Esther Garciak barikuan, hilak 28, jasoko dau Ohorezko Mikeldi Saria
2025-11-26 13:42 ZinemeaEstaduko zinema garaikidearen funtsezko figurea izateagaitik.
Zinebik bariku honetan, zemendiak 28, emongo deutso amaierea 67. edizinoari, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Ekitaldian, Epaimahaiek adostutako sariak banatuko dira film laburrentzat, film luzeentzat eta proiektuentzat.
Gainera, Esther Garcia produktoreak Ohorezko Mikeldi saria jasoko dau, Espainiako zinema garaikidearen funtsezko figurea eta produkzino zinematografikoan erreferente eztabaidatuezina izateagaitik. Pedro Almodovarren kolaboratzailea da, baita El Deseo produkzino-etxetik sortzen dabizenen zinemagile askorena be. Lanean, zorroztasuna, sensibilidadea eta zineman lan egiteko bokazino handia buztartzen ditu. Esther Garcia talentuaren adibide da eta iraunkortasuna, bikaintasuna eta eskuzabaltasuna batzen ditu haren lanean.
Esther Garcia hedabideen aurrean agertu da Arriaga Antzokian. Era berean, Ohorezko Mikeldi saria emoteko ekitaldiaren aurretik, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Gonzalo Olabarria zinegotziarekin batera, harrerea egin deutso Esther Garciari Udaletxean. Topaketan, Estherren ibilbidea eta zinemagintzan egindako ekarpen nabarmena nabarmendu ditue. Garciak esker oneko berbak partekatu ditu sariagaitik eta Zinebi lako jaialdiek ikus-entzunezko sormenari emoten deutsen bultzadarengaitik.
Esther Garcia
Esther Garcíak (Cedillo de la Torre, Segovia, 1956) ehun produkzinotan baino gehiagotan lan egin dau. 1986an El Deseo produkzino-etxean hasi zan, urtebete lehenago Pedro eta Agustín Almodóvar anaiek sortutako enpresan. Aurretik idazkari, laguntzaile edo produkzino-buru lanetan ibili zan hainbat filmetan, esaterako: Pim, pam, pum… ¡Fuego! (Pedro Olea, 1975); Siete chicas peligrosas (Pedro Lazaga, 1979), Sé infiel y no mires con quién (Fernando Trueba, 1985), El año de las luces (Fernando Trueba, 1986) edo El juego más divertido (Emilio Martínez Lázaro, 1988). Hainbat telesailetan be ibili zan: Curro Jiménez edo Los pazos de Ulloa (Gonzalo Suárez).
Pedro Almodóvarregaz Matador (1986) filman lehen aldiz parte hartu ebanetik, barriz, oinarrizkoa izan da Mantxako zuzendariaren ondorengo proiektu guztietan (Almodóvarrek be Donostia saria jaso eban igazko edizinoan). Zuzendariaren eskutik ibili da hainbat filmetan; besteak beste, produkzino-etxeari izena emon eutson La ley del deseo (1987) filma; Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), atzerriko film onenaren Oscar Saria irabazteko lehiatu zana eta Todo sobre mi madre (1999), hain zuzen be, Oscar Saria eskuratu eban; Volver (2006); Los abrazos rotos (2009); edo, La piel que habito (2011).
El Deseo beti nabarmendu da garaiko zinemagile emergenteei aukerea emoteagaitik, esaterako: Álex de la Iglesia, Isabel Coixet, Daniel Calparsoro, Mónica Laguna, Dunia Ayaso, Félix Sabroso edo Belén Macíasi. Horrezaz gan, Iberoamerikako zinemagintzearen izen nagusien ibilbidea be sustatu dau, esaterako Guillermo del Toro, Lucrecia Martel, Damián Szifron, Pablo Trapero, Julia Solomonoff, Luis Ortega edo Andrés Wood.
Haren konpromiso feministeagaitik be nabarmendu da: CIMAko kidea da (Zinemagile emakumezkoen eta ikus-entzunezkoetakoen alkartea) eta El tren de la libertad (2014) dokumentala sustatu eban.
Estherrek sari ugari eta ospetsuak jaso ditu, bestea beste, Zinematografiako Sari Nazionala edo Donostia Saria (2025).
Zinebiren itxiera-galan Ohorezko Mikeldi Saria banatu eta gero, What The fuck Off osotzen daben lanak proiektauko dira: Sebastien Spererek aurkeztuko dau, sail horren arduradunak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
