Marc Chagall-ek jentetzea eroan dau Guggenheim-era

Bizkaie! 2018-08-29 08:17   Kulturea

Domekan zarratuko dabe erakusketea, eta dagoeneko 420.000 bisitari baino gehiago izan ditu.

Bilbon ikusgai dagoan obra bat: Marc Chagall. 'Paseoa' (1917-18). Olioa mihise ganean. Irudia: Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Udako erakusketa nagusietako bat izan da Chagall, urte erabakigarriak, 1911-1919 Bilboko Guggenheim Museoan. Publikoak erantzun bikaina emon deutso proposamenari. Izan be, museoak berak zabaldutako datuaren arabera, bagilaren 1ean zabaldu zanetik, 420.000 lagun baino gehiago pasau dira 3. solairuan kokatutako erakusketatik.

Marc Chagall (1887-1985) errusiarrak abangoardiako artistak ezagutu zituan, hareen eraginak jaso, baina bere estiloa garatu eban, originala eta sailkatzen gatxa. Estilo bereizgarri horren hasierako urteetako obrak batu ditu Chagall, urte erabagigarriak, 1911-1919 erakusketeak. Basileako Arte Museoagaz batera antolatu dau Guggenheimek. Berau ikusteko azken egunak dira, baina. Domekan, irailak 2, zarratuko dabe.

Ondoren, iraileko lehenengo hamabostaldian, hurrengo erakusketea montauko dabe 3. solairuan: Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua. Irailaren 21ean zabalduko deutsie publikoari.

Bagiletik abuztura Bilboko Guggenheim Museora sartu dan jentetzearen arrazoi bakarra ez da izan Marc Chagall-en erakusketea. Izan be, nazinoarteko proiekzinodun beste erakusketa batzuk be ikusgai dagoz hileotan: Batetik, 1989aren ondorengo Txinako arteari buruzkoa; bestetik, Joana Vasconcelos portugaldarraren eskultura eta instalazinoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu