Zinegoakek 2026ko Ohorezko Saria emongo deutso Bev Ditsie zinegileari

Bizkaie! 2026-05-26 11:59   Zinemea

LGBTIQ+ eskubideen aldeko burrukan oinarrizkoa dan ekintzaileari.

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak gaur jakinarazo du nork jasoko dauen DAMAk babestutako 一 ikus-entzunezko sortzaileen eskubideak kudeatzen dituan erakundea 一 edizino honetako Ohorezko Saria. Bev Ditsie zinegile eta Hegoafrikako LGBTIQ+ eskubideen aldeko burrukan oinarrizkoa dan ekintzaileak jasoko dau jaialdiko sari nagusia, bagilaren 22an, 19:30ean, Arriaga Antzokian egingo den 23. edizinoaren Inaugurazino Galan.

Jaialdiak, gainera, Bev Ditsieren filmografiari buruzko atzerabegirakoa programau dau, haren zinemagile ibilbidean oinarrizkoak diran film biak ezagutzeko. Bagilaren 21ean, domekan, 18:30ean Bilborocken, Simon and I dokumentala proiektauko da. Aurretik, Ditsiek bere ibilbideari buruzko alkarrizketa bat izango dau Irantzu Varela kazetariagaz. Azkenik, bagilaren 23an, martitzenean, 18:00etan, Golem zinema-aretoetan, Lesbians Free Everyone - The Beijing Retrospective filma proiektauko da.

Zinegoakek bagilaren 9an aurkeztuko dau 23. edizinoaren programazino osoa.

Bev Ditsie

Soweton hazi zan, Apartheid-ean Hegoafrikako gobernuak persona baltzak aldiri zurietatik urrun egoteko sortutako auzoan. Gazte-gaztetatik apartheidaren kontrako mobimentuetan parte hartu eban, betibere arrazeagaitiko askatzea ez zala nahikoa pensauta emakumeak eta queer personak diskriminatuak izaten jarraitzen baeben. Gizarte-burruka transbersalaren idea horrek, hau da, persona bat aldi berean indarkeria desbardinek zeharkatu ahal izateak, hasieratik taiutu dau bere pentsamendua.

1990ean Johannesburgon egindako Harrotasunaren aldeko lehen martxearen atontzaileetako bat izan zan. Bost urte aurrerago, NBEren aurrean LGBTIQ+ eskubideei buruz argi eta garbi berba egin eban lehen emakume lesbianea izan zan, Pekinen egindako Emakumeari buruzko Munduko Konferentzian. Ditsieren esku-hartzeak sexu-orientazinoa giza eskubideei buruzko eztabaida globalean kokatzen lagundu eban.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak azpimarratu dauenez, kulturea burrukarako beste modu bat da Ditsierentzat eta zinemea memoriarako eta erresistentziarako tresna. Zinemearen eta dokumentalaren bidez isildutako edo ikusezin bihurtutako istorioak kontau ditu eta, beraz, bere lana artxibo bizi lez ulertu daiteke, bizitza eta burruka horreek kontakizun ofizialetik desagertu ez daitezan.

2002an, Bev Ditsiek, Nicky Newmanegaz batera, Simon Nkoliri buruzko Simon and I dokumentala zuzendu eban, GLOWren sortzaileetako bat (Gay and Lesbian Organisation of the Witwatersrand) eta Hegoafrikako LGTBIQ+ eskubideen aldeko mobimenduaren aaurrendarietako bat. Filman, Ditsiek Nkoligaz dituan hartu-emonak zehazten dira, baita bere istorioa be. Bevek dino Nkolirengandik ikasi dauela errepresentazinoaren balioa: oraindino bide luzea dogu aurretik gure istorioak kontetako eta persona guztiak errepresentauta gagozala ziurtatzeko.

Zinemagile lanetan, memoriari, GIBari, aktibismoari eta queer persona bltzak irudikatzeari buruzko beste dokumental batzuk zuzendu ditu, besteak beste, Lesbians Free Everyone - The Beijing Retrospective nabarmentzen da. Bertan, alde batetik, aktibisismo lesbiko globala jorratzen dau eta bestetik, Pekinen egindako Emakumeari buruzko laugarren Mundu Konferentzia barrikusten dau. Bertan, Bevek LGBTIQ+ eskubideak aldarrikatu zituan NBEren aurrean.

Bev Ditsieren indarra eta garrantzia gorputza eta ahotsa emotea da, lehenik eta behin, queer persona lez dauen bizipenari eta, bigarrenik, askotan eztabaidearen erdian jarritako aktibista lez dauen esperientziari. LGBTIQ+ aktibismoaren barruan be, errepresentazino publikoa persona zurien eta Europako edo Ipar Amerikako diskursoen menpean egon da eta izaten jarraitzen dau. Ditsiek aurre egiten deutso irudi horri, Afrikako persona queerrak dagozala, beti egon dirala eta, beraz, queer dana ez dala soilik mendebaldeko munduari jagokon zeozer adierazoz.

Bev Ditsiek sari hau jasoteaz harro dagoala dino: egiten dogun lana gatxa da eta askotan konturatu barik pasetan da eta ez dau errekonozimendurik jasoten, beraz, beti da ederra holan errekonozidutea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu