'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' obreak jasoko dau Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Saria
2025-11-19 09:43 ZinemeaZemendiaren 22an Baionako Herriko Etxean izango da sari-banatze ekitaldia.
Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak emoteko alkargune zientifiko eta kultural bezela sortutako Eusko Ikaskuntza Alkarteak hiru sari banatzen ditu urtero Baionako Herriko Etxeagaz alkarlanean. Baiona, Iparraldea eta Euskal Herrieko hartu-emonak izaten daben ikerkuntza eta sorkuntza lanak nabarmentzea da helburua: Jean-Michel Larrasquet Ohorezko Saria, euskerea edota euskal kulturearen sustapenean eta horren ezagutzearen zabalpenean parte hartu dauen ereduzko ibilbide bati; Euskal Kultura Saria, Euskal Herriari lotutako doktoretza-tesi edota argitaratu bako ikerketa-lan bati; eta Bideo Sorkuntza Saria, Euskal Herria, euskerea eta euskal kulturea ardatz bezela hartuta, gai horreen bueltako film dokumental bati.
Halanda ze, aurton, Bideo Sorkuntza Saria Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmak irabazi dau. Saria, Inge Mendioroz Ibañezek (zuzendaria) eta Idoia Garzes Aldazabalek (gidoilaria) jasoko dabe zemendiaren 22an Baionako Herriko Etxean egingo dan ekitaldian. Epaimahaiak, ondokoa adierazo dau: euskal akordua bizirik eusteagaitik eta emakumeek kulturearen garapenean daben ekarpena autortzeagaitik izan da saritua.
Euskal Herriaren nobia, Joan Baez euskalduna eta Ez Dok Amairuren musa deitu izan jako Lurdes Iriondori. Berari buruz berba egiten ala idazten danean, oraindino be aitatzen dira termino horreek. Sasoi baten oihartzun diranak, kalterik egiten ez daben klitxe vintage batzuk balira bezela. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gan, ez dabe gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbatzeko, aurreko lana eta aurrerago egindakoa desagertuz.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes ezagutu eta haren lana erakustea dau helburu eta hainbat gai lantzeko bidea be emon deutso Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen papela gure historian, erreferenteen beharra norberaren identidadea sortzeko... Izan be, zein arrazoi egon leiteke Lurdes lako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi barik borrau, ezkutatu eta isildu al da? Egilearen ustez, nekez aditu daiteke eta holako hutsik.
Filma 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saileko eskaintzearen parte izan zan, atalari hasierea emon eutsona, baita Irizar Saria eskuratzeko hautagai be. Urriaren 23an, Gasteizko Euskal Dokumentalen XI. Astearen programazinoaren barruan emon eben eta zemendiaren 23an, Hazparneko Zinegin Jaialdian izango da ikusgai.
Ibilbide komertzialari jagokonez, ikusgai dago daborduko Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Ipar Euskal Herrira, barriz, 2026ko urtarrilean helduko da.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako
Inge Mendioroz Ibañez zuzendariaren obrea da, Maluta Films etxeagaz batera produzidutakoa. Idoia Garzes Aldazabal idazlearena da gidoia; Haritz Arrizabalaga Garmendia ibili da argazki-zuzendaritza lanetan eta Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak berak egin ditu muntaia-lanak eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira doinuak.
Talde-teknikoan izan dira Idoia Garzes Aldazabal eta Nagore Llorens Garcia, off-eko ahotsetan; Haritz Arrizabalaga Garmendia eta Beñat Etxekolonea zuzeneko soinuan; Nagore Ezeiza etalonajean; eta, Elena Odriozola Belastegi iruditegiaren diseinu-lanetan.
Aktore taldeari jagokonez, Ihintza Alkainek (Benito otsoa), Leire Leizaolak (Lurdes Iriondo) eta Shakti Olaizolak (Irakurriz antzezlana) parte hartu dabe dokumentaleko hainbat pasartetan.
Era berean, ondokoa da alkarrizketatuen zerrendea: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.
Filmak EITBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedrearen (EHU) babesea izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
