FANT-Bilboko 32. Fantasiazko Zinemaldira 10.700 persona inguru hurreratu dira

Bizkaie! 2026-05-20 07:44   Zinemea

Igaztik hona % 20 hazi da asistentzia.

FANT – Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren 32. edizinoa maiatzaren 8tik 16ra bitartean egin da. Ekitaldia amaitzeko, lehiaketeak bizi dauen momentu bikaina azpimarratu dau, Bilboko nahiz Estaduko fantasiazko zinemearen hitzordu nagusietako bat dala erakutsiz.

Aurtengo edizinoan publikoa nabarmen hazi da. Ia 10.700 lagunek parte hartu dabe programautako jardueretan eta horrek esan gura dau igaztik hona asistentzia % 20 igon dala. Datu horrek berretsi egiten dau Jaialdiaren eta bilbotarren arteko loturea gero eta sendoagoa dala, bai eta fantasiazko eta bildurrezko zinemeaaren aurrean interesa gero eta handiagoa dala be.

Publikoaren erantzun hori zinema-aretoen okupazio-maila altuan be islatu da. Jarleku guztiak okupau dira inaugurazino-galan (Campos Antzokian), Panorama FANT Atalean hautatutako hamar film laburren proiekzino-saioan, eta Laura Guerricaechevarríaren El asombro filmaren proiekzinoan.

Era berean, Atal Ofizialeko nazinoarteko film laburren saioan eta Damian McCarthyren Hokum lanaren proiekzinoan ia-ia jarleku guztiak bete dira.

Egunotan, FANTek barriro be Bilbo topagune bihurtu dau zinemagile, interprete, industriako profesional eta publikoarentzat. 2026ko edizinoa proposamen zinematografikoetan izandako aniztasunagaitik eta edegitasunagaitik nabarmendu daa, generoaren muga tradizionalak zabaltzearen alde egin baitau. Programazinoak azpigenero asko hartu ditun: bildur-ikara psikologikoa, fantastiko-soziala, zientzia fikzinoa, folk horror, naturaz gaindiko thrillerra, animazinoa, dokumental fantastikoa eta proposamen hibridoak.

Begiraden, estiloen eta zinematografien aniztasun hori izan da publikoak eta kritika espezializatuak gehien balorau daben alderdietako bat. Sendotu egin da genero fantastikoa lurralde zabal, garaikide eta aldagarritzat hartzen dauen jaialdi honen nortasuna.

Edizino honen indarguneetako bat Planotik kanpo izeneko atal barria sortzea izan da, helburu dauena zinema-sorkuntzearen barruan oinarriizkoak izan arren normalean indargunetik kanpo geratzen diran profesionalei ikusgarritasuna emotea. Proposamen honek harrera bikaina izan dau, bai publikoaren aldetik, bai parte hartu daben profesionalen aldetik be eta horrek erakusten dau interesa dagoala fantasiazko zinemea ahalbidetzen daben prozesu sortzaile eta teknikoetara hurbiltzeko.

FANT 2026ko programeak, gainera, emakume sortzaileen ikusgarritasunaren aldeko jarrerea indartu dau, izan be, emakumezko zuzendari, gidoilari eta ikus-entzunezkoen profesional ugari egon dira, bai lehiatzen, bai atal paraleloetan eta jarduera berezietan be. Horreen artean, nabarmentzekoak dira Bea Lema euskalduna, Euskal Film Laburrenaren Epaimahaiaren Saria irabazi dauena El Cuerpo de Cristo lanagaz; Laura Barquin, Azpian filmaren zuzendarietako bat; Laura Guerricaechevarría, El asombro filmaren zuzendaria; edo Ana Graciani, La ventana abierta film luzeak Publikoaren Saria jaso baitau Atal Ofizialean. Horreen parte-hartzeak, beste sortzaile askoren parte-hartzeagaz batera, argi erakusten dau emakumeek sortutako fantasiazko zinemeak bizi dauen momentu ederra ederra.

Beste alde batetik, Nerea Torrijosen erakusketeak sektoreko andrazko profesional askoren oinarrizko zeregina aldarrikatzen lagundu dau, hareen lana ezinbestekoa baita zinema-sorkuntzan. Erakusketea Abandoko Udaltegian dago, maiatzaren 29ra arte eta edizino honetako espazio paralelo bisitauenetakoa izan da. Maiatzaren 4an edegi zanetik, 3.100 bisita baino gehiago izan ditu, jaialdiaren esperientzia zinema-aretoetatik harago zabalduz eta ikusleak Estaduko ikus-entzunezkoen profesional ospetsuenetako baten uniberso bisual eta artistikora hurbilduz.

32. edizino honegaz, FANT Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak berretsi egiten dau zinema fantastiko edegi, plural eta aldakorragaz duen konpromisoa, eta Bilbo generoaren topagune nagusietako lez finkatzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu