Paul Urkijoren 'Gaua' PreFANT zikloan aurrestreinauko da
2025-11-10 07:40 ZinemeaFilma zemendiaren 12an proiektauko dabe, 19:30ean, Golem – Alhondigan.
Zuzendari gasteiztarrak, lantaldeagaz batera (Nerea Torrijos jantzien arduradunak eta Yune Nogueiras eta Iñake Irastorza aktore protagonistak), euskerazko bere azken film luzea aurkeztu dau Bilbon, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziagaz eta Amaia Domingo FANT Bilbao Zinemaldiko zuzendariagaz batera.
Kontuak kontu, Gonzalo Olabarriak zuzendaria eta bere talde osoa zoriondu ditu euskeraz egindako zineak zirkuitu komertzialetan erantzun bikaina eta mundu osoko jaialdietan autortzea izan leikela erakusteagaitik. Era berean, jarrera horri eusteko esan deutse, euskal kulturea eta tradizinoak ardatz dituan kalidadezko zinemeari balioa emoteko: harro egoteko modukoa da euskeraz filmautako eta tokiko enpresek produzidutako film bat gure herrian eta gure mugetatik kanpo be ezagutua izatea. Bilboko Udalean gure aletxoa jarten dogu euskal zineari ikusgarritasuna emongo deutsen eta ikus-entzunezko proiektuetan gure hizkuntzearen erabilerea bultzatuko dabe proiektuei laguntzeko.
Bilboko Udalak atontzen dauen 32. FANT 2026ko maiatzaren 8tik 16ra izango da baina preFANT be sano deigarria da eta, esangura horretan, Gaua zikloko bigarren filma proiektauko da hurrengo eguaztenean, hilaren 12an, urriaren 20an eskainitako Alberto Vázquez zuzendariaren Decorado filmaren ondoren.
Sartzea doban da lekua bete arte eta gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan proiekzinoaren eguneko 16:30etik aurrera. Decorado filmaren proiekzinoan jazo zan lez, estreinaldira merchandisingaaz (kamisetak, boltsak, programea...) edo aurreko edizinoetako sarrerakaz joaten diran persona guztiek lehentasuna izango dabe gonbidapenak jasoteko orduan.
Gaua
- Urtea: 2025.
- Iraupena: 93 minutu.
- Hizkuntza: Euskerea.
- Generoa: Fantasía - Historikoa.
- Zuzendaritza eta gidoia: Paul Urkijo Alijo.
- Aktoreak: Yune Noueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta, Iñake Irastorza...
Filmaren istoria XVII. mendean kokatzen da euskal mendietan. Sorgin kaza betean, Kattalin senarrarengandik igesi doa gauaren erdian. Basoaren iluntasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia sentiduten dau. Bidean, hiru emakumegaz topez egiten dau, eta ibaiaren ondoan erropak garbitzen dabizen bitartean, bildurrezko ipuinak eta herriko esamesak konpartiduten ditue. Bere harridurarako, Kattalin istorio horreen parte bihurtuko da azkenean.
Filma datorren barikuan, hilaren 14an, estreinatuko da zinema-aretoetan.
Paul Urkijo Alijo
Zinemazale amorratua da zuzendari gasteiztarra, eta genero fantastikoa, ilustrazinoa, literaturea eta komikiak ditu gogokoen, mitologia eta ipuin tradizionalak irakurteko zaletasun handia izateaz gan. 2016an bere lehen film luzea idatzi, produzidu eta zuzendu eban, Errementari, genero fantastikoko filma, Patxi Errementaria euskal folkloreko ipuinean oinarritua. 2023an Irati estreinau eban, gaur egun arte zinema-aretoetan gehien ikusi dan euskerazko filma, Sitgeseko Zinemaldian sari bi irabazi zituana – Publikoarena, besteak beste – eta bost Goya sarietarako izentaua. Datorren barikuan, zemendiaren 14, Gaua gasteiztarraren euskerazko hirugarren film luzea estreinauko da zinema-aretoetan. Idatzi eta zuzendu dituan lanek Estaduko eta nazinoarteko 130 sari baino gehiago eta mundu osoko 400 selekzino baino gehiago lortu ditue.
Tokiko eta euskerazko ikus-entzunezkoen produkzinoa sustatzea
Bilboko Zinemaldi Fantastikoa ez da soilik publiko orokorrari eta hedabide espezializatuei filmak erakusteko plataforma bat, ikus-entzunezkoen sorkuntzea be babesten dau, tokiko produkzinoak bultzatzen ditu eta euskeraz egindako produkzinoak sustatu eta ezagutarazoten ditu, besteak beste, FANT Laburrean – Euskal Filmak Sail Ofizialean aurkezten diran lanak (euskal film laburrei zuzendutakoa) edo Gaua PreFANT zikloan aurrestreinauko dauen filmaren proiekzinoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
