Kulturearen Jaialdi bihurtuta, 60 urteko ibilbideari jarraipena emongo deutso Durangoko Azokeak
2025-10-17 09:23 KultureaUniberso bisual koloretsua egin dau Iratxe Reparaz sortzaileak.
60. Durangoko Azokaren mezua eta iruditegia aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe Durangoko Landako Gunean eta hurreratu diranen artean, Gerediagako eta azokaren guneetako arduradunak, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak be egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Konfekoop eta EITB.
Durangoko Azokearen sortzaile eta bultzatzaile guztiei eskerrak emonez hasi dau hitzaldia Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Alkarteko koordinatzaileak, eta aitamen berezia egin deutso Izaskun Ellakuriaga Bustinzari, urte luzez Durangoko Azokea atontzen ibilitako Gerediagako lankide ohiari: dakizuenez garagarrilean joan jakun eta, beraz, sarrerako berba honeek berarentzat dira. Aurtengo edizino honetan hogei urtez euskal kulturea sustatzeko eginiko lana gogoratu eta autortuko dogu azaldu dau.
Abenduaren 5etik 8ra izango da Azokea eta Gaztelurrutiak aurtengo edizinoa bizi dogun testuinguru gogoetagarri eta burruka girotik salbu ez dagoala nabarmenduz ekin deutso barriketeari. Holan, gogora ekarri dau ez dala erraza jaialdi bat atontzeko pasinoari eustea samina barreatuten dagoan aldi honetan. Horregaitik, aurtengo Durangoko Azokan oso presente egongo da Palestinako herria: bai atontze prozesuan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko geratzeko deia edo eskabidea egingo dogu, kulturea kritikotasunari eta irudimenari ateak edegitea be badanez, gure ekimenak balio daiala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean alkartzeko.
Kulturearen jaialdia
60 urteko ibilbidea egingo dau aurten Durangoko Azokeak, baina data borobil baten ospakizunean zentralidadea jarri beharrean, urte honeetan guztietan egindako ibilbidean jarriko dau arretea. Hola azaldu dau Gaztelurrutiak: urteurren seinalatu honetan be, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituan egiteko moduari eutsi eta barrikuntza batzuk txertatuko deutsaguz Azokeari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoagaz.
Aurtengo edizinoan barrikuntza nagusi bi izango dira: azkenaldian urtero asmau dan leloaren dinamikea eraldatu eta, hemendik aurrera, geratzeko etorri dan lerroburu edo claim barri bat sortu dabela adierazo dau: kulturearen Jaialdia. Durangoko Azokea Kulturearen Jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen ditualako, euskerazko eta tokiko sorkuntzea, artistak eta zaleak protagonista harturik. Durangoko Azokea Kulturearen Jaialdia da topaketa profesionala eta herrikoia dalako eta herritarrei nortasun kulturala biziteko, ospatzeko eta garatzeko aukerea emoten deutselako. Gainera, kultur eredu herritarra izatea nabarmendu dau Gaztelurrutiak: Kultur eragileek atondua, sektoreko profesionalakaz alkarlanean eta erakunde publikoen laguntzeagaz. Horrek guztiorrek egiten dau Durangoko Azokea kulturaren jaialdi, berretsi dau.
Unibertso bisuala
Aurten, Durangoko Azokeak ez dau kartel bakarra izango: guztiak izango ditu. Holaxe azaldu dau Iratxe Reparaz aurtengo iruditegiaren egileak. Azokeak egindako eta egiteko dauen ibilbidea oinarri hartuta landu dau aurtengo uniberso bisual barria: Azokea ezin da irudi bakar batean laburbatu. Diseinua eskuz marraztutako 60 bat topau nebanean sortu zan; zenbaki bat baino gehiago zan, ibilbide bat, mobimentu bat, egin dogun bidea eta oraindino egiteko doguna irudikatzen dauena.
Esangura horretan, kartel bakotxa euskal kulturea biziteko modu bat da Reparazen ahotan: kolore biziak, diziplina ugari eta forma irregularrak, azoka honen energia libre eta jaialdi giroa islatzen dabenak. Izan be, Durangoko Azokea ez da soilik feria bat: euskal kulturearen jaialdi handia da. Euskerea ospatzen dan lekua, moldatzen dana, konpartiduten dena. Hizkuntzea bera bezela, azokea be mobimentuan dago, aldatzen da, eta forma barriak hartzen ditu. Horregaitik ospatzen dogu infinitutasuna: kartel infinituak, eten barik berrasmetan dan kultura baterako.
Iratxe Reparaz
Diziplina anitzeko arte zuzendaria da. Publizidadea eta Hartu-emon Publikoak ikasi zituan EHUn, Arte Zuzendaritzako masterra egin eban Bartzelonan eta gaur egun Diseinu Grafikoko prestakuntzan jarraitzen dau Elisavan. Orain, Madrilen bizi da eta bertan irismen handiko markentzat publizidade kanpainak lantzen ditu.
Horren harian, musika proiektuetan be lan egin dau, ZETAK edo ETS taldeentzat, besteak beste. Batez be kontzeptuak eta irudiak konektetea interesetan jako: ideen zentzuna, emozinoa eta ejekuzino argia izan deien.
Estilo propioa baino gehiago, uniberso bakotxera egokitzea gustetan jako, beti bere ikuspegi sortzaile eta koherentearen bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
