Mónica Allende: 'Ikusleagan erreakzino bat sortzea da asmoa, estetikatik harago'

Dabi Piedra 2019-09-02 08:01   Barriketan

Getxophotoko zuzendaria.

Etorkizunari begira dator Getxophoto, Ikusizko Artearen eta Irudiaren Festibalaren 13. edizinoa. Post Homo Sapiens, etorkizuna programetan izenburupean, mundu zabaleko sortzaile ugariren lana ikusi ahal izango da Getxoko areto, horma eta kaleetan, irailaren 4tik 29ra. Barritzaileetan barritzaileenak ekarriko ditue aurten: adimen artifiziala, robotak, cyborg-ak... dira gai nagusietako batzuk, gan-ganean dogun etorkizunaren aurrerapen legez.

Azken hiru urteotan, Mónica Allende izan da Getxophotoko komisarioa. Aurreikusita egon dan legez, hiru urteko zikloa amaitu, eta datorren urtean beste komisario bati egingo deutso lekua. Hori bai, orain arteko edizinorik apurtzaileena antolatu eta gero itxiko dau kargua. Bilbotarra dan arren, Londresen bizi da aspalditik, horregaitik, Allenderentzat etxera bueltetearen parekoa izan da Getxophotoko ardurea.

 

1.- Robotak, adimen artifiziala... lantzen ditue aurtengo edizinoko artista askok. Hori da etorkizuna gizartean eta sorkuntzan?

Hiru urte egin dodaz Getxophotoko komisario, eta urtero-urtero etorkizuneko begiradea topetan ahalegindu naz. Galdera erraz bati erantzutea izan dot buruan hiru urteotan, hau da, nora goaz? Lehenengo urtean ikuspegi global batetik heldu neutsan gaiari, bigarrenean talde edo kolektiboaren ikuspegitik, eta aurten, norbanakoagan jarri dot arretea. Aro digitalaren eragina aztertu nahi izan dot, gure egunerokoan zelan sartu dan. Baina teknologia, erreminta hutsagaz harutzago ulertzen dot: gure arteko hartu-emonak, komunikazinoa, balioak... baldintzatzen dituan sistemea da.


2.- Ikusizko arteetan aukera barri ugari ekarri ditue teknologia barriek eta digitalizazinoak. Getxophotoko programazinoan leku handia egin deutsazue jokera horreei.

Hasieratik, nire asmoetako bat izan da Getxophoton artista digitalakaz lan egitea. Teknologia, euren sorkuntzea zabaltzeko bidetzat ez eze, sorkuntzarako erremintatzat daukien artistak erakarri nahi izan dodaz. Egia da aurtengo edizinoan era horretako sortzaileek leku handiagoa hartzen dabela. Izan be, aro digitalaren inguruko gogoetea bultzatu nahi izan dot, espazio digital horretan bete-betean sartuta dagozan artisten ikuspegitik.


3.- Argazkigintza tradizionaletik, danok ezagutzen dogunetik, gehien urruntzen dan edizinoa da 2019ko hau?

Pixkanaka joan gara urruntzen. Nire lehenengo urtean errealidade birtuala eskaini genduan, Google Maps-egaz lan egiten daben artistak be ekarri genduzan. Aurten, egia da artista digital gehiago dagozala.


4.- Joy Buolanwinik, aurtengo artistetako batek, artea eta adimen artifiziala buztartu ditu bere lanean. Bere ondorioa ez da baikorra izan.

Niretzat garrantzi handiko lana da hau, artistearen planteamenduak etikan oinarrituta dagozalako. Buolanwini, artistea izateaz gan, ikertzailea be bada, eta bere azterlanetan ikusi dauenez, gizakiek sortzen dituen diskriminazinoak sistema digitaletara pasetan dira. Azken baten, adimen artifizialaren hasierako programazinoak gizakiek egiten ditue, eta honeen aurreretxiak makinetara pasetan dira. Programazinoan ez badabe gizarteko sektore guztiek parte hartzen, diskriminazinoa mundu digitalera zabalduko da. Esate baterako, arpegiaren errekonozimendurako sistemek ez ditue baltzak bereizten, eta emakumeak be ez ditue kontuan hartzen. Programatzaileen artean, gehienak gizon zuriak dira, hortik dator arazoa.


5.- Getxophoton egongo dan beste artista bat Neil Harbisson da. Cyborg-tzat dauka bere burua, zer esan nahi dau horrek?

Lehenengo cyborg-tzat hartzen dogu Erresuma Batuko epaitegietan eskatu ebalako errekonozimendua, eta emon egin eutsien. Buruan antena bat dauka ipinita, bere zati bat da, ezin dalako handik kendu. Musikearen mundutik datorrenez, soinuak eta doinuak ederto errekonoziduten ditu. Kontua da ze, Neil Harbissonek ezin dituala koloreak bereiztu, zuri-baltza baino ez, eta horregaitik, buruko anteneak koloreak identifikau eta musikearen itxurako bibrazino txiki batzuk bialtzen deutsaz garunera. Holan, aurrean dituan koloreak ezagutu leikez. Gogoeta artistikoa egiteko be erabilten dau sistema hori, bere buruagaz esperimentau eta gizakiaz harago doazan gorputzen inguruan.


6.- Getxophotoren ezaugarri nagusietako bat da sorkuntzearen, Getxoko herriaren eta biztanleen arteko loturea. Komisario daroazuzan hiru urteotan, zelan landu dozu hartu-emon hori?

Nire ibilbide guztian, lehentasunen artean euki dot beti artearen eta honek hartzen dauen espazioaren arteko alkarrizketea. Zelan areagotu geinke herritarren eta Getxophotoko diskursoaren arteko alkarrizketea? Nire arduretako bat da galdera horri erantzuteko bideak topetea. Festibal honetan, ez jat interesetan ikusle pasibo hutsak eukitea, artearen eta ikuslearen arteko alkarrizketea erraztea inportantea da niretzat. Erreakzino bat sortzea da nire asmoa, estetika hutsetik harago. Ganera, gure kasuan, kalera ateratzen dogu Getxophoto. Horri esker, publikoak ez dau leku batera joan behar beren-beregi; kaletik doala topo egiten dau arteagaz.


7.- Hiru urte eta gero, zikloaren amaierara heldu zara, beste komisario bati lekukoa pasauko deutsazu. Zelan baloretan dozu hirurteko hau?

Hasieratik euki dot interes personala, profesionalaz gan, persona eta profesional legez hasteko modua izan dot. Ganera, oso interesgarria izan da sorlekura lanera bueltan etortea, nire jatorrizko herrialdea barriro ezagutzea. Hemen espazioek nostalgia eta memoria daukiez niretzat, baina orain era profesionalean deskubridu dodaz. Nire etxea beste perspektiba batetik deskubridu dot. Hasieratik hori izan da nire asmoetako bat. Momentu honetan, prozesu horren guztiaren balorazinoa egiten nabil, nire pentsamenduen poltsoan sartzeko eta nire ibilbidean erabilteko. Identidadearen esangurea, bestearen lekuan jartea zer dan... planteamendu asko daroadaz hiru urteko lan honetatik.


8.- Datorren urtetik aurrera, Getxophotoren norabidea beste komisario baten eskuetan egongo da. Zeure ikuspegitik, nora jo behar leuke festibalak?

Getxophoto leku pribilegiaduan kokatuta dago, kulturearen munduaren eta herrialde txiki honen arteko loturea sortzeko. Erakundeen arlo zurrunagoagaz alkarrizketarako zubiak eregi behar ditu festibalak. Horretarako beharrezkoa dan malgutasuna dauka, XXI. mendeko sormena be malgua dalako, ez dau espazio zehatz bat hartzen, kasu batzuetan espazio bako kulturatzat be hartu geinke. Espazio birtuala, agertu eta desagertu egiten dan espazioa... dagoz gaur egun.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu