'Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica' eta 'Gatibu, agur esan barik' filmak aurkeztuko ditue

Bizkaie! 2026-11-23 12:42   Zinemea

Gaur, hilak 23, Jabi Elortegirena Arriaga Antzokian eta Maite Ibañezen BBK Aretoan.

New Servicing Media Euskadik produzidutakoa, dokumentalak Pedro Arrupe jesuita bilbotarraren esperientzia berreregiten dau, 1945eko abuztuaren 6an Hiroshimako bonbardaketatik bizirik urten eta nobiziadua zaurituak artatzeko behin-behineko ospitale bihurtu ebana. Filmak haren bizitzeari buruzko ikerketa bat jarraitzen dau eta Euskadin, Erroman eta Japonian zehar egindako ibilbidean bizirik urten ebenen testigantzak berreskuratzen ditu. Haren memoriak mehatxu nuklearrari, giza duintasunari eta bakearen aurreko konpromisoari buruzko hausnarketea zabaltzen dau.

Bertan izango dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, Kontxi Claver Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotzia, Maite Ibañez dokumentalaren zuzendaria eta gidoilaria, Leyre Arrieta, dokumentala egituratzen dauen ikerketearen narratzailea eta gidaria, Unai Rementeria BBK Fundazinoaren presidentea, Enric Puiggròs Jesusen Lagundiako probintziala eta Arruperen biografoa, Joseba Lopezortega Zinebi-ko zuzendaria eta proiektuko nahiz gizarte eta kultur arloko beste hainbat ordezkari.

Beste alde batetik, Gatibu, agur esan barik / Gatibu, sin decir adiós, Jabi Elortegirena be gaur aurkeztuko dabe. Goizean prentsarako proiekzinoa izan da 10:30ean, Golem Bilbao zinema-aretoetan eta eguerdian, barriz, Arriaga Antzokian izan da hitzordua.

Donostiako Zinemaldian nazinoarteko estreinaldiaren ondoren, Pausoka Entertainment etxeak produziduta, 25 urteko ibilbidea, hamaika disko eta 800 kontzertu baino gehiago eskani zituan Gatibu talde gernikarraren gorabeherak filmau ditu Jabi Elortegik. Bertoko Begiradak sailean erakutsiko dabe zemendiaren 24an, zinema-aretoetan 27tik aurrera ikusi ahal izango dalarik. 

Prentsaurrekoan izango dira Zinebi-ko zuzendaria, Joseba Lopezortega; Jabi Elortegi zuzendaria; eta Alex Sardui, Gatibuko abeslaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu