XIII. WOP Mendi Film Saria Sayed Alishah Farhang errefuxiatuak irabazi dau
2026-11-05 11:15 ZinemeaChampions of the Golden Valley filmeko protagonistea da.
Film horrek BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sari Nagusia eskuratu eban igaz. The Walk On Project Fundazinoak eta Mendi Filmek bultzatutako sariak saridunaren gizarte-konpromisoa eta balioen transmisinoa autortzen ditu, izan be, biak bikain islatzen dira aitatutako filman.
Sayed Alishah Farhangek bere sorterrian, Bamyanen, mendi-eskiko txapelketa berezia atondu eta sendotzeko ahalegina egin eban urte luzez. Gatazkek zigortutako gizarte batean, mendia eta eskia, osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero-bardintasuna sustatzeko tresna bihurtu nahi zituan.
Olinpiar izateko hautagaia behinola, eski entrenatzailea eta mendi-gidaria be bada. Hamabi urtez Ski Club Bamyan alkartea koordinau eban eta haren barruan atontzen zan The Afghan Ski Challenge txapelketea. Lehiaketa horrek jatorri eta etnia askotako parte-hartzaileak batzen, emakumeen parte-hartzea sustatzen, gazteen artean ilusinoa eta etorkizunerako aukerak biztuten zituan eta haraneko umeei parte-hartzearen, bardintasunaren eta alkartasunaren balioak helarazoten eutsezan.
Halan da be, 2021ean talibanek Afganistango gobernuaren kontrola eskuratu ebenean, Sayed Alishah Farhangek herrialdetik iges egin behar izan eban emazteagaz eta seme-alabakaz batera.
Alemanian bizi dira, erbesteratuta
Ben Sturgulewskik zuzendutako eta AEBetan produzidutako Champions of the Golden Valley filmak istorio hori guztia ikuspegi zinematografiko apartaz kontetan du. Tribeca jaialdian estreinau eben 2024an eta 50 sari baino gehiago irabazi ditu, tartean 2026ko Emmy nazionala kirol dokumental onenaren kategorian eta 2025eko Mendi Film jaialdiko Sari Nagusia. Nazinoarteko Batzorde Olinpikoak filmaren eskubideak eskuratu zituan Milango eta Cortinako 2026ko Neguko Olinpiar Jokoen aurretik eta gaur egun doban ikusi daiteke Olympics.com plataforman.
Kontuak kontu, WOP Mendi Film Saria19. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Jaialdiaren barruan, 2026ko abenduaren 12an, zapatuan hartuko dau, arratsaldeko 17:00etan, Euskalduna Bilbaoko 0B aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
