Iratxe Fresnedaren 'Bide Guztiak' Zinebi 2026ko Work in Progress ekimenerako hautatu dabe
2026-11-24 09:19 ZinemeaPimpi & Nella Filmsek eta Marmoka Filmsek produzidutako dokumentala.

Bilboko Zinema Dokumentalaren IX. Foro Profesionalean amaitze-faseko lau proiektu hautatuetako bat da. 2025eko EAVE Producers Workshop programan parte hartu ondoren, filmak bere ibilbide profesionalagaz jarraituko dau Zinebi-n. Bertan, Fresneda Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketako epaimahaikide be izango da.
Iratxe Fresneda zinemagilearen film barria, Bide Guztiak, Zinebi Networking 2026ko Work in Progress ekimenerako hautatu dabe. Zemendiaren 23tik 26ra egingo da ekimena, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 68. edizinoaren barruan.
Film luzea amaitze-fasean dagozan lau dokumental-proiektu hautatuetako bat da, Bilboko Zinema Dokumentalaren IX. Foro Profesionalean parte hartzeko. Topaketa horren helburua zinema-proiektuak bultzatzea eta ikus-entzunezko industriako profesionalakaz nahiz nazinoarteko zirkuituakaz hartu-emonak sustatzea da.
Zinebi-n parte hartzea beste pausu bat da Bide Guztiak filmaren ibilbidean. Proiektua EAVE Producers Workshop 2025 programarako hautatu eben, ikus-entzunezko proiektuak lantzeko eta profesionalak trenatzeko nazinoarteko programetako baterako. Bertan, Iratxe Fresnedak eta Marmoka Filmseko Gentzane Martínez de Osaba produktoreak parte hartu eben.
Iratxe Fresneda, zinemearen eta ikus-entzunezko ikerketearen arteko ibilbidea
Zinema-zuzendaria, produktorea, gidoilaria, dokumentalgilea eta zinema-kritikaria da. Hamarkada batez Euskal Irrati Telebistan lan egin ondoren, zinema independentera egin eban salto, eta bertan ikus-entzunezko ikerketea eta sorkuntza artistikoa buztartzen ditu. Haren filmek, sarritan bidaia-egunkari lez planteauta, memoria personala eta kolektiboa nahiz zinemearen beraren historia aztertzen ditue. Espainiako Zinema Akademiako kidea da eta haren lanak nazinoarteko jaialdi eta filmoteketan aurkeztu dira. Fresnedaren ibilbidean Erregistroaren Trilogia (Trilogía del registro) nabarmentzen da, Irrintziaren oihartzunak (2016), Lurralde hotzak (2018) eta Tetuán (2022). Trilogia horrek atzerabegirako erakustaldia izan eban Berlingo Arsenal zineman, Mirentxu Loyarteren lanakaz batera.
Bizkaitarraren Errotatiba (2024) film laburra 2027ko Goya sarietarako aurre hautatu dabe, Dokumental Film Laburi Onenaren kategorian izentapena lortzeko hautagai diran 15 lanen artean. Zinebi-ren edizino honetan, Fresnedak parte-hartze bikotxa dau: Bide Guztiak Work in Progress ekimenean aurkeztu dau eta Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketako epaimahaikidea da.
Bide Guztiak
AIEren produkzinoa da. Alkarte horrek Pimpi & Nella Films eta Marmoka Films produktorak batzen ditu. Biek ibilbide luzekoak dira ikus-entzunezkoen sektorean eta 2020tik alkarlanean dabiz dokumental, fikzino eta sorkuntza esperimentaleko proiektuetan.
Filmak Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Azkue Fundazinoaren, EITBren, BBKren eta Gogoraren (Memoriaren, Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Institutua) babesa dau. Proiektuak EAVE Producers Workshop nazinoarteko programan be parte hartu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
