Jock Zonfrillo eskoziarrak irabazi dau 2018ko Basque Culinary Prize

Bizkaie! 2018-07-26 08:33   Jan edanak

Mundu guztiko sukaldari ezagunek aukeratu dabe, hamar finalistaren artean.

Jack Zonfrillo (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jock Zonfrillo chefa izentau dabe 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle, Orana Foundation erakundean egiten dauen lanagaitik. Jock Zonfrillok 100.000 euro jasoko ditu berak aukeratutako proiektu batera bideratzeko, sukaldaritzearen ahalmen eraldatzailea erakusten dauen proiektu batera. Jatorriz eskoziarra dan arren, Australian dabil lanean Zonfrillo, hango aborigenakaz alkarlanean.

Basque Culinary World Prize sari globala Eusko Jaurlaritzeak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan, eta gastronomiaren arloan nagusi dan Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademikoak emoten dabe. Ekimen eraldatzaileak abian ipini dituen sukaldarien lana autortzen dau, hainbat arlotan: barrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan, besteak beste.

Sariaren irabazlearen barri Modenako Collegio San Carlon egindako ekitaldian emon dau jakitera Jaurlaritzeak. Agerraldian izan dira Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburua, Joxe Mari Aizega BCC-ko zuzendari nagusia eta Juan Roca epaimahaiburua.

Zock Zonfrillo hamar finalistaren artean aukeratu dau epaimahaiak. Mundu zabaleko honeek sukaldari ezagunak egon dira epaimahai horretan: Joan Roca (Espainia) epaimahaiburua; Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Estadu Batuak), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Frantzia), Andoni Luis Aduriz (Euskadi) eta Manu Buffara (Brasil).

Horreez gan, hainbat diziplinatako nazinoarteko adituak be egon dira epaimahaian, esaterako Ruth Reichl idazle iparramerikarra, Bee Wilson gastronomia-historiagile eta kazetari britainiarra, Isle Crawford diseinugile britainiarra eta 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle Leonor Espinosa chef kolonbiarra.

Honeek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko hamar finalistak: Anthony Myint (Estadu Batuak), Caleb Zigas (Estadu Batuak), Dieuveil Malonga (Kongoko Errepublika/Alemania), Ebru Baybara Demir (Turkia), Heidi Bjerkan. (Norvegia), Jock Zonfrillo (Australia/Eskozia), Karissa Becerra (Peru), Marc Puig-Pey (Espainia), Matt Orlando (Danimarka/Estadu Batuak) eta Virgilio Martínez (Peru).

Basque Culinary Prize sariketako antolatzaileek gogoratu dabenez, finalista guztiak nazioarteko chefen belaunaldikoak dira eta, euren zeregina gizartean zabaltzen jakiteaz gan, ogibidea barriro definiduteko gai izan dira, bereizgarri dituen jakintzea, lidergoa, bokazino ekintzailea eta sormena erabiliz.

Bittor Oroz sailburuaren arabera, sari bardin bako eta global hau Euskadi-Basque Country Estrategia Integralaren parte da, eta Euskadiko gizartearen hainbat balio gure herrialdearen irudiagaz lotu nahi ditu, hain zuzen be, ahaleginaren kulturea, konpromisoa, nork bere burua gainditzeko gaitasuna, bokazino barritzaile eta lehiakorra eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-bardintasuna.

Sariaren irabazle Jock Zonfrillok, bestetik, honakoa adierazo dau: Ohore handia da niretzat saria irabazi izana. Eskerrak eman nahi deutsedaz bihotz-bihotzez nire jatetxeko eta Orana Fundazinoko langileei, ikertzaileei eta aholkulariei eta, batez be, urte honeetan guztiotan euren jakinduria nigaz partekatu daben Australiako aborigen guztiei. Komunidade indigenetatik ikasi dodan ikasgairik garrantzitsuenetako bat da beti emon behar dozula jasoten dozuna baino gehiago. Lehen australiarrak dira lurralde honetako benetako sukaldariak eta guztiz onartezina da gure historiatik eta, batik bat, sukaldaritzearen kulturatik baztertu izana.

Joxe Mari Aizega, Leonor Espinosa, Joan Roca eta Bittor Oroz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu