Bilboko Udal Hilerria ikus-entzunezko istorio eta narratiben agertoki bihurtuko da udagoienean
2026-06-05 08:08 ZinemeaZabalik dago epea III. Film Laburren Lehiaketan izena emoteko.
Bilbao Zerbitzuak erakundeak hilerriko urteko kultura-programearen barruan atondutako Film Laburren III. Lehiaketeagaz bat egin dau, irailaren 18tik 20ra egingo da eta bertan parte hartu nahi dabenek Bilbao Zerbitzuak webgunean emon leikie izena. Lehiaketaren oinarriak be han topauko ditue.
Azken edizinoetan sortutako interesaren ondoren, lehiaketeari ekingo deutse, espazio berezi horren ahalmen zinematografikoa eta kultura, ondare eta arte-aberastasuna balioesten jarraitzeko. Gauzak holan dirala, hiru egunetan, talde parte-hartzaileek aukerea izango dabe espazio hori beste ikuspegi batetik ezagutzeko, hilerriko istorioagaz, sinboloakaz eta memoriagaz lotutako ikus-entzunezko piezak erabiliz. Izan be, hilerria edo kanposantua uriaren isla eta memoriaz betetako espazioa da, sormenerako aukera ugari eskaintzen dituana, zehaztu dau Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak. Esangura horretan, gogorarazo behar da obrek errealidade hori eguneroko bizitzan txertatzen saiatu beharko dabela, ikuspegi estereotipatuetatik aldenduz eta gomuta eta ondare kolektiboko leku lez aldarrikatuz.
Izen-emoteak irailaren 17ra arte
Taldeek gehienez be bost kide izango ditue eta irailaren 17ko eguerdiko 12:00ak arte emon ahal izango dabe izena. Era berean, gehienez be hiru minutuko iraupeneko film laburrak aurkeztu beharko dira lehiaketa-egunetan; lehiaketa hastean atontzaileek ezagutarazoko dituen kokalekuak gehituz. Lanak euskeraz, gaztelaniaz edo hizkuntza bietan aurkeztu ahal izango dira, eta inguruneari buruzko begirada originala eta sortzailea eskaintzeko gaitasuna balorauko da. Aurreko edizinoetan bezela, lehiaketan lanen kalidade teknikoari eta proposamen narratiboari erreparauko jako.
Ekimen honek hilerria herritarrei ikuspegi barrietatik hurbiltzeko gure apustuari erantzuten deutso, izan be, hizkuntza zinematografikoaren bidez, hilerriaz dogun pertzepzinoa eraldatzea proponiduten dogu, kultureari, sorkuntzeari eta hausnarketeari edegitako leku bezela be sendotuz, nabarmendu dau zinegotziak
Sariak eta ikuskaldia
Aurreko edizinoan legez, aurten be 1.000 euroko lehen saria eta 500 euroko bigarren saria izango ditu lehiaketeak. Era berean, 18 urtetik beherako parte-hartzaileentzat, zuzendari gazte onenari akzesita emongo jako eta beste bat herritarren boto gehien dauen filmari. Sari biak 200 eurokoak izango dira. Sariak ekitaldi publiko batean emongo dira, hilerriko kaperan, barikuan, urriaren 2an, 19:00retan. Holan, ekitaldira hurbildutakoek aukerea izango dabe bertatik bertara botoa emoteko.
Saritutako film laburrak Bilbao Zerbitzuen jaubetzakoak izango dira eta haren arte-bilduman sartuko dira. Saririk jaso ez daben lanak be bildumara dohaintzan emon ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
