Euskal zinemeak protagonismo handia izango dau Donostiako Zinemaldian

Bizkaie! 2019-09-19 13:17   Zinemea

Aurten estreinautako euskal filmak, nahiz prozesuan dagozanak, nazinoartean ezagutzera emongo dira.

Donostiako Zinemaldiko sail ofizialetan aurkeztuko diran 21 pelikulez gan, euskal ikus-entzunezkoaren enpresa ugari batzen dituan Basque Audiovisual markeak zinema proiektuen katalogoa eskainiko dau. Era berean, euskal zinemagileei zuzendutako hainbat jarduera izango dira zinema jaialdiaren barruan, izan be, Sail ofizialetan lehiatuko dira, besteak beste, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien La trinchera infinita. Loreak eta Handia filmen autoreek Urrezko Maskorra jasoteko aukerea izango dabe aurten be, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreakaz filmautako Espainiako Gerra Zibilean oinarritutako pelikuleagaz. Zuzendari Barriak sailean, ostera, Maider Fernandezek Ikusmira barriak egoitza-programan gauzatutako Las letras de Jordi aurkeztuko dau.

Bestalde, Kimuak programako film labur bi lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera atalean: Chema Garcia Ibarra eta Ion Sosaren Leyenda dorada eta Izibeñe Oñederrak zuzendutako Lursaguak / Escenas de vida. Sail berean ikusi ahal izango da Urpean Lurra, Maddi Barberen film ertaina, eta Culinary Zinema atalean, euskal gastronomiari buruzko hiru dokumental eskainiko dira. Gainera, ezin dogu ahaztu Kowalski Films euskal ekoiztetxeak koproduzidu dauela Canneseko zinema jaialditik pasau ondoren Perlak sailean egongo dan Oliver Laxe galiziar zinemagilearen O que arde pelikulea. Horrezaz gan, Aupa Etxebeste! filmaren ondorengoa, Agur Etxebeste, Euskal Zinemalaren Galan ikusiko da eta Miguel Angel Jimenezek zuzendutako Una ventana al mar, EITB-ko galan. Amaitzeko, produkzino fasean dagoan Txintxua Films etxeko Karmele proiektua Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan aurkeztuko da, eta Zinemira sailak euskal zinemagintzearen aberastasuna islatuko dau hamar pelikula eskainiz.

Aurten estreinautako euskal filmak, nahiz prozesuan dagozanak, nazinoartean ezagutzera emongo dira Basque Audiovisual katalogoaren bitartez. Bertan, 70 proiektu zinematografiko batuko dira, batzuk produkzino-fasean eta beste batzuk 2019an amaitu eta/edo estreinauko diranak. Guztira, argitalpen horretan 50 euskal produkzino etxek egindako lanak jasoko dira: Abraprod, Amania films, Area audiovisual, Arena Comunicación, Baleuko, Basque Culinary Center, Basque films, Brisney, Dibulitoon, Doxa, Dynamite films, Emana films, El buen sitio, Fascina, Fase 3, Fragil zinema, Gariza films, Gastibeltza filmak, Hiruru filmak, Hiruki films, Ikusgarri films, Irusoin, Izar films, Kinoskopik, Komiki films, La escena del jardín, Lago & Laporta, Lamia, Leize, Limbus filmak, Lotura films, Lumiere, Maluta films, Media attack, Nadie es perfecto, Olde-Andoni Murua Maiza, On, Pimpi & Nella films, Prima luce, Salto de eje, Sendeja films, Setenta invisibles, Sincro, Sonora estudios, Sr & Sra, Taui media, Trepamuiros, Txintxua films, Zazpi t’erdi eta Zinema varietes. Zineuskadiren, Etxepare Institutuaren eta Eiken Klusterraren lankidetzeari esker euskal zinemea nazinoartean ezagutzera emoteko sortu dan marka honek www.basqueaudiovisual.com webgunea martxan jarriko dau laster, Euskadiko koprodukzino markoaren inguruko informazinoa zabaltzeko.

Koprodukzinoen gaia jorratuko dabe Zinemaldian egingo diran zenbait jardueratan, horreen artean Glocal meets Scotland topaketak. Screen Scotland erakundeak irailaren 24an antolatutako hitzorduak gaelikoan lan egiten daben profesionalen eta Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan filmetan daben etxeen arteko alkarlana bultzatzea izango dau helburu, euskal zinemearen industriako enpresak tartean egongo diralarik.

Bestalde, euskal emakume zinemagileen pisua eta ikusgaitasuna indartzea helburu dauen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Zineuskadik bultzatutako NOKA Mentoring programea amaitzear da, urtean zehar gauzatutako mahai-inguruen eta prestakuntza saioen ostean. Parte-hartzaileak irailaren 25ean batuko dira bazkari informal batean. Bertan, Tamara Lucarini programako partaidearen El peso lana Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzino Foroan parte-hartzea ospatu ahal izango dabe.

Foro honetan ikusi ahalko dira beste lau euskal produkzino: Iban Ayestaren Amores trashumantes, Gerard Escuerrek zuzendutako Bromo: el agente Gernika, Diego Urruchiren El río de la vida eta Juan Gautierren Shooting for Mirza.

Azkenik, euskal zinemako profesionalak Zinemaldian daben protagonismoa eta sektoreak hartu dauen indarra ospatzeko batuko dira irailaren 24an Zineuskadik antolatu dauen koktelean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu