Aurtengo Euskal Zine Bilerako garaikurra Oier Iruretagoiena artista plastiko eta soinu-produktoreak diseinau dau
2026-10-09 07:39 Zinemea49. Euskal Zine Bilerea urriaren 14tik 18ra egingo da.

Ia mende erdiz, plano-sekuentzia batean bezela, etenik barik egin dau aurrera Lekeitioko Euskal Zine Bilereak. Belaunaldiak, begiradak eta istorioak lotuz, euskerazko zinemearen topaguneetako bat izaten jarraitzen dau jaialdiak.
Euskal Zine Bilerea bera be euskeraz egindako film baten modukoa da: kolektiboa, jarraitua eta eten barik aldatzen dagoana, bere istorioa euskeraz kontetan dauena, izan be, EZB ez da filmak erakusteko espazioa bakarrik, hasierak posible egiten dituan topagunea be bada: hemen biztu izan dira proiektuak, hemen topau dabe askok lehenengo pantailea, eta hemen sortzen da komunidadea. Horregaitik, 49. edizinorako atzera-kontaketea hasi da: 3, 2, 1... Euskerazko zinemeak dana dauka kontetako.
Urriaren 14tik 18ra, Lekeitioko Euskal Zine Bilerea kontakizun horren abiapuntu eta etorkizunerako leiho izango da.
Euskerazko zinemearen erakusleihoa
Euskal Zine Bilerea euskeraz egindako zinema-jaialdirik zaharrena da. Gaur egun, Hazparneko Zinegin jaialdiagaz batera, euskeraz egindako lanen erakusleiho nagusietako bat da, eta euskerazko film laburren arloan lehiaketa propioa dauen jaialdia.
Lehiaketako filmak urriaren 15ean, 16an eta 17an ikusi ahal izango dira Lekeitioko Ikusgarri zine-aretoan.
Aurtengo Sail Ofizialean hogei lan lehiatuko dira: Galdetzen duten begiradak (Ander Reviejo Churruca), Iraganeko mamuentzat (Eñaut Rodriguez Beloki), 700 (Oier Romatet eta Araitz Garate), Zisne Beltzak (Iban del Campo Uribarrena), Idi (Beñat Gereka Bikuña), Inoiz Ez (Guillermo Uria Viar), Loa Loa (Elene Ocariz Ruiz), Pepa (Unai Guerra Buenetxea), Hogeitabat (Elene Mengyu Larrinaga Bilbao), Joare tte (Ekaitz Bertiz), Abata (Aner Etxebarria eta Pablo Vidal), Eguneroko Legez (Julen Duhau Larrañaga), Mendialdeko ogia (Unai Ruiz Ameztoy), Potasio (Josu Martinez), MA (Ekain Martinez de Lizarduy Stürtze), Berpiztu (Iker Gozategi Intxauspe), Zezena eta umea (Igor Garcia Piñas), Mintzo Zen (Aitor Arruti eta Izaro Arruti), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala) eta Urdaibaiko Sakrifizioa (Galder Irusta).
Sail Ofizialetik kanpo, beste lan bi be ikusi ahal izango dira: Serie hiltzailea (Azkue Ikastolako DBH3 gela) eta Ispilua zeharkatuz (Ainhoa Alberdi Gisasola).
Sariak
49. edizinoan, honako sari honeek emongo dira:
- Film onenaren saria: 3.000 €
- Zuzendaritza onenaren saria: 1.600 €
- Gidoi onenaren saria: 1.600 €
- EITB ikusleen saria: 750 €. Zine-aretora hurbiltzen diran ikusleek erabagiko dabe.
- Esperientziaren epaimahaiaren saria: 1.000 €. Edadeko personek osotutako epaimahaiak Sail Ofizialeko filmen artean aukeratuko dau bere ustez onena.
- Benito Ansola saria – Gazte epaimahaiaren saria: 500 €. Gazteek osotutako epaimahaiak Sail Ofizialeko filmen artean aukeratuko dau bere ustez onena.
Epaimahaia
Sail Ofizialeko Film onena, Zuzendaritza eta Gidoi onenaren sariak erabagiteko epaimahaia hiru profesionalek osotuko dabe:
- Irati Gorostidi Agirretxe, 70eko hamarkadako gizarte-mobimentuak aztertzen dituan artista eta zinemagilea. Aro berria film luzearen eta Contadores film laburraren egilea da, besteak beste.
- Aimar Arriola, Mataderoko (Madril) Intermediae programako zuzendaria eta Kultura Bisualetan doktorea. Arte garaikidearen eta erakusketa-komisariotzearen arloetan ibilten da.
- Edurne Azkarate, Arte Dramatikoan graduautako aktorea, Irati filmean egindako lanagaitik ezaguna. Ibilbide zabalekoa da ikus-entzunezkoen zein antzerkiaren munduetan.
Garaikur barria: antzarra, euskerea eta zinemea
Aurtengo Euskal Zine Bilerako garaikurra Oier Iruretagoiena artista plastiko eta soinu-produktore errenteriarrak diseinau dau. Proposamenak hiru elementu buztartzen ditu: antzarra, euskerea eta zinemea. Emoitzea ahotik zinea proiektetan dauen antzarra da, zinemearen eta hizkuntzearen arteko alkarrizketea irudikatzen dauen piezea.
Zine-aretoan argia pantailara proiektetan dan bezela, berbek soinua ahotik ingurura zabaltzen dabe, holan, garaikurrak euskerazko zinemearen eta komunidadearen arteko loturea islatzen dau.
Eskerrak eta babesleak
Jaialdia posible egiten dabe hainbat erakundek eta eragilek: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, EITB, HAZI fundazioa eta Cikautxo. Horreezaz gan, Zine-lab, Artium museoa, Hitza, Arropaineko Arragua, Euskadiko Filmategia, Zinegin Festibala, Taupa Euskaltzaleen Mobimentua, Traola Produkzinoak eta Caniche-ren alkarlana be eskertu nahi da. Euskal Zine Bilerako atontzaileek eskerrak emon deutsee jaialdia babestu eta elikatu dabenei, eta batez be zinezale eta euskaltzale guztiei.
Dana dogu kontetako
49 urteko ibilbidearen ondoren, Euskal Zine Bilerak ez dau bakarrik atzera begiratzeko arrazoirik, etorteko dagoanari begira jarraitzen dau: sortuko diran istorioei, lehen filmak egingo dituenei, topauko diran ahotsei eta euskerazko zinemak zabalduko dituen bide barriei.
Urriaren 14tik 18ra, Lekeition, euskerazko zinemeak dana dau kontetako. Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
