Bilbok Gabriel Aresti omendu dau

Bizkaie! 2025-10-14 11:08   Kulturea

Idazlearen izeneko 42. Ipuin Lehiaketako sari banaketan.



Juan Mari Aburto alkatea izan da idazle bilbotarraren figurea, obrea eta euskerearen aldeko jarrerea gogoratu eta balioesteko Udalak urtero atontzen dauen ekitaldi honen buru.

Aurten, 1.616 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 68 euskaraz, Euskaditik, Estadutik eta beste herrialde batzuetatik, besteak beste, Argentinatik, Kolonbiatik, Mexikotik edo Txiletik, etorrita.

Gaztelaniazko modalidadean, saritutako lana Manuel Cresporen Tanta agua izan da. Pablo Escuderok Una cinta de Camarón y otra de Calamaro lanagaitik eta Andrés J. Sebastiánek Los respetuosos lanagaitik jaso ditue accesitak.

Euskerazko modalidadean, Ugaitz Agirreren Azalpena izan da irabazlea. Ariane Kamiok Efimero lanagaitik eta Karmele Mitxelenak Ezer ez lanagaitik jaso ditue accesitak.

Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan izandako sari banaketearen eszenatokia berezia izan da, XX. mendeko euskal literaturearen bilakaeran oinarrizko egilea izandako idazle bati omenaldia egiteko. Aurten berezia izan da, idazle bilbotarraren heriotzearen 50. urtemuga ospatzen baita.

Urtero Udalak atontzen dauen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketeak helburu nagusi bi ditu: alde batetik, sormenezko literatura sormena sustatzea, eta bestetik, Arestiren oroimen edo gomutea eta lanari bizirik eustea. Udalak, kasu honetan, haren ondarea gogoratzen dau Bilbon jaio zan egunaren aurreko egunean, 1933ko urriaren 14an. Ekitaldian, Bilboko Alkateak idazle bilbotarra gogoratu dau, euskerazko literaturearen alde konpromiso handiena erakutsi eban ahotsetako bat bezela, eta bere maitasuna Euskadirako sendo adierazo eban. Arestik orain 50 urte itxi gintuan, baina Arestiren ahotsa eta berbak bizirik dagoz, belaunaldi barriei inspirazinoa emoten eta gure kulturea eta gure hizkuntzea euskaldunon nortasuna ulertzeko oinarrizko zutabe dirala gogorarazoten deuskularik. Alkateak nabarmendu dauenez, lehiaketa honek Bilbok kulturea, literaturea eta euskerearen aurreko konpromisoa irudikatzen dau. Talentuagaz, uriko ondare kulturala aberasten jarraitzen daben sortzaileak laguntzen jarraitu behar dogu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu