Zinebi-k domekan aurkeztuko dau 'La Maleta De Alex'
2026-11-20 07:42 ZinemeaZinema-aretoetan estreinau aurretik.

Alejandro Cortés Calahorraren dokumentalak Dodó Angulo laguntzen dau bere aita Álex Anguloren memoria personala eta artistikoa berreregiteko egiten dauen bidaian.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak zemendiaren 22an aurkeztuko dau filma. Lana Alejandro Cortés Calahorrak zuzendu dau eta Larrua Creaciones etxeak produzidu. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean erakutsi ondoren, dokumentala Bertoko Begiradak programearen barruan aurkeztuko da, eta datorren barikuan, zemendiaren 27an, helduko da zinema-aretoetara.
La Maleta De Alex, 92 minutuko dokumentalak artxiboko irudiak, alkarrizketak eta izaera onirikoko eszenak buztartzen ditu. Dodók Bilbon eta Madrilen egiten dauen ibilbideak bere ama den Mayda Zabala jantzari eta koreografoaren gomutak batzen ditu, baita Álex Anguloren lagun eta lankideenak be; tartean, Álex de la Iglesia, José Coronado, Ramón Barea, María Pujalte, Pepe Viyuela, Imanol Uribe eta Luisa Gavasa izango dira eta euren lekukotzei esker, antzerkian, zineman eta telebistan egindako ibilbidea berreregiten da, alabeak bere historiaren zati bat berreskuratzen dauen bitartean.
Filmaren produkzinoa Juantxu Álvarezek eta Raúl Cancelok, Larrua Creacioneseko kideek, egin dabe. Argazkilaritzearen ardurea Vanessa Alamirena izan da; muntaketea, barriz, Laura Montesinosek eta Josua Martínezek egin dabe; musikea, barriz, Nerea Alberdik sortu dau. Filmak EITBren eta BBK Fundazinoaren parte-hartzea izan dau eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntzea jaso dau. Proiektuak Zinebi Networking ekimenean ekin eutson ibilbideari eta ondoren MERCADOC.0 programan hautatua izan zan, MAFIZen barruan, hain zuzen be, Málagako Zinemaldiko industria-arloan.
Filma 20:00etan ikusi ahal izango da BBK Aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
