VI. Afrikaldia, zemendiaren 3tik 10era Gasteizen

Bizkaie! 2026-10-29 10:30   Zinemea

Afrikako eta diasporako 20 herrialdetako hamar film batuko ditu jaialdiak.

Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, seigarren aldia egingo dau Gasteizen eLankidetza – Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentziaren eskutik.

Hamar film izango ditu sail ofizialean, horreetatik sei estreinaldi nazionalak. Identidadea eta kidetzea aldatzen dagoan mundu batean lelopean atondu da egitaraua.

Jaialdiak fikzinoko sei film luze eta lau dokumental eskainiko ditu, Afrikako eta diasporako zinemagileen begiradak publikoari hurbiltzeko. Atontzaileek zehaztu dabenez, lanek gizarte gero eta anitzagoan, identidadeak eregiteari eta pertenentzia sentimenduari buruz hausnartzeko aukerea emongo dabe.

Sail ofizialak estilo anitzeko lanak batuko ditu, besteak beste, familia barruko hartu-emonak ardatz dituan My Father's Shadow; thriller sozialaren bidetik doan Diya; eta komedia dramatikoa dan One Woman One Bra ikusi ahal izango dira. Nobedadeen artean, gainera, Memory of Princess Mumbi nabarmendu dabe: Damien Hausser zuzendariaren lanak adimen artifizialaren eta sorkuntza zinematografikoaren arteko hartu-emonak aztertzen ditu.

Jaialdiaren zuzendaritzearen arabera, aurtengo programazinoak barriro erakutsiko dau Afrikako eta afrikar ondorengo sortzaileen presentzia gero eta handiagoa dala nazinoarteko ikus-entzunezko industrian. Danetara, Afrikako eta diasporako 20 herrialdetako lanak dagoz egitarauan.

Afrikaldiak industria profesionalari zuzendutako programea be indartuko dau aurten. Horren barruan, jaialdiak sustatutako lehen stop motion dokumental laburra lantzen dabiz alkarlanean Sonia Estevez, Arrieta Saldaña, Kresala Films produkzino etxea eta 16 gazte afrikar zein afro-ondorengo.

Bestalde, jaialdiaren jarduerak uriko hainbat lekutan izango dira. Arkabia eta Izaskun Arrue Kulturguneagaz batera, Jai Alai apartamentuak be erabiliko ditue industria ataleko ekitaldietarako. Izaskun Arrue Kulturgunean euskeraz azpititulautako emonaldietarako erabiliko dabe eta Arkabian, lehenengo aldiz, sail ofizialeko proiekzinoak eskainiko ditue. Olagibel kaleko FOT & CO dendea izango da jaialdiaren informazino gune ofiziala.

Hiru sari eta beste autortza bat

Jaialdiak hiru sari emongo ditu aurten: film onenarena, jatorrizko soinu-banda onenarena eta publikoaren saria. Epaimahaikideak Jusciele Oliveira, Lamine Thior eta Carmen San Esteban izango dira.

Aurtengo barrikuntza nagusietako bat EITB-Afrikaldia saria izango da. Zemendiaren 3an Arkabian egingo dan inaugurazino ekitaldian emongo dabe lehenengo aldiz, ikus-entzunezko industrian aniztasuna sustatzen daben personak autortzeko helburuagaz. Ekitaldietan sartzea doban izango da.

Informazino gehiago, egitaraua eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu