Badator Thinking Football Film Festival 2026
2026-10-21 08:00 ZinemeaXIV. Athletic Club Fundazinoaren Nazinoarteko Zinema Jaialdia zemendiaren 9an hasiko da.

Futbolagaz eta haren inguruko giza istorioakaz lotutako nazinoarteko zinema onenagaz hitzordua izango da
beste urte batez. Zemendiaren 9tik 13ra, bost egunetan, BBK Aretoak hainbat herrialdetatik datozen bederatzi film luze eta film labur baten proiekzinoak hartuko ditu. Jaialdiko gai esanguratsuenetako batzuk landuko ditue filmek: memoria, nortasuna, inklusinoa, erresilientzia, komunidadea eta kirolak eraldatzeko dauen ahalmen ikaragarria.
Aste osoan zehar, futbolaren ikuspegi askotarikoak erakusten dituen aparteko istorioak batuko ditu barriro jaialdiak. Kirol honetako izen handietatik hasi eta futbolean berreregiteko, euren burua aldarrikatzeko edo munduan euren lekua topetako tresnea topau daben persona eta komunidadeetaraino.
Jaialdiaren XIV. edizinoaren aurkezpenean honako honeek izan dira: Johana Ruiz-Olabuenaga, Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendaria; Galder Reguera, Athletic Club Fundazinoko estrategia-zuzendaria; eta Koldo Bilbao, BBK-ko Kultur koordinatzailea.
Egitaraua
- Astelehenean, zemendiaren 9an: Kenny Dalglish (19:00), Thinking jaialdiaren hamalaugarren edizinoa inaugurauko dauena, Asif Kapadia Oscar saridunak zuzendutako dokumental luzea. Kapadia gaur egungo dokumentalgintzako zinemagile ospetsuenetako bat da, Amy, Enna eta Diego Maradona jaialdian hori be ikusi ahal izango da.
Filmak britainiar futbolaren kondaira handienetako baten erretratu intimo eta hunkigarria eskaintzen dau. Glasgown egindako lehen pausuetatik eta uri oso bateko ikur bihurtu arteko ibilbidea berreregiten dau. Kirolaz harago, lidergoari, komunidadeari, erresilientziari eta ondareari buruzko gogoetea egiten dau.
Asif Kapadia zuzendaria eta Liverpooleko legendeak, Bruce Grobbelaar eta Sammy Lee, izango dira BBK Salako proiekzinoan.
- Martitzenean, zemendiaren 10ean: The Club That George Built (11:00), Diego Maradona (17:30) eta The Last Guest of the Holloway Motel (19:00). Jardunaldiari hasierea emoteko, 2025eko Ikusleen Saria jaso eban The Club That George Built filmaren proiekzino berezia eskainiko jake hezkuntza-zentroei. George Dowellen istorio inspiratzailea kontetan dau eta istripu batek haren bizitzea betiko aldatu ondoren umezaroko kluba, Worthing FC, zelan aldatu eban azaltzen dau.
17:30ean, Diego Maradona filmaren txandea izango da, Asif Kapadiaren lanik ezagunenetako bat. Argitaratu bako ehunka orduko irudi-materialean oinarrituta, dokumentalak Diego Armando Maradonaren bizitza bikain eta gorabeheratsua aztertzen dau, sasoi guztietako futbolaririk eraginkorrenetako baten ibilbidea erakutsiz.
Eguneko egitaraua The Last Guest of the Holloway Motel filmagaz amaituko da, nortasunari, sekretuei eta adiskidetzeari buruzko istorio hunkigarria, Tony Powellen arrastoari jarraitzen deutsona. Norwich Cityko garai bateko promesea izan zan Powell baina hamarkadetan desagertuta egon zan futbolaren mundutik.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen. Sartzea doban da baina aldez aurretik erreserba digitala egin behar da hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
