68. Zinebik zinemearen memoria berreskuratu eta igarotakoaz hausnartuko dau

Bizkaie! 2026-11-10 08:57   Zinemea

Jaialdiak barriro sarituko dau Alfonso Ungría zinemagilea.

Alfonso Ungría. | Ikusi handiago | Argazki originala

Memoriak, bai historikoak bai personalak, leku nabarmena izango dau 68. Bilboko Nazinoarteko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiaren programazinoan. Bilboko Udalak atontzen dau jaialdia eta zemendiaren 20tik 27ra egingo da. Film, topaketa eta ondare zinematografikoa berreskuratzeko jardueren bidez, Jaialdiak historia markau daben jazoeretara eta esperientzietara hurbiltzea proponiduten dau, zentsurearen eta erbesteratzearen ondorioak eta umeen eta nerabeen gomuta intimoenakaz jorratuz

Atal espezifiko bat izan beharrean, memoria zeharka agertzen da aurtengo programazinoaren zati handi batean. Gaur egungo zinemagile askok jazotakoa ulertzeko, ahaztutako kontakizunak berreskuratzeko eta denporeagaz esangura barriak hartzen dituen esperientzia personalak eta kolektiboak konpartiduteko daben interesa islatzen dau presentzia horrek.

Momentu garrantzitsuenetako bat zemendiarenn 20ko inaugurazino-galan izango da, Arriaga Antzokian, Alfonso Ungría zinemagileari sari bat barriro emonez. Ekitaldi horretan jaialdiaren beraren memoria aldarrikatu eta zentsureari lotutako bere historiako jazoera bat berreskuratuko dau. Ekimen hori osotzeko, mahai-inguru bat egingo da zinema-zentsureari buruz, zentsura horrek sorkuntzan dituan ondorioei buruz eta joandakoak modu kritikoan aztertzeko beharrari buruz hausnartzeko.

Kontuak kontu, Alfonso Ungríaren figureak aukerea emoten deutso Zinebi-ri diktadura frankistearen kontrol-mekanismoek zinema-adierazpeneko askatasuna baldintzatu eben etapa batera bueltetako. El hombre oculto (1970), Tirarse al monte (1972) eta Gulliver (1976) filmen zuzendaria, Ungríak bere ibilbidearen zati bat zentsurearen murrizketei aurre eginez landu eban, bere lan batzuen erakustaldian eta zirkulazinoan eragin zuzena izan baitzeben.

68. Zinebi-ren inaugurazinoan saria barriro emotea lehiaketearen memoria historikoa autortzeko eta berreskuratzeko keinua da.

Ekitaldiagaz batera mahai-inguru bat egingo da zinemearen eta zentsurearen arteko hartu-emonak aztertzeko, bai eta artxiboak miatzearen eta testigantzak berreskuratzearen garrantzia aztertzeko be, aurreko belaunaldiek zinemagile-lanetan zer baldintzatan lan egin ebhen ulertzeko.

Programazinoan, Ungríaren Vida en los teleclubs dokumentala sartu da, Zinebi-k konserbautako ondare zinematografikoaren parte dana eta hirurogeiko hamarkadearen amaierako Espainiaren eraldaketa sozial eta kulturaletara hurbiltzeko aukerea emoten dauena.

Xiana do Teixeiroren Crías filma (2026)

Memoria personala eta denporearen joana protagonista dira Xiana do Teixeiroren "Crías" filman (2026), Essential Docs sailean dagoana Malagako Zinemaldian estreinau ondoren. Filmak nerabezaroko egunkari eta gomutak lantzen ditu, urteen ikuspegitik berreskuratuta eta behatuta. Esperientzia horreetatik ekinez, gogoeta berezia proponiduten dau nortasuna eregiteari, emozinoei eta nortzuk izan ginanari buruzko begiradea aldatzeko moduari buruz.

Zinema-proposamena zabaltzeko, Zinebi-k idazkera ez-produktiboari buruzko belaunaldien arteko topaketea atondu dau, filmari lotua eta Zinebiskopio-ren barruan, hori baita zinema alkarrizketeagaz eta konpartidutako esperientziakaz konektetan dauen espazioa. Jarduereak helburu praktikorik barik idaztearen, gomutak berreskuratzearen eta belaunaldi desbardinetako personen artean bizipenak konpartidutearen balioari buruz hausnartzeko eskatuko deusku. Holan, gazteen egunkariak eta idatzitako berbak memoria intimoa esploretako eta joanaren eta orainaren arteko loturak ezartzeko bide bihurtzen dira.

Beste alde batetik, memoria historikoaren berreskurapena Essential Docs-en (fikzinokoak ez diran zinema garaikideari eskainitako atala) sartutako film dokumental luzeetako batzuetan agiri da.

Izaskun Arandiaren "Irailak" (2026, 77 minutu) Donostiako Zinemaldian estreinau zan mundu mailan eta memoria historikoa eta joandako jazoerak eta lekukotzak berreskuratzeko beharrizana lantzen ditu. Filma korronte dokumental baten parte da, helburua jarauntsitako kontakizunak barrikustea eta orainaldian ondorioak izaten jarraitzen daben jazoerei buruzko beste ikuspegi batzuk edegitea da.

Beste alde batetik, Manuel Correaren "Atlas de la desaparición" (2026, 84 minutu) Kopenhageko CPH jaialdian estreinau zan mundu mailan eta frankismoan desagertutako personen bilaketa eta horreen gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifiketako prozesuak lantzen ditu. Filmak ikerketa eta irudikapen arkitektonikoko tresnak erabilten ditu Cuelgamuros haraneko desobiratzeetara eta erantzunak bilatzen jarraitzen daben familien istorioetara hurbiltzeko.

Proposamen biek erakusten dabe zinema dokumentalak lagundu leikela testigantzak gordeten, jazoera historikoak ikertzen eta gizarteak joandako denporakaz dituan hartu-emonei buruzko galderak planteetan.

Zinebi Gordailua, Argtentinako erbesteko zinemea berreskuratzea

Zinemaren memoriak leku nagusia hartzen du ZINEBI gordailuan, Elías Querejeta Zine Eskolarekin eta Euskal Filmategiarekin garatutako proiektua, film-ondarea ikertzeko eta berreskuratzeko.

Aurten, ekimena Cine Sur taldean zentratzen da. Talde hori 1976ko estatu-kolpearen ondoren erbesteratutako sortzaile argentinarren taldea da eta Mexikon aurkitu zuen espazio bat bere jarduera zinematografikoarekin jarraitzeko eta animazioa adierazpen artistiko eta pedagogia politikorako tresna gisa erabiltzeko.

Saioan "La persecución de Pancho Villa" (1978), "El compa Clodomiro y el capitalismo" (1981) eta "El compa Clodomiro y la explotación" (1981) filmak berreskuratuko dira. Film horiek Bilbon aurkeztu ziren eta hamarkada batzuk geroago itzuli dira, 2025ean eta 2026an garatutako ikerketa baten emaitzekin batera.

Kolektiboko kideak Argentinan, Mexikon, Frantzian eta Dominikar Errepublikan elkarrizketatu dira eta haiei esker berreraiki ahal izan dira bai lanen obren ekoizpen-baldintzak, bai lanak egin zituztenen esperientziak.

Film horiek berreskuratzeak Jaialdiaren beraren historiari eta jatorrizko herrialdeetan zirkulatzeko zailtasunak izan zituzten zinematografiak erakusteko espazio gisa duen zereginari buruzko memoria-ariketa ere badakar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu