Zabalik 49. Euskal Zine Bilera Lehiaketan izena emoteko epea
2026-05-18 07:30 ZinemeaLanak aurkezteko epea garagarrilaren 30ean amaituko da.
Euskerea eta zinemea batzen dituan Lekeitioko Jaialdiak 49. edizinoa izango dau aurten urrian. Euskera hutsez egiten dan zine jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera.
Jaialdiak zinegile eta istorioak kontau nahi deuskuezan sortzaile euskaldunetara heltzea dau helburu, holan, euskal ikus-entzunezkoei espazioa eta bultzadea emonez. Sail Ofizialeko Lehiaketan sari asko izango dira, ohikoak diran zuzendaritza, gidoi, film onena eta ikusleen sariez gan, Benito Ansola saria gazte epaimahaiak emongo dau eta aurten gehitutako edadekoen epamahaiak emondako saria be izango da.
Horrek danak ikusi eta jaialdiaren gainontzeko ataletaz gozetako aukera izango dogu urrian Lekeitioko Ikusgarri zinema-aretoan.
Euskal Zine Bilera euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleiho berezia da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai ugari batzen dituen neurrian. Epaimahiak emondako sariez gan, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuaketen bidez erabagiko baitabe ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Sari horreek ondokoak izango dira:
- Film onenaren saria – 3.000 €
- Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
- Gidoi onenaren saria – 1.600 €
- Ikusleen saria – 750 €
- Edadeko epaimahaiaren saria - 1.000€
- Benito Ansola · Gazte epaimahaiaren saria – 500€
Lanak aurkezteko epea garagarrilaren 30era egondo da zabalik.
Oinarriak eskuragarri dagoz hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
