San Mamesen be 'Lehenengo berbea euskeraz' goiburua agertuko da

Bizkaie! 2019-02-22 13:40   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak eta Bilboko Athletic Club-ek bat egin dabe euskerearen erabilerearen alde. 

Bilboko Udalak kanpaina bat egingo dau euskerearen alde San Mamesen, herritarrak animau eta lehenengo berbea euskeraz egin deien beti. Bilboko Udalak, Bilboko Athletic Club-egaz alkarlanean, kirolaren mundura hurreratu nahi dau euskerea.

Horretarako, zezeilaren 23an, zapatuan, Athletic eta Eibarren arteko partiduan, eskuorri batzuk banatuko dira, San Mamesen be... Lehenengo berbea euskeraz goiburuagaz. Aldi honetarako, 30.000 eskuorri argitaratuko dira, eta San Mameseko sarrerako ateetan banatuko dira, zaleak futbol-zelaira sartu behar daben momentuan. 52 persona arduratuko dira mezua talde bietako zaleei helarazoten. Era berean, futbol-zelaiko markagailuetan be ikusgai egongo da goiburua, zaleei estadiora sartzean emon jaken eskuorriaren irudiaren bidez.

Proiektu hau Bilboko Euskera eta Hezkuntza Sailaren helburuen artean kokatu behar da, hau da, euskerea egunero erabili daiten, gizarte elebiduna lortzearren, eta edozein alkarrizketatan lehenengo erabiliko dan berbea euskeraz izan daitela, herritarrek naturaltasunez erabili deiela. Bilboko Athletic Cluben lankidetzea izango da, berak be apustu egin dauelako euskerearen erabilerearen alde.

Helburua da ahalik eta persona gehienakana heldu, jentea animau lehenengo pausu hori egin eta euskeraz berba egin deien; dakienak euskeraz egin daiala. Eskuorria umorez idatzita dago, eta zaleei kontzientzia eragin nahi jake, euskeraz bizi daitezan eta euskerea gozau deien kirolean.

Eskuorri hau publizidade-liburuxka hutsa baino gehiago da: herritarrak sustatu nahi ditu euskerea erabili deien bizitzako arlo guztietan, ahalegin berezia eginez, oraingo honetan, futbolaren arloan. Persona-kopuru handia mobiduten dau kirolak, eta, horreetako askok euskeraz jakin arren, ez dabe erabilten.

Bilboko Udalaren helburua da bizitzaren arlo guztietan euskerearen normalizazinoa lortzea. Beraz, euskerazko kultur konsumoa sustatu nahi da, euskerea erabili eta jakitea bermatuz, euskaldunen komunidadea indartu, sare presentzialak nahiz birtualak sendotuz eta zabalduz, euskerearen erakargarritasuna nabarmendu eta era egokian proiektau, euskereak aukerea emoten dauelako era askotako erabileretarako eta badauelako nahikoa leku berarengana hurreratzen diran guztientzako.

Euskerearen Aholku Batzordearen barruan egindako lanaren ondorioz, erabagi da ekintza batzuk proponidutea euskerea kalera atera eta autortzea euskerearen eguneroko erabilera beharrizan bat dala gizarte elebidun bat lortzeko.

Holan sortu zan Urian be... Lehenengo berbea euskeraz ekimena, zenbait ekintzaren bidez garatzen dagoana. San Tomas egunean izan zan lehenengo ekintzea: Santo Tomas azokan be... Lehenengo berbea euskeraz goiburuagaz. Gero, Bilbo-Bilbo bizikleta-martxan, Bizikletan be... Lehenengo berbea euskeraz izan zan goiburua. Eta, orain, Athletic-Eibar euskal derbiaren harian, Bilbora partidura etorriko diran milaka personagana heldu gura dogu, hartu-emonak euskeraz izan deiezan.

Erantzunak

ROBERTO 2019-02-26 15:10 Erantzuna | #1

Sinatu edozer egin leiteke, baina neurriak... Prentsaburu erdalduna izentau barri dabe. País!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu