Nafarroako familia baten eta Gazako beste familia baten arteko hartu-emonak bizi-bizi
2026-10-09 09:18 ZinemeaHani. La sonrisa que resiste lanari esker.
Boga-Bogak urriaren 25ean estreinauko dau Burlatan 5 urtetik gorako publiko guztiarentzako antzerki dokumentaleko lana. Irudimena eta jagoletzak aldarrikatzen ditu, baita umezaroak amesten jarraitzeko dauen eskubidea be.
Adriana Salvok idatzi eta zuzendutako eta Saioa Laragaz batera antzeztutako proposamenak testigantzea, artxiboa eta fikzinoa buztartzen ditu eta Gazako umeek egindako marrazkiak be batzen ditu. Urrutiko alkarrizketa bat, ume bik oheratu aurretik alkarri bialtzen deutsezan mosuak eta mugak zeharkatzen dituen ortzadarren marrazkiak dira Hani. La sonrisa que resiste lanaren abiapuntua. Boga-Bogaren produkzino barria da eta 2026ko urriaren 25ean, 18:00etan, estreinauko da Burlatako Kultur Etxean.
Bost urtetik gorako publiko guztiari zuzenduta, lana Nafarroako familia baten eta Gazako beste familia baten arteko benetako hartu-emonetatik sortu da, eta lotura horrek, umezaroa, jagoletzak eta egoera gatxenetan be etorkizuna irudikatzeko gaitasuna, proposamen eszeniko bihurtzen ditu. Sarreren prezioa 4 euroan dago.
Abiapuntua intimoa da: zelan azaldu alaba bati beste ume batzuek bizi daben errealidadea, mina ezkutatu barik eta munduarengan dauen konfidantzea kendu barik. Lanak belaunaldien arteko alkarrizketea edegiten dau eta Gazako errealidadeari erreparetea proponiduten dau, umezaroko afektuen, eguneroko bizitearen eta amesen bidez.
Kontuak kontu, 2025eko abuztuan, Salvok Bayam izeneko Gazako aita baten mezua jaso eban. Harek bere semea eta alabea elikatu edo mantenidu ezinik bizi eban etsipenez berba egiten eutson. Lehenengo alkarrizketa harek denporan zehar iraundako harru-emonei emon eutsen bide eta famili biak beren egunerokoa konpartiduten hasi ziran. Umeek be euren arteko loturea sortu eben, mezuen, mosuen eta marrazkien bidez.
Haren familiaren egunerokoa ezagutzeak ezinezkoa egin eustan errealidadeari urrutitik begiratzea, azaldu dau egileak proiektuaren aurkezpenean. Hurbilketa hori sorkuntzearen erdigunean dago; lana Gazako familiak bere kontautako historia eta hareen bizitzak ikusgai izateko gogotik sortu da.
Konpartidutako irudi eta materialen hautaketea arretaz jagon eta adostu da familiagaz prozesu osoan zehar. Lanak, gainera, Gazako umeek egindako marrazkiak batzen ditu; umeek ilusinoz eta gogoz parte hartu dabe, euren sorkuntzak beste persona batzuengana heltzeko aukerea izango dabelako. Hareen trazuek kontakizunaren parte dira, baita alde bietako umezaroetako esperientziak lotzen ditue.
Hanik emoten deutso izena lanari, haregaz eta haren familiagaz lotura zehatza dagoalako. Haren istorioaren bidez, muntaketeak ume guztiek olgetako, irudikatzeko, maitatua sentiduteko eta etorkizuneko bizitza bat zabaltzeko eskubidea autortzeko be gonbidetan dau.
Eszenan, Alinak bihotzean ehunka tximeleta indarrik barik hegan egongo balira bezela sentiduten dau. Alinaren txikiak urteak beteten ditu eta ez dau ulertzen zergaitik ez dagoan ama pozik «munduko egunik politenean». Alinak be ez daki zelan azaldu sentiduten dauena, Hani izeneko umearen aitagaz gau osoa berba egiten emon ondoren. Hanik irribarreari eusten deutso, Gaza lur eta hondakinen mendi bihurtzen dan bitartean.
Minaren eta ospakizunaren arteko tensino horretatik sortzen da itxaropenez betetako lana, egoeren gogortasunetik harago aukeraz betetako mundu bat amestera eta irudikatzera gonbidetan dauena. Maitasunak, eguneroko umoreak, keinu txikiek eta irudimenak eusten diote istorioari, haurtzaroak poza
sortzeko eta partekatzeko duen gaitasuna aldarrikatzen duen istorioari.
Minetik iges egin barik, amesten jarraitzeko, ilusinoari eusteko eta bizitea ospatzeko eskubidea aldarrikatzen dauen istorioa da, nahiz eta biziteak min emon, adierazo dau Salvok. Amestea be erresistentzia egiteko modua dalako.
Hani. La sonrisa que resiste lanak konpartidutako espazioa eskaintzen dau, umeek eta helduek galdera gatxetara jagoletzatik hurbiltzeko aukerea izan deien. Amatasunek eta lotura afektiboek leku nagusia hartzen dabe proposamenean, izan be, intimoa eta kolektiboa lotzen ditu, eta antzerkian topaketarako aukera berezia topetan dau.
Muntaketeak benetako bizipenak eta materialak fikzino eszenikoa eregiteagaz buztartzen ditu. Marrazkiek, proiekzinoek eta musikeak interpreteen lana laguntzen dabe, familien bien arteko hartu-emona agertokira eroateko eszenaratzean.
Lantaldeak Mikele Urrozen aholkularitza artistikoa eta kanpoko begiradearen babesa dau eta Maialen Diazen testu-aholkularitzea eta itzulpen-lanak. Sorkuntza-taldean dagoz Aiora Ganuza, jantzien arduradun bezela; Fermín Izko, argiztapenaz; Rebeca Guerra, Jorge Sánchez eta Hutsun txalapartarien taldeak, musika- konposizinoaz arduratzen da; Josu Breagaña, eszenografia-errealizazinoaz; Anäis Yebra, ilustrazinoez; Sara Martín, artxiboaren koordinazinoaz; eta Rut Munguira, proiekzinoez. Produkzino exekutiboaren ardurea Lucía Ezkerrena da.
Produkzino honegaz, Boga-Bogak ibilbide bati jarraipena emoten deutso eta hor dagoz Mujeres que cantan tras el balcón / Balkoi atzean emakumeak kantari, 2026ko Max sarietarako ikuskizun barritzaile onenaren hautagaia; Llueven vacas / Behi-Jasa, 2025eko Festival Territorio Violeta jaialdian aitamen berezia jaso ebana; eta Amak. Historias de anhelo, renuncia o sacrificio.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
