'Aloka(H)iru' telesaila zemendian helduko da Primeran plataformara.
2026-11-10 11:10 ZinemeaAloka(H)iru lau ataleko komedia da, bakotxa 24 minutukoa.
Nitya Lópezek eta Alba Lozanok zuzendutako eta Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz protagonista dituan telesaila Platanobolígrafo eta La Córnea Digital etxeek produzidutakoa, EITBren parte-hartzeagaz, zemendian helduko da Primeran plataformara.
Nitya López ibarrangeluarrak eta Alba Lozano Barakaldokoak sortu eta zuzendutako Aloka(H)iru telesailak mundu mailako estreinaldia izan dau Bartzelonako Serielizados Telesailen Jaialdiaren 13. edizinoan, izan be, bertan, lehen atal biak proiektau zituen euskerazko jatorrizko bersinoan, gaztelaniazko azpitituluakaz.
Kontuak kontu, aurkezpenean izango dira Nitya López Saitua sortzaile eta zuzendarikidea, Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz aktoreak, Igor García eta Iñigo Portillo produktoreak. Eñaut Zuazo gidoilariak gidatuko dau aurkezpena.
Aloka(H)iru lau ataleko komedia da, bakotxa 24 minutukoa. Umore absurdoa eta ausardia erabiliz, gaur egungo gazteen arazo nagusietako bati heltzen deutso: etxebizitzea eskuratzeko zailtasunari. Telesailaren protagonistak Lorea Intxausti (Muertos S.L., Go!azen, Vaya Semanita), Izaro Nieto (Irrits, Utländsk, Azken Agurra) eta Nerea Sanz (Singular, Jone, batzuetan, Argi Gorriak) dira. Hiru lagun unibersitario gorpuzten ditue, eta etxetik bota ez deiezan, edozer egiteko prest dagoz.
Bilboko Alde Zaharrean kokatuta, fikzinoak zentzunik bako egoerak, kritika soziala eta adiskidetasun-hartu-emonei buruzko begirada hurbila buztartzen ditu. Garazi, Nerea eta Maider protagonistak unibersidadea amaitzear dagoz ezusteko albiste bat jasoten dabenen: etxejaubea hil egin da, eta etxebizitzea oinordetzan jaso duaen semeak pisua turismo-ostatu bihurtu nahi dau.
Eszenaratze dinamikoaren, alkarrizketa zorrotzen eta gero eta egoera absurdoagoei aurre egin behar deutsen personaien bidez, telesailak protagonisten gatazketatik sortzen dan komediaren alde egiten dau. Hola, konpartidutako pisua beste pertsonaia bat bihurtzen da: alkarbizitzarako, erresistentziarako eta babes emozionalerako gunea, etorkizun ziurbako baten aurrean.
Telesailaren sortzaileen eretxiz, -Aloka(h)iru- zuzenean hunkitzen gaituan komedia da, egunero bizi dogun errealidadetik abiatzen dalako. Etxebizitzearen krisiari umorearen bidez berba egiteko beharretik sortu da telesaila, egoerearen zentzunbakokeriari aurre egiteko modu bakarra baita. Lehen transizino-etapa bat zana —ikasle garaian pisua konpartidutea— baldintza iraunkor bihurtu da askorentzat, eta testuinguru horretan sortu da gure istorioa. Konpartidutako pisuetako adiskidetasuna bakarra da. Lau horma horreen barruan sortzen diran hartu-emonak bakarrak dira eta alkarbizitzea amaitzen danean, eraldatu egiten da. Istorio hau kontau nahi genduan gertutik ikutzen gaituelako, geuk be pisu horreetan bizi izan garelako, ziurbakotasunezko gau horreek eta, dana gainbehera doala dirudien arren, lagunak ondoan izan ezkero apur bat gehiago eutsi zeinkiolako sentiduten dozun momentu horreek bizi izan ditugulako.
Telesaila zemendian estreinauko da EITBren Primeran plataforman.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
