11 proiektu lehiatuko dira Zinebi Networkingen

Bizkaie! 2025-11-11 08:39   Zinemea

10.000 euroko hiru sari eskuratzeko aukerea izango dabe.

Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren barruan, Bilboko Udalak atonduta, Zinebi Networking – Dokumentalen Sorgunea Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren zortzigarren edizinoa hartuko dau zemendiaren 21etik 28ra arte. Foroa zinebik atontzen dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesagaz eta EITB Media Sau (EITB), RTVE, Zineuskadi Alkartea eta Europa Creativa Desk Media Euskadiren laguntzeagaz.

Zinebi Networking sortzeko prozesuan topetan diran film dokumentalen inguruan alkartzeko, laguntzeko eta alkarrekaz hausnartzeko gune moduan finkatu da. Fikzinoa ez dan zinemeari arreta berezia eskainiz, foroak analisi, alkarrizketa eta aholkularitza profesionala buztartzen ditu, zinemagile eta produktoreei garatzen dabizen edo amaitzeko fasean dituen proiektuak sustatzeko aukerea emoteagaz batera.

Zinebi Networkingek konpromisoa dau sortzen dabizen talentua sustatzeko eta Euskadiko eta Estaduko ikus-entzunezko sarea sendotzeko; era horretan, baterako produkzinoa, hausnarketa kritikoa eta fikzinoa ez dan zinemako profesionalen arteko sareak sortzea sustatzen ditu.

Zortzigarren edizino honetan, film luze dokumentalen 11 proiektuk hartuko dabe parte eta 10.000 euroko hiru sari eskuratzeko lehiatuko dira.

  • Zinebi Networking 2025 saria, Estaduko proiektu onena.
  • Zinebi Networking EITB 2025 saria, Euskal Autonomia Erkidegoko proiektu onena.
  • Zinebi Networking RTVE 2025 saria, garapen-bidean dagoan proiektu onena.

Euskadi, Estaduko eta Latinoamerikako lanek dokumental garaikidearen bizitasuna eta hizkuntzea, lurralde eta begirada barriak aztertzeko gaitasuna erakusten dabe. Proiektuak batzorde batek hautatu ditu, ondoko honeek osotu dabe: Maui Alena, proiektuen koordinatzailea eta komisarioa; Noemi Cuetos, komisarioa eta komunikatzailea; Jorge Tur, zinemagilea, zuzendaritza-tutorea eta proiektuen gidoia; eta Aida Vallejo, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakaslea.

Garapen-egoeran dagozen proiektuen artean ondoko honeek hautatu dira Zinebi Networking EITB 2025 sarirako, euskal produkzinoa edo koprodukzinoa izateagaitik:

  • Al Nervión, Aitziber Olaskoagarena.
  • Eltzegorra, David Aguilar Iñigorena.
  • Pajarracos, Zaira Zanguiturena.

Oihane Ruizen Berdea proiektua amaituta dago, halanda be, Zinebi Networking EITB 2025 sarirako hautagaia izango da.

Bestalde, Zinebi Networking 2025 sarirako lehiatuko dira estadu-mailan garapen-fasean dagozen proiektu honeek:

  • Comando Igualdade. La revolución feminista agitando las aulas, Xiana do Teixeirorena.
  • De qué hablo cuando hablo de lipo, Mariu Benzorena.
  • La frontera más corta del mundo, Roman Cadafalchena.
  • Nuestra piel levantada, Paolo Natalerena.

Horreezaz gan, Zinebi Networking RTVE 2025 saria eskuratzeko lehiatuko dira estadu-mailan amaiera-fasean dagozen proiektu honeek:

  • Como Manolete en la víspera de su muerte, Alvaro Gomez-Pidalena.
  • Reflejos de la casa verde, Antonio Moralesena.
  • Taranta, Samuel Nacarrena.

Epaimahaia eta jarduerak

Hiru sariak emongo dituan epaimahaia ondoko honeek osotuko dabe: Rafael Molés, Suica Filmseko zuzendaria eta produktorea; María Bonsanti programatzaile italiarra; Paola Buontempo, zinegilea, programatzailea eta Zinemaren Unibersidadeko (FUC) irakaslea; Francisca Lucero programatzailea; Arkaitz Basterra, zuzendaria, gidoilaria eta zineman espezializautako aholkularia; Maider Oleaga, zinemagilea eta irakaslea; Sara Hernandez, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategiko koordinatzailea; Cecilia Barrionuevo, Mar del Platako Nazinoarteko Zinemaldiko zuzendari artistikoa, co-Head of Programme Doclisboarako eta Programmer at Large del Film at Lincoln Center, aurretik Mar del Platako Nazinoarteko Zinemaldiko zuzendari artistikoa (2018-2021). 

Era berean, erakunde honeetako ordezkariak egongo dira: RTVE, Movistar Plus +, 3Cat, EITB, Fipadoc, Punto de Vista, ICCAA, ICEX, Zineuskadi, Oficina Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi.

Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren jarduerak Azkuna Zentroan egingo dira, eta, programazinoaren barruan, zemendiaren 25ean, martitzena, topaketea egingo da ikus-entzunezko sorkuntza-laborategiei buruz. Bertan, Maria Elorza zinemagileak, Rafael Moles zuzendari eta produktoreak eta Sara Hernandez Noka Ekoizpena mentoretza-programearen koordinatzaileak hartuko dabe parte.

Zinebik Aukera proiektuagaz jarraitzen dau, (H)emen Alkarteak bultzatu eta atonduta. Zemendiaren 26an, eguaztena, proiektuen aurkezpen publikoa egingo da.

Gainera, zemendiaren 22an, zapatua, laugarren aldiz, topaketea egingo da film laburren banaketa-katalogo autonomikoetako ordezkariekaz. Oraingoan, Anne Gaschütz alemaniarrak parte hartuko dau, Dresdengo Film Laburren Jaialdiko zuzendari eta Locarnoko Nazinoarteko Zinemaldiko hautapen-batzordeko kideak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu