Zemendiaren 14an estreinauko da 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumentala
2025-11-13 10:15 ZinemeaIruñean, Bilbon, Donostian eta Madrilen izango da ikusgai filma.
Euskal Herriaren nobia, Joan Baez euskalduna eta Ez Dok Amairuren musa deitu izan jako Lurdes Iriondori. Berari buruz berba egiten ala idazten danean, oraindino be aitatzen dira termino horreek. Sasoi baten oihartzun diranak, kalterik egiten ez daben klitxe vintage batzuk balira bezela. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gan, ez dabe gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbatzeo, aurreko lana eta aurrerago egindakoa desagertuz.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea dau helburu eta hainbat gai lantzeko bidea be emon deutso Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen papela gure historian, erreferenteen beharra norberaren identidadea sortzeko... Izan be, zein arrazoi egon leiteke Lurdes lako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi barik borrau, ezkutatu eta isildu al da? Egilearen ustez, nekez aditu daiteke eta holako hutsik.
Bada, filma 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saileko eskaintzearen parte izan zan, atalari hasierea emon eursona, baita Irizar Saria eskuratzeko hautagai be. Urriaren 23an, Gasteizko Euskal Dokumentalen XI. Astearen programazinoaren barruan emon eben eta zemendiaren 23an, Hazparneko Zinegin Jaialdian izango da ikusgai.
Ibilbide komertzialari jagokonez, zemendiaren 14tik aurrera izango da ikusgai Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Gaur, zemendiak 13an, Iruñean egingo dabe aurrestreinaldi aurkezpen berezia, 19:00retatik aurrera, Golem Yamaguchi aretoan. Ipar Euskal Herrira, barriz, 2026ko urtarrilean helduko da.
ZemendiaK 14
- Iruñeko Golem Yamaguchin, arratsaldeko 18:30ean.
- Bilbon, Golem Alhondigan, 20:00etan.
- Donostiako Sade Principen, arratsaldeko 19:15ean.
Ondoren, herriz herriko zirkuituari ekingo deutso:
- Madril - Zemendiak 17.
- Tolosa - Zemendiak 19.
- Lasarte - Zemendiak 21 eta 23.
- Hazparne - Zemendiak 23 (Zinegin).
- Oiartzun - Zemendiak 27.
- Altzo - Zemendiak 28.
- Bergara - Zemendiak 30
- Andoain - Abenduak 2
- Donostia (Intxaurrondo) - Abenduak 3
- Zumaia - Abenduak 3.
- Basauri - Abenduak 4.
- Azkoitia - Abenduak 8.
- Durangoko Azokea - Abenduak 8,
- Elgoibar - Abenduak 11
- Aramaio - Abenduak 14.
2026. urtean
- Markina-Xemein - Urtarrilak 4.
- Villabona - Urtarrilak 27.
Dokumentalaren laburpenari jagokonez, sasoi bateko zuri-baltzeko argazkietan izoztua gelditu da abeslari gaztea. Kapsulauta. Enkuadre baten barruan harrapauta, haren ahotsa diskoetan bezela.
Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dala. Ahaztuta, abeslaria izateaz gan, euskal kulturearen transmisinoan ezinbesteko erreferentea be badala Lurdes Iriondo. Trasmisinorako umeak ezinbesteko zirala aditu eta hareentzat idatzi zitua liburuak eta antzerkiak.
Inge Mendioroz Ibañez zuzendariaren sorkuntze da honakoa; Mendiorozek berak (Behirada) Maluta* Films etxeagaz batera produzidutakoa. Aldazabal idazlearena da gidoia; Haritz Arrizabalaga Garmendia ibili da argazki-zuzendaritza lanetan eta Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak berak egin ditu muntaia-lanak eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira doinuak.
Filmaren talde-teknikoanj izan dira Idoia Garzes Aldazabal eta Nagore Llorens Garcia, off-eko ahotsetan; Haritz Arrizabalaga Garmendia eta Beñat Etxekolonea zuzeneko soinuan; Nagore Ezeiza etalonajean; eta Elena Odriozola Belastegi iruditegiaren diseinu-lanetan.
Aktore taldeari jagokonez, Ihintza Alkainek (Benito otsoa), Leire Leizaolak (Lurdes Iriondo) eta Shakti Olaizolak (Irakurriz antzezlana) parte-hartu dabe dokumentaleko hainbat pasartetan.
Era berean, honakoa da filman agertzen diran elkarrizketatuen zerrendea: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.
Filmak EITBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedrearen (EHU) babesa dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
