Urteroko olatua da Literatur Amuak eta aurten be indarrez dator herrira
2025-10-17 10:38 KultureaUrriaren 24tik zemendiaren 28ra, Ondarroako Udaleko Euskera Sailaren eskutik.
Herriko sortzaileak erdigunean ipinita, disziplina anitzeko jarduerak eskainiko ditue, euskerea eta sormena ardatz, literaturea, antzerkia, filmak, barriketaldiak, ibilbide literarioak, umorea, argazkilaritzea, bertsoak eta komiki-erakusketea egongo dira herritarren eskura, doban. Ekitaldi guztiak izango dira doban eta ez da sarrerarik eskuratu beharko; aforoa bete arte sarrera librea egongo da saio guztietan.
Normala eta ohikoa danez, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketearen sariketeak emongo deutso hasiera Literatur Amuak jaialdiari. Lehenengo, aurtengo beka deialdiko irabazlea zein dan ezagutzera emongo dabe Udalak eta Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek eta ostean, igazko bekatik sortutako Sakelako bihotzak liburuaren aurkezpena egingo dau Julen Apella idazleak, Joxemari Urteagagaz batera. Egun berean, goizez, alkarrizketa musikatu saioa eskainiko da ikasleentzat Kofradia Zaharrean, Ugaitz Alegriaren eskutik: gazteek sortzaile euskaldunak zuzenean ezagutzeko aukerea musikearen bidez.
Zapatuan, irakurle klubaren txandea izango da Txomin Agirre udal liburutegian, eta domekan, Itoiz udako sesioak filma eta barriketaldia ikusteko aukerea egongo da, 19:00retan Kofradia Zaharrean. Jose Garate Foisis be bertan egongo da.
Urriaren 30 eta 31n Arimen Gaua izango da egun bi horreetako oinarria eta horren bueltan eskainiko dira umeentzako kontakizunak eta Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz filma. Horreez gan, Etxelilan liburu aurkezpena be egongo da, eguenean (urriak 30) 18:30ean: Arpegiko narrua kenduko deutsuet: Tramanak eta Brixek (eta bestek) Ariadnari hizkuntzaz, sexuaz eta generoaz erakutsi eutsena.
Zemendiaren 1ean idazle eta musikari ondarrutarrek hartuko dabe herria. Goizean, 12:00etan Kofradia Zaharrean, Kalian gora, maria behera literatur ibilbideetako beste bi ezagutuko ditugu, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazleen eskutik. Jarraipena emongo deutse igaz Kirmen Uribek eta Ana Urkizak sortutako ibilbide multzoari, euren lanetan oinarritutako sorkuntzetatik abiatutako ibilbide literarioak ezagutarazoz. Ondarroako Udalaren Euskera Saileko proiektu garrantzitsua da hau, igaz hasitakoa. Hleburua da herrian dagozan eta egon diran idazleen eskutik, eta euren sormen lanetan oinarrituta, herria ezagutzeko ibilbide literarioak sortzea nobeletako pasarteetan oinarrituz; euskerea, herriaren ezagutzea, literaturea eta turismoa buztartzen dituan proiektua da, zelan ez, euskerea ardatz. Arratsaldean, musikearen txandea izango da; 19:00retatik aurrera, Kofradia Zaharrean: Biren, Mahl Kobat eta Aiza Gandarias eta Olatz Naberan bikotea.
Domeka arratsaldeak musikea, umorea, antzerkia eta poesia buztartzeko balio izango dau, hiru urtetik aurrerako umeentzat. 17:30ean hasiko da Kofradia Zaharrean Batetik Bestera ikuskizuna, Benetan be taldearen eskutik.
Literatur Amuak jaialdiak dirauen bitartean, erakusketa bat egongo da ikusgai eta amaierako egunagaz batera beste bat be hasiko da: Irudiletrak, Jan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarraren erakusketea, Ondarroako eta inguruko idazleen ekarpena. Urriaren 30etik zemendiaren 10era, Udal Erakusketa Aretoan. Egunero 18:00etatik 20:30era eta astegoienetan goizez be bai, 11:00etatik 13:30era.
Marrazkiak be irakurten diranean, Aitor Urkiola Brontxe marrazkilari ondarrutarraren komiki erakusketea, Luterl taldearen eskutik. Zemendiaren 28tik abenduaren 8ra, egunero 18:00etatik 21:00etara eta astegoienetan 12:00etatik 14:00etara be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
