Aitor Gametxo Zabala zinegile lekeitiarraren filmak Urrezko Antzarra eta beste sari bi eskuratu ditu

Bizkaie! 2026-10-19 07:58   Zinemea

Euskal Zinemaren Begirada saria, barriz, Jose Ramon Soroiz aktoreari eskaini deutso jaialdiak.

Euskal zinemagintzaren talentuak, istorioek eta begiradek hartu dabe protagonismoa zapatuan Lekeition, 49. Euskal Zine Bileraren sari-banaketa ekitaldian. Sail Ofizialeko Lehiaketan parte hartu daben hogei film laburren artean, Aitor Gametxo Zabala zinegile lekeitiarraren Geratzen den hori izan da irabazle nagusia: film onenaren Urrezko Antzarra eskuratzeaz gan, Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren eta EITB Ikuslearen sariak be irabazi ditu.

Urriaren 15etik 17ra Ikusgarri zinema-aretoan ikusgai izandako lanek askotariko gaiak, kontakizunak eta ikuspegi zinematografikoak ekarri ditue pantailara. Deialdi edegian aurkeztutako lanen artetik hogei heldu dira Sail Ofizialeko Lehiaketara eta horreen artean erabagi ditue aurtengo sariak epaimahai ofizialak, esperientziadunen epaimahaiak, gazte epaimahaiak eta ikusleek.

Urrezko eta Zidarrezko Antzarra: film laburren kalidadea saritu dabe. Sari bat irabaztea ez da lan erraza, are gitxiago euskal film laburren onenak lehian dagozanean. Deialdi edegian aurkeztutako lan guztien artean, hogei film baino ez ziran heldu Sail Ofizialeko Lehiaketara, eta sei sari egozan jokoan.

Alde batetik, Film Onenaren, Zuzendaritza Onenaren eta Gidoi Onenaren sariak banatu dira. Irabazleak aukeratzeko ardurea Irati Gorostidi Agirretxe, Aimar Arriola eta Edurne Azkaratek osotutako epaimahaiak izan dau. Euskal zinemagintzan eta, oro har, kulturearen arloan eskarmentu eta ezagutza handia daben hiru kidek osotu dabe epaimahaia. Lehiaketearen maila ikusita, erronka handia izan da saridunak hautatzea.

Beste alde batetik, barrikuntzea izan da esperientziadun epaimahaiak Cikautxo saria emotea, eta gazte epaimahaiak, barriz, Benito Ansola saria. Azkenik, ikusleen eretxia be oinarrizkoa izan da: astean zehar emondako botoen bidez erabagi da EITB Ikuslearen saria.

Film onenaren saria

Aitor Gametxo Zabala zinegile lekeitiarraren Geratzen den hori lanarentzat izan da. Epaileek adierazo dabenez: balioan jarten dogu filmak doluaren esperientzia unibersala istorio personal eta kokatu batetik lantzeko dauen gaitasuna, gaixotasuna baiozen prozesu mingarrian edertasuna bilatuz. Muntaian eta objektuen lanketan agertzen dan sentikortasuna nabarmendu nahi dogu, topiko bisualetatik eta ohiko narrazino-lekuetatik urrunduz. Filmaren indar bisual eta poetikoak hunkitu egin gaitu, eta pelikuleagaz dolua lantzeko erritu batean egileak bidelagun egin gaituala sentidu dogu... Beraz, berarentzat 49. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria

Elene Mengyu Larrinaga Bilbaoren Hogeita bat filmarentzat izan da. Epaileek hurrengo azpimarratu dabe: zuzendariaren begiradea eta ausardia nabarmendu nahi ditugu, euskal gizartean be presente dagoan arrazakeria lako preminazko gaia modu zuzenean eta bere esperientzia personaletik abiatuta pantailara eroan dauelako. Baliabide apalakaz, erabagi formal argiak eta indartsuak hartu ditu, eta gaur egungo errealidadeari aurrez aurre begiratzen deutson lana egin dau. Horrezaz gan, etorkizunean bere ibilbidea garatzeko ikusten deutsagun potentziala azpimarratu nahi geunke. Berarentzat 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria

Aitor Arruti eta Izaro Arrutiren Mintzo zen filmak eroan dau. Epaileen esanetan: personaje konplexu bat protagonista dauen narrazinoari eusteko gidoiaren gaitasuna saritu dogu. Personaje horregaz identifikatzea gatxa izan arren, interesgarriak baizen deserosoak diran galderak egitera eroan gaitu. Era berean, euskerearen errealidade korapilatsua islatzen dau, eta errealidade horrek sortu leikezan gatazkak eta egoera kontraesankor edo delikatuak erakusten ditu. Hareentzat 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Esperientziaren Cikautxo saria

Aitor Arruti eta Izaro Arrutiren Mintzo zen filmarentzat izan da. Esperientziadunen epaimahaiak azaldu dauenez: Lekeitio izan daitekeen herri bateko kontakizuna ekarteagatik, burrukarako indarra eta esperantzea transmitiduteko gaitasunagaitik; eta gainera, bat egiten dauelako 45 urtetik gorako herritarren kontzientzia astintzeko herriko Y TU DE KE VAS? kanpaineagaz. Sari honen irabazleek Zidarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso dabe.

Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren saria

Aitor Gametxo Zabalaren Geratzen de hori filmarentzat izan da. Epaile gazteek nabarmendu dabenez: filmak irudia lantzeko eta esperimentetako duen ausardia azpimarrattzen dogu baina batez be, dolua modu intimoan konpartiduteko eta ikuslea benetan hunkitzeko dauen gaitasuna balorau dogu. Sari honen irabazleek Zidarrezko Antzarra eta 500 euroko saria jaso dabe.

EITB ikuslearen saria

Ikusleek astean zehar emondako botoen bidez irabazlea zein izan dan jakin dogu. Ikusleek euren botoakaz erabagi dabe irabazlea Aitor Gametxo Zabalaren Geratzen den hori izatea, batez beste 5etik 4,39 puntu lortuz. Beraz, berarentzat Zidarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Epaimahaiaren aitamen berezia

Julen Duhau Larrañagaren Eguneroko legez lanarentzat izan da. Saririk jaso ez badau be epaimahaiak aitamen berezia egin deutso. Euren esanetan, Aitamen berezia emon deutsagu aktoreen zuzendaritzan egindako lanagaitik eta egunerokotasunetik abiatuta bizitzearen bilakaereari buruzko gai sakonak lantzeko dauen gaitasunagaitik. Gainera, istorioak film luze batean lantzeko dauen potentziala nabarmentzen dogu.

Euskal Zinemaren Begirada: Jose Ramon Soroiz

Euskal Zine Bilerak Euskal Zinemearen Begirada saria Jose Ramon Soroiz aktoreari eskaini deutso aurten, euskal zinemeari eta telebistari egindako ekarpen zabalaren autortza moduan.

1970eko hamarkadearen amaieran ekin eutson Soroizek bere ibilbideari eta ordutik antzerkia, zinema eta telebistea buztartu ditu. ETBren lehen urteetatik euskerazko fikzinoaren arpegi ezaguna izan da, Bi eta bat, Goenkale, Martin eta Maité telesailetan egindako lanari esker. Zineman be ibilbide oparoa ehin dau, besteak beste, Tasio, Vacas, Loreak, Amama eta Cinco lobitos filmeetan parte hartuta. Azken urteotan, Maspalomas filmeko Vicente personajearen interpretazinoak sona berezia emon deutso eta hainbat sari jaso ditu lan horri esker, tartean 2025eko Donostiako Zinemaldiko Zidarrezko Maskorra.

Euskal Zine Bilerak urtero jarten dau arretea euskal ikus-entzunezkoen arloan ekarpen berezia egin dauen persona edo eragile batengan. Aurtengo autortzearen bidez, Soroizek urte honeetann guztietan egindako lana eta euskal kultureari egindako ekarpena nabarmendu nahi ditu.

Euskal Zine Bilera, alkarlanari esker

Euskal Zine Bileraren 49. edizinoa aurrera eroateko, ezinbestekoa izan da erakunde, enpresa eta kultur eragileen laguntzea. Lekeitioko Udalak atondutako jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen, EITBren, Hazi Fundazinoaren, Erabilen, Cikautxoren, Traola Produkzinoaken, Zine-Laben, Hitzaren, Arropaineko Arraguaren, Euskadiko Filmategiaren, Zinegin Festibalaren, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren, Artium Museoaren eta Canicheren babesa izan dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu