Maddi Etxebarria Bilbao izango da Elhuyarreko koordinatzaile nagusi barria

Bizkaie! 2026-10-22 12:23   Kulturea

Gernikarra Komunikazino Zientzietan lizentziaduna da (EHU).

Maddi Etxebarria Bilbao. | Ikusi handiago | Argazki originala

Elhuyar Fundazinoaren patronatuak aho batez izentau dau Maddi Etxebarria Bilbao Elhuyarreko koordinatzaile nagusi. Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartuko dau Etxebarriak, harek, ezbehar bat tarteko, kargua ixtea erabagi baitau.

Maddi Etxebarria Bilbao, 1971. urtean Gernikan jaioa, Komunikazino Zientzietan lizentziaduna da (EHU). 1999tik, Elhuyarren ibili da lanean: azken urteetan, euskerearen arloko aholkularitzako teknikari-lanetan eta, aurretik, koordinazino-lanetan. Zuzendaritzako kidea be izan da.

Euskerearen arloan, euskalgintzako hainbat erakundetan ordezkatu dau Elhuyar, besteak beste, Euskalgintzearen Kontseiluko zuzendaritzan eta Soziolinguistika Klusterrean. Irakasle be ibili da EHUko Euskerearen jaubekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean: hizkuntzen kudeaketa aro globalean izeneko aditu-tituluan eta UEUk atondutako Euskera eta digitalidadea graduondokoan. Hainbat hitzaldi eta argitalpen be eginak ditu, batez be, euskerea lan-munduan txertatzeko gaiei buruz. Horrezaz gan, talde-gidaritzan eta estrategian esperientzia eta formazino zabalekoa da.

Maddi Etxebarria Bilbaoren izentapenagaz, Elhuyarrek euskal gizartearen erronkei erantzuten jarraitu nahi dau, euskerea ardatz hartuta gizarte kritiko, aktibo eta bardinzaleagoa eregiteko. Euskerea erdigunean jarri nahi dau, euskerea arlo eta sektore gehiagotara zabaltzeko eta euskerearen esperientzia beste hizkuntza gitxiagotu batzuetara zabaltzeko. Gainera, adimen artifizialaren aroan euskerea lehen mailan kokatzeko lanetan jarraituko dau, arretea jarriz erabilera arduratsuan.

Elhuyarrek erreferentzia izaten jarraitu nahi dau kultura zientifikoa euskeraz zabaltzen, zientziaren arloko eragileakaz alkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan.

Hori guztia egiteko, Elhuyarrek ohiko bideari jarraituko deutso eraldaketa soziala jomugan, personak eta komunidadea erdigunean jarriko ditu eta askotariko eragileakaz alkarlanean jardungo dau, izan be, sinistuta dago, gizarteak gaur egun dituan erronken aurrean, ikuspegi kritikoa eta bardinzalea gero eta beharrezkoagoak dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu