Joana Vasconcelosen identidadeak, Guggenheim Museoan

Dabi Piedra 2018-06-28 12:40   Kulturea

Zure ispilua naiz erakusketan, artista portugaldarraren azken hogei urteotako obrak ipini ditue.

Joana Vasconcelos, Bilbon (argazkiak: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uda honetako bakarkako erakusketa nagusietako bat Joana Vasconcelos artista portugaldar garaikideari eskainiko deutso Bilboko Guggenheim Museoak. Berezitasun bat badauka erakusketa honek, izan be, hiru obra beren-beregi sortu ditu Bilborako. Nortasuna, edo nortasunak, dira Vasconcelosen abiapuntu, eta eguneroko bizitzea sormenerako tresna.

Gaur egungo munduaren ikonoak eta eguneroko bizitzako objektuak erabilita, Joana Vasconcelosek artelan koloretsu eta deigarriak sortzen ditu, gaur egungo gizartean pil-pilean dagozan gaien inguruko gogoetea egiteko. Enrique Juncosa komisarioaren arabera, Vasconcelosentzat obrearen esangurea da oinarria, formea baino. Era horretara, XX. mendeko jokera nagusiari bueltea emon deutso, azken urteotako beste artista batzuek egin daben legez.

Vasconcelosek berak baieztau ditu Juncosaren berbak, museoan egindako agerraldian. Ideak dira nire abiapuntua, artista kontzeptuala naz; behin alderdi hori landu dodanean, bidean jakiten dot ze material eta forma erabili. Identidadeagaz lotura estua dau portugaldarraren lanak, identidadeetan oinarrituta identidade barriak sortzen dituala dino Petra Joos-ek, erakusketako beste komisarioak.

Emakume eta artista izatea, nortasuna, bizitzearen alderdien arteko kontrastea, irudian oinarritutako mundu garaikidea... gogoetarako gai ugari jorratzen ditu Vasconcelosek, gaurkotasun handikoak. Horren adibidea da Bilbora ekarri dauen Marilyn (AP) artelana. Lapikoakaz egindako takoidun zapata handi bi dira. Emakumeak etxean eta lanean daukan zeregin bikotxaz gogoratu naz: Lapikoak etxeko bizimoduagaz lotzen doguz eta takoidun zapatak emakume beharginaren sinbolo dira, biak batu dodaz obra bakarrean, azaldu dau.

Joana Vasconcelos, 'Marilyn (AP)'.

Hori da erakusketako obra esanguratsuenetako bat. I'll be your mirror, erakusketeari izena emoten deutsana, da beste bat. Espilu txiki ugariz egindako maskara handia da eta 105. aretoaren erdi-erdian ipini dabe. Gaur egunekotik etorkizunera begiratzeko modua da, espiluetan begiratuta inguruko obra guztiak agiri dira, zehaztu dau artisteak.

Joana Vasconcelos, 'I'll Be Your Mirror'.

1997tik gaur egun arte Vasconcelosek egindako hainbat obra batu ditue Guggenheim Museoan. Horreetako hiru, beren-beregi sortu ditu erakusketarako. Arkitekturearen eta artearen arteko hartu-emona beste inon baino hobeto ikusten da Guggenheimen eta neuk be ahalegin hori egin dot. Era horretara, Egeria izeneko lana museoko atrioan zabaltzen dan koloretako oihal moltsoa da. Bilborako obra barriak sortzea desafioa izan dala onartu dau, eta helburu bat jarri deutso bere buruari, hau da, ikusleak artelanak sentidutea, hori dalako artearen helburua, teorien ganetik.

Bilboko Guggenheim Museoak berak produzidutako erakusketea da Zure ispilua naiz, baina Porto eta Rotterdamgo museo banagaz egindako akordioari esker, uri horreetan bietan be ikusi ahal izango da aurrerago. Bilbon, zemendiaren 11ra arte egongo da.

Joana Vasconcelosen 'Egeria' lana, museoko atrioan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu