AMA arkitektura-estudioak irabazi dau 2025eko Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria
2025-10-17 08:20 KultureaEpaimahaiak estudioaren ibilbidearen koherentzia eta fintasuna goraipatu ditu.

Jaime Gutiérrez Armendariz, Itziar Molinero Miranda eta Denis Itxaso.
AMA arkitektura-estudioan Jaime Gutiérrez Armendariz eta Itziar Molinero Miranda dira protagonista eta 6.000 euroko ordainsaria eroan dabe, Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariko bosgarren edizinoa irabazi dabe, bi urtez behin deitzen dana. 2017an sortu eben Peña Ganchegui Artxiboak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Helburua da 10 urte baino gitxiagoko esperientziadun arkitektoei ikusgarritasuna emotea. Euskal Autonomia Erkidegoan prestau edo bertan jarduten daben profesionalei zuzentzen jake. Sariak kultura arkitektonikoaren kalidadea sustatu, jorratu eta sendotu nahi dau.
Saria Donostiako Alde Zaharrean dagoan Euskadiko Arkitektura Institutuan hartu dabe, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agendako sailburu Denis Itxasok emon dau. Ekitaldiaren ondoren, Euskadiko Nazinoarteko Arkitektura Bienalaren Mugak/ programazinoaren barruan, hautagaitza finalisten erakusketea inaugurau da eta bertan izan dira kultura eta arkitekturako ordezkari instituzional eta profesionalak.
Denis Itxasok irabazleen kalidadeko arkitekturearen aurreko konpromisoa eta zorroztasuna azpimarratu eta ondokoa nabarmendu dau: Etxebizitza sailburuordetzeak saria bultzatzen dauela euskal arkitekturea sustatzeko, arkitektura gaztea, diseinuaren, arkitekturearen eta urigintzaren arloko joerak aurrekonfiguretan dituana eta datozen urte eta hamarkadetarako gure urien bilakaerea zirriborratzen dauena.
Sailburuaren eretxiz, itxaropenerako proposamena da eta arkitekturearen kalidadearen indarra, gazteen talentua ikusaraoztea merezidu dauelako eta proiektuaren kulturea ezin da etxebizitza-politikatik bereizi. Esangura horretan, "gizarte-arkitekturea ez da arkitektura txikia, oinarrizko arkitekturea baino, eta euskal arkitektureak eraldaketearen eta gizartearen aurreko konpromisoaren eragile izaerea aldarrikatu dau.
Peña Ganchegui Artxiboko zuzendari Rocío Peñak epaimahaiaren kalidadea eta prestigioa azpimarratu ditu. Haren ustez, aurkeztutako ibilbideak zorrotz eta sentiberatasunez balorau ditue. Aurten hautagaitza gitxiago izan dira baina guztiek maila bikaina erakutsi dabe. Euskal arkitektura gaztea bikain dabil eta ibilbide barriei ikusgarritasuna emoten jarraituko dogu, konbentziduta gagozalako horreetan marrazten dala gure kultura arkitektonikoaren etorkizuna.
Epaimahaiak Carme Pinós, Begoña Fernández-Shaw eta Ángel Martínez García-Posada izan ditu kide. AMAren lanaren koherentzia eta fintasuna nabarmendu ditue. Era berean, Gutiérrez eta Molineroren ikerketak eta praktikea buztartzeko borondatea balorau dabe: jarrera hori proiektu efimero, arin eta malguetan islatzen da, keinu txikiakaz ingurune handiagoak aberasten ditue.
AMAren lanen artean nabarmentzen dira Dirdirak eta Garabiak interbentzino efimeroak, Bilboko itsasadarraren ondoan jarriak Gau Zuria jaialdian. Era berean, Etxenoi Pabilioia, Bilbon Mugak/ bienalaren bosgarren edizinoan arkitektura efimero bat diseinetako lehiaketako irabazlea. Inaugurazinoa saria emon ondorengo orduetan egingo da. Bienalak berak Euskadiko Arkitektura Institutuan hautagaitzea finalisten erakusketea hartzen dau, zemendiaren 30era arte zabalik.
AMAz gan, lau hautagaitza finalista izan dira. Epaimahaiak aitamen berezia emon deutso Borja Martínezi, Interplay estudiokoa. Bere proiektuen bilduma nabarmena autortu dabe, lehiaketa ugariren bidez garatua. Martinezen gaitasun profesionala, talentu formala, balio estrategikoa eta diskurso adimentsua azpimarratu ditue. Orain arteko bere lanik garrantzitsuena izan da aurten Osakako Expoan Poloniako pabiloia.
Finalisten zerrendara batu ditue Xabier Artola (gaitasun formalagaitik eta balio komunitario eta paisajistikoakaz loturak sortzeko bokazinoagaitik), Sara Enríquez, Lokuluxka estudioakoa (bere esku-hartze ausartak lekuetara egokitzeko dotoreziagaitik, materialetik eta pertzepzinotik abiatuta), eta Mikel Ortiz de Eribe, Eitzen estudioakoa (xehetasun batzuk jagoteagaitik, proiektu askori interes berezia emoten deutselako arau-zurruntasunaren testuinguruan).
Peña Ganchegui Sariak 6.000 euroko ordainsaria du. Luis Peña Ganchegui (Oñati 1926 – Donostia 2009) arkitektoaren izena darama. Ha izan zan XX. mendeko bigarren erdiko euskal arkitekturearen erreferente nagusia. Donostiako Arkitektura Eskolea sortu eta lan enblematikoak egin zituan: Vista Alegre Dorrea (Zarautz, 1959), Trinitate plazea (Donostia, 1963), San Frantzisko eliza (Gasteiz, 1968) eta Tenis plaza (Donostia, 1976), Eduardo Chillidaren Haizearen Orraziaren atarikoa.
Urte birik behin, saria 2017an sortu eban Peña Ganchegui Artxiboak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailagaz lankidetzan. 10 urte baino gitxiagoko esperientzia daben arkitektoei zuzenduta dago, baldin eta Euskal Herrian titulau badira edo bertan lan egiten badabe. Bosgarren edizio honetan 11 hautagaitza aurkeztu dira. Danetara, 17 arkitektura-profesional batu dira, hiru eskola ezbardinetatik etorriak. Gehienek Euskal Autonomia Erkidegoan behar egiten dabe.
Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Sariari buruzko informazino guztia hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
