'Transizinoak III - Post Homo Sapiens', badator GetxoPhoto

Bizkaie! 2019-06-28 08:10   Kulturea

XIII. GetxoPhoto, irailaren 4tik 29ra.

Gaur egun azelerazinoak, automatizazinoak, inteligentzia artifizialak zein aurrerapen teknologiko eta zientifikoek nornabanakoei eragiten deutsezan desafioak izango ditu aztergai GetxoPhoto Nazinoarteko Irudi Jaialdiaren 13. edizinoak.

Gizateriaren etorkizuna eta etorkizun honek eskaintzen dituan aukera ezbardinei buruz gogoeta egitea da aurtengo Jaialdiaren gaia. GetxoPhotok gai hau esangura zabalean jorratzen dituen ikusizko lanak hartuko ditu diziplina anitzeko narratibak buztartuz, besteak beste, argazkigintzea, bideoa, instalazinoak, artxiboa edota dokumentuak. Parte-hartzaileak ikusi hemen.

Azken finean, beste edizino bat, orain dala urte bi hasitako Transizinoak arloari jarraituz eta mundu osoko sortzaileen lanak erabiliz, gaur egun hunkitzen gaituen gaiak jorratu nahi dituana.

Komisarioa Monica Allende izango da, komisario independentea, produktore kulturala eta irakaslea, Monica Allende GetxoPhoto eta Landskrona Foto Festival-eko (Suedia) zuzendari artistikoa da.


Etorkizunaren etorkizuna

Herri-partaidetzarako argazkiak erabilita Erakusleihoen Ibilbidea berreskuratu dabe antolatzaileek eta 40 irudien erakusketea izango da Getxon, Algortako Dendetan. Aurtengo gaia Etorkizunaren etorkizuna da eta aukeratutako argazkiak Algortako Dendetako erakusleihoetan egongo dira ikusgai. Garagarrilaren 28ra arte dago astia, animau zaitez eta parte hartu!

Gizartearen etorkizunean pentsau eta honen aukera anitzen inguruan hausnartu.

Edozeinek hartu leike parte: zaletuek zein profesionalek. Edade txikikoek gurasoen baimena behar izango dabe.

Parte hartzeko izen-emote orrialdea bete behar da eta zure argazkia getxophoto@gmail.com helbidera bialdu. Argazkia jpg artxiboa izan behar da, gitxienez 1024×682 pixeletako erresoluzinoa euki eta 2 MBetako pisua izan.

Jasotako irudi danakaz web orrialdean ikusgai egongo dan bideo bat editau eta horreetako 40 (antolakuntzeak aukeratuta) Algortako Dendak alkarteko hainbat erakusleihoetan ipiniko ditue.

Aurtengo barrikuntza legez Algortako Dendak, Getxoko egile batek egindako argazkirik onena aukeratuko dau eta alkarteko saltokietan gastetako 100 euroko bale bat emongo deutsie.

Horrezaz gan, gida bat editau eta irabazi daben argazkiak eta horreek ipinita egongo diran saltokiak jasoko ditu.

Irudiak jasoteko epea 2019ko bagilaren 17tik garagarrilaren 28ra arte izango da. Irabazleen izenak abuztuaren 1ean argitaratuko dira.


Parte hartzen daben Algortako dendak

Adore, Alimentación Fernández, Amets, Areilza Tintoreroa, Bea Moda y Complementos, Berezi, Calzados Maga, Carnicería Mardaras, Centro Diétetico, Cienfragancias, Conformata, Croissanterie Getxo, Eko Denda, Ferretería Elorri, Flores Arantza, Fresa Decoración, Her, Iñaki Bi, Irati, Irayle Oinetakoak, J.B. Modas, Kantxa Kirol Moda, Koselo!, Kukumiku, Librería Itxas Ikus, Librería Zugatzarte, Mabe, Mercería-Lencería Mayte, Mi mundo de azúcar, Mímate, Next, Oso, Reformas Mareva, Sarintel Informatika, Snoopy, Supersonido, Teima, Tuink, Uranga Moda eta Zapatería Vázquez

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu