Chagall-en estiloaren jatorria, Guggenheim Museoan
2018-05-31 12:13 Kulturea1911tik 1919ra bitarteko pintura eta marrazkiak ikusgai dagoz irailaren 2ra arte.
Aurreko mendeko artistarik berezienetako bati eskaini deutso Bilboko Guggenheim Museoak udako erakusketa nagusietako bat. Marc Chagall (1887-1985) errusiarrak abangoardiako artistak ezagutu zituan, hareen eraginak jaso, baina bere estiloa garatu eban, originala eta sailkatzen gatxa. Estilo bereizgarri horren hasierako urteko obrak batu ditu Chagall, urte erabagigarriak, 1911-1919 erakusketeak. Basileako Arte Museoagaz batera antolatu dau Guggenheimek eta Suitzako uri haretatik dator Bilbora.
1911n Parisera heldu zan Marc Chagall, Vitebsk jaioterritik. Han goitik behera aldatu eban arteaz eta munduaz eukan ikuspegia. Urte horretatik aurrerako 86 pintura eta marrazki dagoz ikusgai Guggenheim Museoko hirugarren solairuan, arte garaikidearen oinarriei eskainitako programearen barruan.
Lucia Aguirre komisarioak azaldu dauenez, Marc Chagallen 1911tik 1919ra bitarteko ibilbidea zati bitan banatu leiteke. Lehenengo partean, 1911tik 1914ra, Parisen bizi izan zan. Errusiako uri txiki eta judu batetik heldu barri (Chagall be erlijino horretakoa zan), Frantziako uriburuan mundu barri bat topau eban. Argiaren uria zan Paris Chagallen ustez, kolorea modu berezi baten erabilten eban eta, Errusiako argi motelaren alboan, uriko argi disdiratsuak harritu eban, dino Aguirrek.
Dana dala, Parisko urteetan Chagallek sarri marraztu zituan Vitebsk jaioterriko gaiak. Etxean ezagututako bizimodu judutarra eta uriaren modernotasuna buztartu zituan, azaldu dau Aguirrek. Parisko La Ruche egoitzan ezagutu zituan artistek be eragin sakona izan eben Chagallen ibilbidean. Batez be, Guillaume Apollinaire-k, artista gaztearen babesle izan zan eta.
Abangoardien sasoi haretan, Paris zan jokera barrienen erdigune eta Chagallek be bertatik bertara ezagutu zituan mobimendu hareek. Gero, bere erara moldatu zituan. Abangoardien eragina hartu bai, baina eraldatu egin eban, zehaztu dau Aguirrek. Guggenheim Museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarteren esanetan, sailkatu ezinezko estiloa eukan.
1914an Vitebskera bueltau zan, arrebearen ezkontzarako, eta han hasi zan erakusketan batutako sasoiaren bigarren aldia. Izan be, Errusiara heldu eta astebeteta, Lehen Mundu Gerrea hasi zan eta hurrengo zortzi urteetan handik urten ezinda geratu zan. Ezkondu eta alaba bat euki eban.
1914tik 1919ra bitarteko sasoian, Chagallen obrek aldaketa nabarmena izan eben. Chagall ezezagun bat agertu zan, esate baterako, gerrearen inguruan egindako marrazki gordinetan, dino Aguirrek. Egunerokotasuna, familia, judutasuna eta halakoak gero eta gehiago agertzen hasi ziran haren lanetan, eta amesen itxurako irudiak egiten hasi zan. Komisarioak azaldu dauenez, ezin dira amesezko edo fantasiazko obratzat jo, errealidadea bere erara kontetan egoala esatea zehatzagoa da. Bere burua topetako fasetzat be jo dau Aguirrek Vitebskeko hori.
Ia ehun urtegaz hil zan ezkero, Marc Chagallen ibilbidea luzea eta oparoa izan zan. Beti eutsi eutsan bere estilo bereziari eta, hain zuzen be, Guggenheim Museoan ikusi leiteke horren guztiaren jatorria. Chagallen sorkuntzearen sasoi zehatz bat jaso dogu, haren estilo bereizgarria orduan jaio zan, dino Vidartek. Balio handiko piezak dagoz eta Lucia Aguirrek Lau errabinoak izeneko seriea nabarmendu dau. Lau pintura dira, baina horreetako bat aparteko bildumetan ibili da, erakusketa honetarako danak alkartu dituen arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!