'Linguae Vasconum Primitiae' Baionako Euskal Museoan ikusgai, urtarrilaren 11ra arte

Bizkaie! 2025-10-20 09:51   Kulturea

Abenduaren 19an, Danserie Ensemblek kontzertua eskainiko dau Saint-Esprit eleizan, 19:00retatik aurrera.

Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten eta, mendeurrenaren harian, Bernat Etxeparek idatzi eta 1545ean argitaratutako Linguae Vasconum Primitiae euskeraz argitaratutako lehenengo liburuaren ale bakarra erakusgai jarri dau.

Frantziako Liburutegi Nazionalagaz eta Etxepare Euskal Institutuagaz lankidetzan, euskal literaturako mugarri dan obrea eta haren egilearen legatua ekarri ditu Baionako Euskal Museoak. Erakusketea Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren atxakian atondutako jardueren artean kokatzen da. Hain zuzen be, Bernart Etxepare idazlearen euskara, jalgi hadi mundura leloak iradoki bezela, Etxepare Euskal Institutuak euskerea eta euskal kulturea sustatzea eta zabaltzea dau helburu nagusi.

Gauzak holan dirala, 2026ko urtarrilaren 11ra arte, Bernart Etxeparek euskeraz idatzi eta 1545. urtean Bordelen argitaratutako  liburua Baionako Euskal Museoak hartuko dau, Frantziako Liburutegi Nazionalak maileguan itxita. Paristik mailegatutako bildumearen aurkezpen-ekitaldia museoan bertan egin da, museoko zuzendari Sabine Cazenaveren eskutik, eta Frantziako Liburutegi Nazionaleko liburu arraroen gordailuko zuzendari Jean-Marc Chatelain, baitga Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza be.

Erakusketearen aurkezpenak euskal ondarearen memoria balioan jarteko balio izan dau. Izan be, 480 urte dira euskal kulturearen eta euskal literatur historiaren obra aurrendari lehenengoz Bordelen plazaratu ebenetik, François Morpain inprimatzailearen eskutik.

In-4° formatuko 28 orri ditu Linguae Vasconum Primitiae obreak. Haren itxura xumeak jakitera emoten ez badau be, parebako garrantzia dau euskal ondarearen historian; tituluak berak hain argi iragarten dauen lez nahiz eta latineraz izan, euskeraz inprimidutako lehen liburua da. Lan hori Bernat Etxepareri zor deutsagu, 1480 inguruan Duzunaritze Sarasketan sortu zan abadeari. 1545 argitaratze urte horretan Garaziko haranean dan Eiheralarreko erretorea zan, Donibane Garazitik Orreagara doan bidean.

Obra horretan, prosaz idatzitako berbaurre labur baten ondoren, debozino olerkiak atzemon daitekez, eta ondoren maitasun profanoei buruzko olerkiak, honeen artean dalarik emakumeen laudorioz eginiko bat. Gero, bertsotan idatzita, Nafarroako Erregearen aginduz kartzelaratua izan zaneko kontakizuna dator, horren arrazoiak zehaztu barik. Eta amaitzeko, bilduma horretako idazki ezagunenetako bi, jantza erritmoei jarraituz, Kontrapas eta Sautrela. Ez dakigu zenbat aletan plazaratu eben 1545ko argitalpena.

Ça colle au basque, euskal kulturea frankofonian

Mendeetan zehar gaurdaino iraun dauen euskarazko lehen literatur argitalpenaren erakusketea Baionako euskal museora ekarri izana Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalagaz eta, oro har, frankofoniako kultur eta akademia eremuko eragileakaz, lankidetza-esparruaren barruan emon da. Ça colle au basque egitasmoa abiapuntu hartuta, Etxepare Euskal Institutuak euskerea eta euskal kulturea berbakera frantseseko komunidadean indartzea dau helburu; frantsesa hizkuntza komun daben eta munduko bost kontinentetan dagozan 321 miloe personak osotutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa. Horrezaz gan, kultura eta akademia-alkartrukeak sustatzea eta hizkuntza-aniztasuna batasun printzipio lez balioestea be helburu ditu egitasmo honek.

Danserie Ensemble


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu