Pablo Berger eta Esther Garcia, Ohorezko Mikeldi Sariak
2025-11-04 08:44 ZinemeaGuztira, 44 herrialdetako 156 film programauko dira.
    			
		
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, haren 67. edizinoari hasierea emongo deutso zemendiaren 21ean, barikua, 19:30etik aurrera Arriaga Antzokian egingo dan inaugurazino galan. Jaialdia zemendiaren 28ra arte izango da, orduan egingo da-eta amaiera ekitaldia eta sari banaketea.
Zinebiren programazinoa aurkeztu da Bilboko udaletxean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kulturea eta Gobernantza zinegotziak, Ana López Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendariak parte hartu daben prentsaurrekoan.
Guztira, 44 herrialdetako 156 film programauko dira: 132 film laburrak dira (gehienez 30 minutuko iraupena dabenak), 6 metraje ertainekoak (30 eta 60 minutu bitartekoak) eta 18 film luzeak (60 minutu baino gehiago irauten dabenak). 156 filmetatik, 78etan zuzendariak emakumeak dira eta 101etan, barriz, gizonak. Aurkeztutako 72 film estaduan estreinauko dira. Gainera, 41 film euskal produkzinoak dira: 33 film labur, 6 film ertain eta film luze bi.
Betiko lez, proiekzinoak atal bitan banatzen dira: Sail Ofiziala eta gainontzeko sailak.
Sail ofiziala 
Guztira, 33 herrialdetako 58 film aukeratu ditue. Horreek guztiak bederatzi saiotan proiektauko dira Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko Auditorioan, hilaren 22tik (zapatua) 27ra (eguena). Zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategorien arabera, 19 film fikzinoak dira, 19 dokumentalak eta 20 animazinoak.
Hautatutako filmen artean, euskal bost produkzino (edo koprodukzino) Estaduan estreinauko dira hilaren 22an eta 23an, Nazinoarteko Lehiaketearen lehenengo lau saioetan:
- El cuerpo de Cristo (Bea Lema, 2025), 2024ko Komiki Sari Nazinonalaren irabazlearen komiki autobiografikoaren egokitzapena, Uniko bizkaitar konpainiak eta Abano galiziarrak produziduta.
 - Geratzen den hori (Aitor Gametxo, 2025), zuzendariaren lanik personalenetakoa da, hildako amaren objektu personalen eta akorduen bilaketatik abiatuta egina. Lutua aztertzen dauen film laburra, mundu mailako estreinaldia izango da.
 - Habana industrial (Ainhoa Ordoñez Yralagoitia, 2025), Habanako gau-giroan eta gero eta ilunagoa dan gazte talde baten joan-etorria kontetan dauen dokumentala.
 - Le prime volte (Giulia Cosentino & Perla Sardella, 2025), Visions du Réel Suitzako jaialdi ospetsuan mundu mailako estreinaldia izan eban italiar eta euskal dokumentalen koprodukzinoa.
 - Ultramarino (Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti, 2025), fikzinoko film laburra, Zion Arakistain, Iraia Elias eta Josean Bengoetxea ditu protagonista.
 
Gainera, Zinebik Estaduko film laburrak proiektauko ditu lehen aldiz, Nazinoarteko Film Labur Lehiaketan:
- 09/05/1982 (Jorge Caballero & Camilo Restrepo, 2025). 1982. urtean Latinoamerikako herrialde batean filmautako film hondatu batez baliatzen da irudien balioa dudan jarteko. FidMarseille eta Toronton izan ondoren, Bilboko jaialdiak haren estaduko aurkezpena hartuko dau.
 - La desesperació de la pell (Mireia Vilapuig, 2025). Hamahiru urteko neskato batek etxean egindako grabazinoen bidezko bidaia emozinonala da. Florentziako Dei Popoli Jaialdian eta Amsterdamgo IDFAn izan ondoren Zinebin proiektauko da.
 - La durmiente (Maria Inês Gonçalves, 2025). Portugalgo Beatriz infantak Erdi Aroan izandako istorioa kontetan dau, umeen fabulazinoaren eta irudimenaren bidez. Sancti Spiritus de Toro monasterioan filmauta, Rotterdamgo Nazinoarteko Jaialdiak urteko Europako film labur onenaren sarirako hautagai izentau eban.
 - El ensayo (Carmen Ayala Marín & Alberto Martín Menacho, 2025) ijitoen kultureari edo ijito-herriari buruzko dokumental laburra da, Kordoba uriko ikastetxe batean egindako entsegu labur baten bidez egina.
 - Mal de madre (Irene Baqué, 2025). Fikzinoa da, protagonista amamaren etxera buelta dala kontetan dau, Lagarterara. Haren familiaren tradizinoak oso errotuta dagoz.
 - Mon autre maman (Fon Cortizo, 2025) filmak Bilbon izango dau mundu mailako estreinaldia. Abellón (2024) filmearen zuzendaria, Zinebin Publikoaren Saria eskuratu ebana, emakume batek Paristik Galiziara egindako bidaia kontetan dau.
 - The Rock Speaks (Amy Louise Wilson & Francois Knoetze, 2025). Koprodukzino hispaniar-hegoafrikarra da, Kongoko meategi batzuetatik azken belaunaldiko teknologia bihurtu arte kobaltozko arrokearen bidaia jarraiten dauena.
 
Ohorezko Mikeldi Sariak
Zinebik zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa autortzen dau. Aurton, Pablo Berger zinemagileari eta Esther Garcia produktoreari emongo deutsee.
Zinebik Ohorezko Mikeldia emongo deutso Pablo Berger zinemagile bilbotarrari. Filmografia koherente, arriskatu eta humanista baten egilea, tradizinoa eta modernidadea, emozinoa eta pensamendua, umorea eta malenkonia buztartzen jakin dau Bergerrek. 
Zinemaldiak Esther García be autortzen dau, zinema espainiar garaikidean funtsezko figurea eta zinema produkzinoan erreferente ukatuezina. Haren ibilbidean zehar, gure garaiko autore garrantzitsuen lana sustatu dau. Pedro Almodóvarren kolaboratzailea da, baita El Deseok produzidutako zinemagile barri askoren kolaboratzailea be.
Pablo Bergerrek Ohorezko Mikeldia jasoko dau zemendiaren 21eko inaugurazino galan. Esther Garciak, barriz, Zinebiren amaiera galan, zemendiaren 28an.
Saioak
Betiko lez, Sail Ofizialaz gan, jaialdiak ekimen ugari atonduko ditu, besteak beste: Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi; Beautiful Docs; Czech Focus, herrialde baten magia biziduna; Zinebiskopioa: kultura irisgarria, inklusiboa eta eradaltzailea; Saio Bereziak; eta, Zinebi Networking.
Palmaresa eta epaimahaiak
Zinebik zemendiaren 28an emongo dau ezagutzera haren palmaresa. Guztira, 83.000 euro banatuko ditu. Sail Ofiziala-Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketearen irabazleak epaimahai batek aukeratuko ditu.
Epaimahaia ondoko honeek osotzen dabe: Ramia Beladel artista marokoarra eta Marrakecheko Film Laburren Jaialdiko zuzendaria, Callisto McNulty idazle eta zinemagile frantziarra, Norika Sefa zuzendari kosovarra, Daniel Šjulic animazinoko zinema zuzendari eta musikari kroaziarra eta Santiago Tabernero espainiarra.
Sariak
- Zinebi Sari Nagusia: (8.000).
 
- Euskal Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Euskal Autonomia Erkidegoan produzidutako eta Sail Ofizialean hautatutako film laburretarako.
 - Espainiako Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Estaduan produzidutako eta Sail Ofizialean parte-hartzen daben film laburretarako.
 - Dokumental Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).
 - Fikzinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).
 - Animazinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).
 
Sarrerak 
Jaialdiak hainbat egoitza ditu aurton be: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, BBK Aretoa, Bilbao As Fabrik, Golem-Alhondiga Zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa.
Azkuna Zentroko Auditoriumeko eta Golem-Alhondiga Zinemetako proiekzinoetarako sarrerak (4,50 euro) salgai dagoz. Bonoak, barriz, zemendiaren 5ean jarriko dira salgai, 35 euroren truke. Gainera, Zinebik 20 euroko bonu bereziak eskeiniko ditu labakoentzat eta erretiratuentzat (eta 60 urtetik gorakoentzat). Persona horreek ohiko sarrerak erosi ahal izango ditue 3,50 euroko prezioan. 20 euroko bonu horreek 26 urtetik beherako ikasle eta gazteentzat be egongo dira eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
