Areto ilunen magia gogoratuz hasiko da 67. Zinemaldia

Bizkaie! 2019-09-20 08:03   Zinemea

Cayetana Guillen Cuervo eta Loreto Mauleon aktoreek aurkeztuko dabe inaugurazino-galea.

Dana prest dago Donostiako Zinemaldiaren 67. edizinoari ekiteko. Urtero legez, munduko zinema-izar distiratsuenek hartuko dabe Gipuzkoako uriburuko pantailak eta alfonbra gorria, irailaren 20tik 28ra. Javier Bardem, Laetitia Casta, Costa-Gavras, Penélope Cruz, Ricardo Darín, Gael García Bernal, Valeria Golino, Nina Hoss, Michel Houellebecq, Catherine McCormack, Sam Neill, Tim Roth, Kristen Stewart, Donald Sutherland eta Eva Green, besteak beste, etorteko diranen artean dagoz.

Inaugurazino-galan zinema-aretoen iluntasun magikoari keinua egingo deutsie, zinemazaleen plazer eta errituala dalako areto ilunean sartu eta pelikulez arretea galdu barik disfrutetea. Ikusle klase bi omenduko ditue galan: Zinemaldiko aretoak beteten dituen ikusle arruntak; eta kritikariak eta zinema-kazetariak, eurei esker sortzaileak hazi egin leitekezalako.

Zabaltze-ekitaldiaren beste helburu nagusia generoko zinemagintzea aldarrikatzea izango da, Zinemaldian gero eta leku zabalagoa dauen estiloa. Epaimahaiek eta kritika serioak beti ez ditue ondo hartzen, baina batzuetan maisulanak dira, azaldu dau Borja Crespok, galearen zuzendariak. Ekitaldia preparetan dabil Crespo, Susana Fernandez eta Borja Echevarriaren laguntzinoagaz.

Aurkezle nagusiak, ostera, Cayetana Guillen Cuervo eta Loreto Mauleon izango dira. Javier Calvo, Javier Ambrossi, Leticia Dolera eta Paul Urkijo be oholtzatik pasauko dira, baita Neil Jordan epaimahai ofizialeko burua be.

Inaugurazino-galan bertan emongo deutsie Fipresci Saria Alfonso Cuaron mexikarrari, Roma filmagaitik. Azkenik, Roger Michell zuzendariak, David Bernardi produktoreak eta Sam Neill aktoreak Blackbird aurkeztuko dabe, Sail Ofiziala inaugurauko dauen filma.

Gaur, hilak 20, izango da inaugurazino-galea, Kursaal jauregiko auditorioan (21:00). Hortik aurrera, munduko zinema-jaialdirik inportanteenetakoa martxan egongo da. Sail Ofizialean labatik harako pelikula aitagarrienak ikusi ahal izango dira, Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Beste sailetako eskaintza zabalari esker, donostiarrek eta bisitariek bestelako proposamenak be ezagutu ahal izango ditue, sortzaile gazteen lanetatik hasi eta klasikoen atzera-begirakoetaraino. Euskal zinemea be Donostian izango da.

Basque Culinary Center-en Culinary Zinema zikloaren lehenengo afaria egingo dabe zapatuan, hilak 21. Don Julio jatetxeko Pablo Rivero chef argentinarrak preparauko dau jatekoa. Bere lanean oinarritutako La Leyenda de Don Julio: Corazón y Hueso filma proiektau ostean ospatuko da afaria: arkumea kurutze erara, parrila handietan erreta.

Epaimahai ofizialak eta beste sailetako epaimahaikideek erabagiko dabe sari nagusiak nori emon. Baina dagoeneko erabagita dagozan sariak be banatuko dira. Azpimarragarrienak, Donostia Sariak. Hiru egongo dira aurten: Costa-Gavras, Penelope Cruz eta Donald Sutherland.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu