Txinako arte garaikideari begiratzeko modu barria dakar Guggenheim-ek
2018-05-10 12:33 Kulturea1989tik 2008ra bitartean herrialde haretan jazotako aldaketen lekuko eta eragile izan ziran artistak.
Txinako arte garaikidearen inguruan Txinatik kanpo sekula egin dan erakusketarik handiena da Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia. New Yorkeko Guggenheim Museoan egon eta gero, Bilbokoan ikusi ahal izango da irailaren 23ra arte. Txina goitik behera eraldatu eben hamarkada bi izan ziran 1989tik 2008ra bitartekoak eta 60 artista eta kolektiboren obren bidez interpretauko dabe fenomeno hori.
1989an Tiananmen plazako jazoerak izan ziran Pekinen eta, Gerra Hotza amaitzear egoala, bide barri baten sartu zan Txina. Munduko potentzia ekonomiko handienetako bat izatera eroan dau aldaketa horrek eta 2008an jo eban goia, Pekingo Joko Olinpikoak egin zituen urtean. Hamarkada bian Txinako gizartea, uriak eta paisajea guztiz itxuraldatu ziran eta artistek zeresana izan dabe testuinguru barri horretan.
Txinan artistak ez dira aldaketen ikusle huts izan, eragile aktibo be izan dira, azpimarratu dau Alexandra Munroe erakusketako komisario nagusiak. Beragaz batera, Hou Hanru eta Phil Tinari be ibili dira komisario. Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak ganeratu dauenez, aukerea emon nahi deutsagu publikoari Txinaren historian giltzarria izan dan aldi hori ezagutzeko.
Munroeren esanetan, ez dabe azken urteotako artisten bilduma bat egin nahi izan, 20 urteko epe baten errepaso edo testigantza legez. Kontrara, artisten euren ikuspegitik sasoi haren inguruko ikuspegi barriak eskaintzeko ahalegina egin dabe. Horregaitik, sortzaileakaz eurakaz hartu-emonetan ibili dira: Proposamen moltsoa da erakusketa hau, 1989-2008 aldiko Txinako artisten begiradatik bitarte horretan izan diran fenomenoak aztertzeko, dino Munroek.
Izan be, Txinako gizartea eta, batez be, artea, ez dira ondo ulertzen Mendebaldeko gizartean, komisarioen ustez. Arrazoi bi aitatu ditue horretarako: Mendebaldeak bere zilborrari begiratzen deutsala gehienbat eta artearen merkaduaren eragina. Hortaz, aurreretxiak apurtzeko tresnea be bada erakusketea. Txina be kontuan hartuko dauen analisia aldarrikatu dau Munrok: Artearen historia barri bat egin nahi dogu, eurozentrismotik iges egin.
Txinako sorkuntzearen inguruan aitatzen dan gaietako bat zentsurea da. Horri begiratzeko be, Mendebaldeak ikuspegia zabaldu behar dauela uste dabe komisarioek. Txinan badago zentsurea, baina ildo ofizialetik hur be egin dira abangoardiako lanak. Erakusketako 60 artisten artean Ai Weiwei da disidente ofizial bakarra, zehaztu dau Munrok. Hain zuzen be, adierazpen askatasunaren mugei 1989tik 2008rako artistek zelan erantzun daben aztertzeko modua be bada Guggenheim Museoko erakusketea.
New Yorkekoan baino autore eta obra gitxiago ekarri ditue Bilboko erakusketara, museo bakotxak bere ezaugarriak ditualako. Komisarioen arabera, Bilbon artelan gitxiago dagoz baina espazioa hobeto moldatu ahal izan dabe horreekaz pieza guztiakaz narrazino bat osotuteko.
Sei atal nagusitan banatuta dago erakusketea, erespide kronologiko eta tematikoak erabilita. Goi mailako 60 artistaren lanak dira, formatu ugaritakoak: Koadroak, eskulturak, instalazinoak, bideoak, performanceak...
Polemikea animalien eskubideakaz
Zabaldu aurretik be zeresana emon dau Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketeak, obra bitan bizirik dagozan animaliak agiri diralako. Kaiola zarratuetan dortokak, narrastiak, zomorroak eta sugeak eukitea animalien eskubideen kontra doala salatu dabe hainbat taldek eta obra horreek kentzeko eskatu deutsie museoari.
Polemika horren harira, Juan Ignacio Vidarte zuzendariak argi esan dau ez dituela obrak kenduko, animaliek artelan horren barruan ez dabela sufriduten ziurtatzeko neurriak hartu ei ditue eta. Tratu txarrik ez dago, bestela ez litzateke gure kode etikoagaz bat etorriko, azaldu dau.
Artelan horreek bere horretan erakustea adierazpen askatasunaren aldeko keinua dala esan dau Vidartek. New Yorken be protesta gogorrak egon ziran erakusketa honen kontura eta Alexandra Munroek jentearen informazino falteari leporatu deutsaz. Ganera, Txinako gizartea eta sorkuntzea Mendebaldeko baloreetatik begiratzeari itxi behar jakola esan dau, Txinan eta Mendebaldean animaliakaz dagoan hartu-emona ez ei dalako bardina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!