'Blackbird' filmak zabalduko dau 67. Zinemaldia
2019-08-13 12:59 ZinemeaSusan Sarandon, Kate Winslet eta Mia Wasikowska dira aktore nagusiak.
Europan lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Roger Michell zuzendariaren Blackbird pelikulea irailaren 20an, Donostiako 67. Zinemaldiaren inaugurazino-galan. Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia da filma, beraz, lehiaketea lehenengo egunetik bertatik egongo da martxan.
2014ko Zinemaldian lehiatu zan Stille Hjerte film danimarkarraren remake-a da Blackbird. Bille Augustek zuzendu eban lehenengo bersinoa, eta emakumezko aktore onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban Paprika Steen antzezleak Donostian. Bersino barri honetako gidoilaria Christian Torpe da, danierazko filma idatzi eban bera. Produkzino amerikar-britainiarra da.
Roger Michel zuzendaria Hego Afrikan jaio zan, baina Erresuma Batuan bizi da gaur egun. 1999ko Notting Hill izan zan bere lehenengo film arrakastatsua. 2013an Zinemaldiko Sail Ofizialean egon zan, Le Week-End filmari esker. Sei urte geroago, Blackbird dramea dakar.
Susan Sarandon beteranoa, 1995ean Oscar Saria eta Zinemaldiko Donostia Saria irabazitakoa, da filmeko protagonistea, hil nahi dauen gaixo terminal baten azalean. Hasieran, familia erabagi horren alde agertzen da, baina gauzak aldatu egiten dira, alabek familiako sekretu batzuk topetan dituenean. Kate Winslet eta Mia Wasikowska dira alaba bien papela egiten daben aktoreak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!