Ricardo Darín da 74. Donostia Zinemaldia iragarriko dauen kartel ofizialean protagonista

Bizkaie! 2026-06-03 12:57   Zinemea

Aktore, produktore eta zuzendari argentinarra poster nagusiaren irudia da.

Ricardo Darín aktore, produktore eta zuzendaria –azken hamarkadetako Latinoamerikako eta munduko zinemaren izen ospetsuenetako bat– izango da Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoko kartelaren protagonista; 2026ko irailaren 18tik 26ra bitartean izango da aurtengo edizinoa. Antzezle argentinarrak presentzia handia izan dau azken 20 urteotan Zinemaldian, izan be, 2017an Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso eban: Donostia Saria.

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan kartelak aurkezteko ekitaldia egin dabe gaur eguerdian. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Belokik –Rebordinosen ondorengoak– aurkeztu dabe ekitaldia. Gaur egun zuzendariordeetako bat da Beloki, baina urtarrilean Zinemaldiaren zuzendariaren lanpostura aldatuko da.

Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem, Cate Blanchett eta Marisa Paredes protagonista izan dituen kartel ofizialen ondoren, Ricardo Darín argentinarra Zinemaldiari irudia emoten deutson zinematografia garaikidearen bederatzigarren irudia izango da aurtengoan. Igaz bezela, Wallijai estudio donostiarrak diseinau dau posterra, collage eran, Sebastián Arpesella argazkilari eta musikari argentinarrak 2024an egindako erretratu bat oinarri hartuta.

Wallijaik gainerako sailetarako kartelak be sortu ditu. Aurreko edizinoan gaia genero zinematografikoen ingurukoa zan; oraingoan, barriz, leitmotiva zinemako lanbideak izan dira. Holan, Darínen irudia dauen posterrak interpretazinoa gogorarazoten deusku eta gainerakoak ondokoakaz lotuta dagoz: gidoigintzea (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritzea (Zabaltegi-Tabakalera), muntaketea (Perlak), arte-zuzendaritzea (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta produkzinoa (Made in Spain).

Kartel horreei Klasikoak ekimeneko hirurak gaineratuko jakez laster. Klasikoak markeak hiru proposamen barrubatzen ditu 2024tik: atzerabegirako klasikoa, aurten José Giovanni zinemagile, eleberrigile eta gidoilari frantsesari eskainia; Zinemaldiko Klasikoak saila eta Euskadiko Filmategiaren zikloa, izen berekoa, urriaren eta abenduaren bitartean Bilbon, Donostian, Iruñean, Donibane Lohizunen eta Gasteizen egiten dana.

Darín, mende-erdiko ibilbidea eta ehun antzezlan

Ricardo Darín (Buenos Aires, 1957), Zinemaldiaren 74. edizinoko kartel ofizialaren irudia, zein Latinoamerikako zein munduko zinematografiaren irudi ospetsu eta ezagunenetako bat da. Mende-erdiko ibilbidean zehar ehun antzezlan inguru egin izan ditu Darínek, eta horreei esker, 40 sari baino gehiago irabazi ditu; egile-zinemearen eta publiko zabalari zuzenduriko zinemaren inguruko lanak tartekatu ditu aktore argentinarrak, besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre zuzendarien aginduetara egin dau lan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu