Jokin Aspuru: 'Artistek epe luzerako ikuspegia dabe, sakonagoa'

Dabi Piedra 2018-08-27 08:01   Barriketan

Getxophoto jaialdiko zuzendaria.

Irailaren 5etik 30era egingo dabe XII. Getxophoto, Nazinoarteko Irudi Jaialdia. Monica Allende komisarioaren gidaritzapean eta Gatazka-ostea: alkarrizketea berreregi lemapean, aurtengo edizioak gatazkearen esanahiaz gogoetea eragin gura dau, arreta guztia gatazka-osteko sasoietan eta alkarrizketea abiarazoteko jardueran jarrita.

Horretarako, nazinoarteko artisten hogei erakusketa ipiniko ditue Getxoko espazio publikoetan eta, horrezaz gan, jarduera osogarri ugari egongo dira. Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak emon deuskuz argibideak.

 

1.- Gatazka politiko, teknologiko eta ekologikoen ondorena eta arrastoak izango dira 12. Getxophotoren gaia. Zelan heldu deutsie artistek gai horri?

Beti ahalegintzen gara interes orokorreko gaiak aukeratzen, eta hau holakoa da. Gatazka bat dagoanean, horrek normalean aldaketak dakarz, hori da jorratu doguna, baina oso modu zabalean. Honen erakusgarri, artista bat jatort gogora, Luca Locatelli argazkilari italiarra. Alemania munduko herririk industrializatuena da eta han iraultza energetikoa egiten dabiz, energia fosilak alboratu eta energia barriztagarriak ezarri nahi ditue. Aldaketa hori da Lucatelliren lanaren oinarria, hor gatazka bat egon da eta konpontzen dabiz Alemanian, transizino hori irudietan batu dau argazkilariak. Aurtengo edizinoaren espiritua ondoen erakusten dauen lana hau da, beharbada.


2.- Gatazkek arreta mediatiko handia eragiten dabe, baina gero ahaztu egiten doguz. Ondoren datorren guztia ez dala ahaztu behar aldarrikatuko dozue?

Bai, ze gauzak ez dira egun batetik bestera konpontzen. Egia da komunikabideek euren erritmoa daukiela, egunerokotasunari lotua, eten barik barritu behar dabe informazinoa eta gatazka batzuk ahaztuak geratzen dira. Horregaitik, artisten begiradea oso garrantzitsua da, epe luzerako ikuspegia dabelako, ikuspegi sakonagoa. Artista bat ekarri dogu Getxophotora, Pouloni Basu Indiako gaztea eta berak hango eskualde bateko gatazkearen irudiak atera ditu, gerrilla maoistea gerran dago orain dala 50 urtetik, gerra ahaztua da.


3.- Amerikako Estadu Batuek be protagonismoa dabe Getxophoton. Donald Trump inspirazino iturri da argazkilarientzat?

Artistentzat gozoki bat da Trump, bai. Lan bi dagoz Estadu Batuetako gaurkotasunagaz lotuak. Horreetako baten, Josh Begley-k airetik hartutako 200.000 argazkitan erakutsi dau Mexiko eta Estadu Batuen arteko harresia, lan harrigarria da. Baina gehiago nabarmenduko neuke, aurtengo gaiagaz bat datorrelako, Donald Trump-en instalazinoa, Jump Trump izenekoa. Puztutako buru handi bat da, Trump-en itxurakoa, eta jenteak ganean salto egin ahal izango dau. Oso dibertigarria da, segundu batzuez bada be gizon horren kontrako mendekua hartu geinke. Getxophoton halakoak be gustetan jakuz, erakusketa arruntez gan, komuniketako bide barriak topetea.


4.- Erakusketetara bueltauta, gerren ondorioak be ikusi ahal izango dira.

Arlo horretan badaukaguz erakusketa bi, lehenengoz erakutsiko diranak, beren-beregi Getxophotorako sortuak dira. Bata, Anton Kusters-ena da, Bigarren Mundu Gerran egon ziran 1.078 kontzentrazino-eparruak, dan-danak, bisitau ditu, eta handik ikusten dan zeruaren argazkiak atera ditu. Instalazino handi baten batu ditu, oso sinbolikoa da. Bestea, Kazuma Obara-rena da, Bigarren Mundu Gerrako Japonia agertzen dau, hango gehiegikeriak.


5.- Euskal artistei be lekua egiten deutsazue. Aurten bertoko zein artistaren lanak ikusiko doguz?

Beti esaten dogu gauza bera: Getxophotok beti mundura begiratzen dau, baina ez dogu inoz ahazten non zapaltzen dogun, geure begiradea edo ikuspegia gizarteratzea be oso inportantea da. Aurten, hogei erakusketa nagusien artean, euskal artista birenak sartu doguz. Bata Markel Redondo bilbotarra da, Espainiako urigintza proiektu basatien inguruko bildumea dakar, dron bategaz ibili da porrot egindako urbanizazinoen argazkiak ateratzen. Bigarrena Clemente Bernad iruindarra da, euskal gatazkea aitatzen dau bere lanean, zeharka bada be.


6.- Lehenengo aldiz, Open Call, edo deialdi edegia egin dozue, eta bide horretatik heldu da programazinora Max Pinckers artista belgikarra. Nobedade honek aberastu egin dau Getxophoto?

Bai, oso pozik geratu gara. Jaialdia gehiago mobidutea zan gure estrategia, aukerea emotea munduko artista guztiei Getxon euren lana erakusteko. Ia 300 proposamen jaso doguz, batzuk urrunekoak, harrituta geratu gara. Ez genkian gure jaialdia horren ezaguna zanik. Irabazleak erakusketea izango dau Getxophoton eta hogei finalisten lanak proiekzino baten erakutsiko doguz.


7.- Komisarioa Monica Allende izan da, igazko moduan. Ze ikutu emoten deutso jaialdiari?

Batetik, esan behar dot bere mailako profesional bat eukitea lujoa dala guretzat. Ganera, begirada zabala daukala esango neuke. Getxophoto betidanik ibili da gauza barrien bila, baina Monica Allende etorri arte argazkigintzeari lotu-lotuta egoten zan. Berak begiradea zabaldu dau, ikusizko beste arte batzuetara heltzeko. Argazkia da oinarria, baina orain badaukaguz dronekaz egindako konposizinoak, errealidade birtuala, polaroid kameren bidezko lanak... Bestetik, kazetaritza mundutik datorrenez, badauka sentiberatasun sozial handia, ikuspegi politikoa esango neuke.


8.- Programazino nagusiagaz batera, zenbatgura ekintza egoten dira egitarau osogarrian. Horreetako bat da Oheak izenekoa. Esperimentu moduan martxan jarri zenduen, baina badirudi finkatu egin dala.

Bai, bete egiten da. Esan dodanez, argazkigintzatik harago joateko ahaleginean, zinemea be sartu dogu. Baina Oheak izeneko ekintza honetan, buelta bat emon deutsagu: Punta Begoña hilabetez zinema-areto bihurtzen dogu, eta proiekzinoak oheetan ikusi leitekez, ohiko jesarlekuen ordez. Esperientzia polita da, ohituta gagoz etxean ohetik pelikulak ikustera, bakarrik edo familian, baina jente askogaz hori konpartidutea berezia da.


9.- Ganerakoan, jarduera osogarrien artean zein nabarmenduko zeunke?

Nik uste dot Getxophoto ezagutzeko modurik egokiena bisita gidatuetan parte hartzea dala. Eta horren barruan, gauez eta ilunetan egiten diran bisitaldiak dira onenak. Jenteari eskatzen deutsagu bakotxak bere eskuargia ekarteko eta aretoetan sartzen gara, argiak amatauta, obrak deskubridu egin behar dira iluntasunean, esperientzia berezia da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu