Gaur, hilak 12, '2000 meters to Andriivka' filma proiektauko dabe Zinexiten

Bizkaie! 2025-11-12 11:13   Zinemea

Etzi, Ibon Cormenzanak, Cuatro paredes filma estreinauko dau.

'2000 meters to Andriivka' (Mstyslav Chernov). | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, hilak 12, Ukrainako gerra da protagonista Zinexiten, izan be, Mstyslav Chernoven (Oscar sariaren eta Pulitzer sariaren irabazlea 20 days in Mariupol filmarengaitik) 2000 meters to Andriivka filma estreinauko dabe. 

Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan hartuko dabe jaialdia, hilaren 14ra arte. Saioak, doban eta 19:00retan hasiko dira.

Eguaztenean, Ibon Cormenzana gidoilari, produktore eta zuzendari bilbotarra izango da Zinexiten. Haren azken filma aurkeztuko dau, Cuatro paredes, doluaren ondorio emozinonalak eta, batez be, ekonomikoak aztertzen dituan drama hunkigarria. Ama (Manuela Vellés) eta alabearen (Sofía Otero, Berlinaleko zidarrezko hartza 20.000 especies de abejas filman egindako interpretazinoagaitik) arteko maitasun istorioa kontetan dau. Aitaren ustebako heriotzeak istorio hori eteten dau eta muturreko pobrezia eta kalteberatasun egoerara eroaten ditu. Gainera, Save the Children alkartearen laguntzea izan dau filmak.

Cormenzanak Mundo Cero produkzino-etxea sortu eban 2023an. Alkartearen helburua, Espainian guraso bakarreko familiek, batez be, amek osotutakoek, bazterketa egoeran jausteko daben benetako arriskuaz sensibilizatea da.

Proiekzinoaren ondoren berbaldia egingo da Ibon Cormenzana eta Charo Arranz Save the children Euskadiko zuzendariagaz.

Ikusi trailerra hemen

Barikua 14, Sed de mal (1958)

Tradizinoari eutsiz, Giza Eskubideen Zine Erakustaldia klasiko bategaz amaituko da. Oraingo honetan, Godard eta Truffaut epaimahaikideak zirala, 1958ko Bruselako Erakusketa Unibersalean filmik onena izentau eben Sed de mal (Orson Welles) filmaz disfrutetako aukerea izango da.
 
Carmen Muñoz zinemazale eta feministeak aurkeztuko dau. Nabarmentzekoa da haren hasierako sekuentzia plano ikusgarria, zinemearen historiako onenetako bat. Zinexiten 15. edizinoa zarratzeko film bikaina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu