XARE Euskerazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Barakaldon

Bizkaie! 2025-10-17 10:14   Kulturea

150 gaztek parte hartuko dabe euskerazko uniberso digitala sustatzeko.

Gazteak, Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKT), eta Euskerea dira jardunaldi honeen zutabeak eta horreen inguruan oinarritzen da ekimenaren helburua be: euskerazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazotea gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ez, ikasleek tresna horreek balioan jarri deiezala eta gazteak hartzaile-konsumitzaile izatea bai baina euskerazko ekosistema digitala aberastuko dabe sortzaile eta garatzaile izatea be ahaztu barik.

Barakaldoko Udalak eta Azkue Fundazinoak babesten daben saio honek Behurko BHI eta Minas BHI ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 150 ikasle batuko ditu. Azkuen Fundazinoko ordezkariek eta Barakaldoko Udaleko Euskera Zerbitzuko kideek bertatik bertara jarraituko ditue jardunaldiaren nondik norakoak eta parte hartuko dabe XARE ekimeneko lantaldeak 09:00etan Clara Campoamor Zentro Zibikoan gazteei egingo deutsen harreran.

Clara Campoamor Zentro Zibikoan dabe topagunea eta han hiru gune: IKAS gunea (tailerrak), ERA gunea (hitzaldiak) eta JOLAS gunea. Urriaren 22an, goizeko 9:00etatik 13:45era bitartean, hiru taldetan eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek XARE jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozauko dabe: lanabes digitaletan trebatzeko eta horreen aplikazino errealak ulertzeko 8 lantegi; arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko berbaldi interaktibo 2; eta Azkue Fundazinoak sustatzen dauen Memeka Lehiaketan Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik parte hartzeko tartea, nahiz Egunean Behin jokoaren zuzeneko jokaldi bat bere.

Musikea autoproduziduteko hasierako lanabesak, argazki-teknika barriak, robotikea, bideo-jokoak, errealidade birtuala, aplikazinoak, nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna Sarean, askotarikoak dira gazteek jorratuko dituen gaiak. Eta euskerazko uniberso digitala elikatzen dabizan profesional eskarmentudunak arduratuko dira XARE programako jarduera horreek guztiak gidatzeaz, euren pasinoa kutsatu nahi deutse gazteei: Eragin komunikazinoa, Talatos kooperatibea, Elurmaluta proiektu artistikoa, Gisa software librearen aldeko alkartea, Emaize sexologia zentroa, Codesyntax, Protomakers club, Katubi ikus-entzunezkoak, Game Erauntsia euskerazko bideojokozaleak, Dj Makala eta Ainhoa Etxebarria aktorea, besteak beste.

Zuzeneko musikea be izango da: 10:45ean, Sara Zozoya musikariak kontzertu akustikoa emongo dau parte-hartzaileentzat. Sara Zozaya Donostiako abeslari, sortzaile eta instrumentista gaztea da. Profil bereziagaitik sano berezia da, oso aktiboa dan emakumea. Mugarik bako jakinmin musikala dau eta edonoren arimara heltzeko gaitasuna dauka bere sorkuntza intimoei esker.

2025-2026 ikasturteko laugarrena Barakaldon

XARE jardunaldien laugarren geldiunea izango da. Bilbo, Iruñea, Baiona eta Barakaldoren ostean, Amorebieta-Etxanon, Errenterian, Laudion, Donostian eta Gasteizen egingo ditu geldialdiak.

2017an hasi zanetik eta 2025era 14.340 gaztek hartu dabe parte XARE jardunaldietan. 2025-2026 ikasturtean, 4.570 gazte gehiagorengana helduko da Euskerazko Kultura Digitala sustatzeko egitasmo hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu