manuel Lekuona Sariaren irabazlea aukeratzeko, uritarren eta epaimahai instituzionalaren eretxia kontuan hartu dau Eusko Ikaskuntzak. Epaimahai instituzionalean dagoz Aranzadi Zientzia Alkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran Fundazinoa, Príncipe de Viana Erakundea, Euskalerriko Adiskideen Alkartea, Unesco Etxea eta Etxepare Euskal Institutua.
Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria, euskal komunidade globalarentzat ekarpen garrantzitsua egin daben personei autorpena egiteko. Opera omnia erako saria da, hau da, ibilbide osoa hartzen dau kontuan. Euskal kulturan ekarpena eta konpromiso adierazgarria zein balore unibersala begiratzen da irabazlea aukeratzeko, baita haren lanaren dibulgazinoa be.
Remigio Mendiburu artisteak diseinautako brontzezko eskulturea emongo deutsie Xabier Amurizari, Manuel Lekuona Sariaren irabazle guztiei legez. Oroigarria noz eta non emongo deutsien ez dabe zehaztu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!