Markina-Xemeinek Europako artisau-gaztagintzako 200 profesionali harrerea egingo deutsee
2026-10-15 12:42 Jan edanakMarkina-Xemeinek Europako gaztaigintza artisauko 200 profesional ingururi harrerea egingo deutse urrian.
Euskal Herria eta Markina-Xemein gaztaigintza artisauaren eta Europako esne produkzinoaren topagune nagusietako bat izango dira urrian, Leartiker Esneki Zentroak bultzatutako ekitaldi garrantzitsu biri esker. Astebetean, hainbat herrialdetako profesional, ikertzaile, teknikari, erakunde eta produktoreei harrerea egingo jake Bizkaiko udalerrian, esneki sektore artisauaren inguruko ezagutza, esperientziak eta aurrerapenak konpartiduteko.
Lehen hitzordua FACEnetwork-en (Farmhouse and Artisan Cheese & Dairy Producers European Network) urteko bilerea izango da, urriaren 19tik 21era. Leartiker Esneki Zentroak atonduta, Europako 22 herrialdetatik etorritako 200 parte-hartzaile inguru batuko ditu topaketeak, Euskal Herriko gaztai produkzinoaren nazinoarteko proiekzinoa indartzen laguntzeko eta lurraldea esneki artisauen arloan konpartidutako barrikuntza, kalidade eta ezagutzan erreferente izateko.
Hurreratuko diranen artean, batez be gaztaigileak egongo dira, baina baita ikertzaileak, aholkulari teknikoak, elikadurako profesionalak eta sektoreari lotutako erakundeetako ordezkariak be. Nazinoarteko izaera nabarmena izango dauen topaketeak Euskal Herriko ordezkaritza sendoa be izango dau, berrogeita hamar profesional ingurugaz.
Kontuak kontu, hiru egunetan zehar, parte-hartzaileek euskal gaztagintzearen bilakaerea eta egungo errealidadea bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe, bisita tekniko, berbaldi, mahai-inguru eta esperientzia-trukeen bidez.
Programeak arreta berezia jarriko dau Euskal Herriko esne sektoreak tradizinoa eta barrikuntzea buztartzeko dauen gaitasunean. Produktuen dibersifikazinoak, prozesuen etenbako hobekuntzeak, kalidadearen aldeko jarrerak eta ezagutza teknikoa indartzeak, Euskal Herriko ondare gastronomikoari nabarmen laguntzen deutson produktore dinamiko eta lehiakorrez osotutako sare bat sendotzea ahalbidetu dau.
Topaketea Euskadin egitea Leartiker Esneki Zentroak azken urteetan prestakuntzearen, ikerketearen, barrikuntzaren eta sektorearen dinamizazinoan egindako lanaren autortzea be bada. Ibilbide horri esker, zentroa erreferentziazko erakunde bihurtu da FACEnetwork sare europarraren barruan, eta aurten Europako artisau gaztaigintzarako topaketa garrantzitsuenetako bat atontzeko ardurea hartu dau beregan.
Era berean, bilerea baliogarria izango da herrialde askotako profesionalen arteko hartu-emonak sendotzeko, lankidetzea sustatzeko eta artsisau-esnegintzearen etorkizuneko erronkei buruz alkarregaz hausnartzeko, jasangarritasunetik hasi eta merkatuaren eskaera barrietara egokitzeraino.
Europako Know N Cheese proiektua be esneki eta artisau-gaztagintzearen astean izango da. FACEnetwork-en bilerearen ondoren, Markina-Xemein Europako lankidetzearen agertoki bihurtuko da barriro, urriaren 22tik 24ra Know N Cheese proiektuaren mugaz gaindiko ekitaldia eginez. Leartiker Esneki Zentroak gidatzen dau ekimena, eta Europar Batasunak kofinantzetan dau, Interreg POCTEFA 2021-2027 programearen bidez.
Proiektuaren helburua da Pirinioen bi aldeetan esnegintzan eta gaztagintzan dabizen mikroenpresen eta ETEen lehiakortasuna indartzea, ezagutzea sortuz eta konsumitzaileak produkzino horreen gizarte eta ingurumen-balioaz sensibilizetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
