18 herrialdetako 49 pelikula BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 19. edizinoan

Bizkaie! 2026-11-17 10:29   Zinemea

231 pelikulek emon dabe izena Mendi Filmen parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz.

Abenduaren 4tik 13ra egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiaren 19. edizinoa. Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko zinemagintzearen nazinoarteko ardatza izango da Bilbo.

Azken bi urte biotan ezarritako langea (226) gainditu eta marka barria ezarri da, beraz. Sail Ofizialean 43 pelikula lehiatuko dira eta lehiaz kanpoko aurkezpen berezientzat gordetako Zabalandi sailean, barriz, 6 programau dira.

Mendi Filmen mundu osoko pelikulak erakusten dira, Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako produkzinoak dagoz. Mendi Film nazinoarteko jaialdi erreferentea dala berretsi da, mendi zinemagintzearen industriako motor eragile sendoa izateaz batera.

Espainia da ordezkaritza gehien dauena, 14gaz. Produkzino frantsesak 10 dira, eta Ameriketako Estadu Batuetako eta Kanadako 6na produkzino dagoz. Norvegia izango da jaialdiko herrialde konbidadua aurten, eta jatorri horretako 4 pelikula programau dira. Beste 14 herrialde gehiago agiri dira jatorrien zerrendan: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Bulgaria, Erresuma Batua, Hego Korea, Japonia, Kenia, Japonia, Mexiko, Pakistan, Suedia eta Suitza.

Euskal Herriko 6 pelikula aurkeztuko dira aurten, Sail Ofizialean bost:

Aner Etxebarriaren Abata, Etxalarko usategietan kokatua.

Oihane Ruizen Berdea, Euskadin egurraren zikloaz hausnartzen dauena.

Aitor Intxaurragaren Denboraren ibilaldia, Gorbeiako 1.000 metrotik gorako 50 gailurretan barrena.

Joxe Ramon Agirre Marron-en K2-Lurretik hegan, Mattin Iñiguez eta bien parapente balentriak eta bizipenak Karakorumen.

Mikel Urrizaren Zegama Zegama da, mendi lasterketa ospetsuaren 25. urteurrenaren arrastoan eginikoa.

Azken 4 pelikula honeek Mendi Filmen estreinauko dira.

Zabalandi sailerako gorde den harribitxia Jannu 1981 da, EMMOA-Euskal Mendizaletasunaren Museoak berreskuratu eta Euskal Filmategiak digitalizautako pelikulea, mendizale nafarrek Jannu menditzarrean egindako 1981eko espedizinoa gogora dakarrena, Himalaiako euskal balentrietan historiako nabarmenenetakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu