Bost liburu ilustradu, ogibideak, tokiko produktua eta familian kozinetearen balioa aldarrikatzeko

Bizkaie! 2025-12-03 10:04   Jan edanak

Etxetik liburu bildumea aurkeztu dabe.

Etxetik liburu-bildumearen helburua umeak eta familiak elikagaien jatorriagaz eta euskal gastronomiari eusten deutsen lanbideakaz barriro be konektetea da. Pantailek eta egunerokoaren erritmoak espazio partekatuak murrizten dituan honetan, proiektu honek jakingurea, umorea eta alkarrizketak berreskuratzea dakar, sukaldaritzea baratzean, itsasoan, erlauntzetan eta ikuiluetan hasten da, eta familian kozinetea hartu-emonak sendotzeko eta balioak transmitiduteko ekintza izan daitekezala erakusten daben istorioen bidez.

Mantalak sustatuta —Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Basque Culinary Centerren arteko ekimen kolaboratiboa—, lau ipuin ilustraduk osotzen dabe bildumea eta personaje dibertigarrien begiradatik abiatuta, portuan, itsasoan, erlauntzan eta ikuiluetan jazoten dana kontetan dabe. Horreekaz batera, bosgarren liburu bat dago, proposamen sinpleak dituan familia errezeta-liburu bat, tokiko produktuakaz egina, alkarregaz kozinetea barriro be konplizidade eta ikaskuntza partekaturako gune izan daiten.

Istorio edo ipui horreetakio bakotxak abentura batean sartuko dau irakurlea, gure lurraldea ezagutzera emonez: Tomatetxok baratzea edo ortua zeharkatuko dau barazkien aniztasuna eta urtaroen erritmoa ezagutuz; Antxoak arrantzale zapi bategaz egingo dau topo eta portura bueltetea izango da eguneko misinoa, bidean espezie askogaz topez eginda; Erletxok lehen aldiz urtengo dau hegan erlauntzatik, eta loreak frutu zelan bilakatzen diran adituko dau, etxean anai-arrebek eztia egiten daben bitartean; azkenik, Txita, baserrian jaio barritan animalia ezbardinak ezagutzen joango da danak arrautzetik jaioten ez dirala deskubriduz, esnea eta gaztaia ezagutuz eta satsagaz, lurra elikatuko dauen ziklo naturala zarratuko da. Azken errezeta-liburuak mundu horreek guztiak lotuko ditu, istorioetan ikasitakoa ume eta helduek modu erraz eta ludikoan praktikan jarteko.

Aurkezpen-jardunaldiak 80 persona inguru batu ditu Gastronomy Open Ecosystemen, batez be 4 eta 8 urte bitarteko umeak dituen familiak. Ibilbide berezian parte hartu dabe, produktoreek eta
sukaldariek diseinau eta dinamizautako lau tailerren bidez. Jarduereak aukerea emon deutsee familiei zuzenean eta modu praktikoan lurraldeari lotutako jakintzetara eta ofizioetara hurbiltzeko, giro parte-hartzailean, txikienen interesa eta jakingurea biztuta.

Tailer bakotxak bildumako unibertsoetako batera eroan ditu familiak. Ortuaren munduan, Ane Zeberiok (Arriatzu Barazkiak) eta Javi Rivero (AMA) sukaldariak gidatu -ditue bertaratutakoak, barazkien garaikotasunaren eta aniztasunaren inguruan berba eginez.

Itsasoari eskainitako espazioan Lidia Olaizola (Kaia Kaipe), Pili Manterola (Iribar) eta Marian (saregilea) ibili dira, arrantzeari eta sareak konpontzeari lotutako lana ardatz hartuta.

Erlauntz edo erletxearen inguruko tailerrean, Inaxio Arinek (Balerdipeko Erleak) eta Armintz Gorrotxategik (Rafa Gorrotxategi) erleen lana eta polinizazinoa azkenean ezti eta gozo zelan bilakatzen diran azaldu dabe.

Azkenik, ikuiluaren eremuan, Ion Areitiok (Mugarrieta Ganadutegia) eta Beñat San Sebastianek (Errioguarda Enea) ganadua jagotearen eta belarmeta bat eregitearen inguruko erakustaldia eskaini dabe.

Jardunaldian proiektua bultzatzen daben erakundeetako ordezkariak be izan dira, eta tailerretan zehar ibili dira hareen dinamikak ezagutzeko, bertaratutako guztiak auditorioan batu aurretik. Garazi Urkolak bildumako ipuin biren zuzeneko narrazinoa eskaini dau, entzute partekatuko une bat sortuz, Etxetik proiektuak proponiduten dauen kultura eta hezkuntza- esperientzia balioan jarri dauena.

Ekitaldiaren harian, Mantalako koordinatzaile eta proiektuaren bultzatzaile Imanol Zubelzuk nabarmendu dauenez, -Etxetik- egunerokoan gastronomia familietara hurbiltzeko asmoz sortu da, txikiei elikagaien jatorria erakutsiz eta sukaldearen bueltan sortzen diran loturak sendotuz.

Beste alde batetik, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azpimarratu dauenez, liburu honeek oso proiektu berezia osotzen dabe eta maitasun handiz eta ilusinoz landu dogu. Hezkuntza-tresna bat baino gehiago dira: gazteen eta familien artean sukaldaritzearen aurren jakingurea eta interesa biztuteko bidea. Aukera ederra gastronomia ikaskuntza, sormena eta kulturea buztartzen dituan espazio lez ulertzeko.

Azkenik, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, lurraldean bertan eta lurraldean oinarritutako ogibideak nabarmendu ditu: -Etxetik-ek aukerea emoten dau lurra jagoten dabenen eta gure elikagaiak produziduten dituenen lana erakutsi eta autortzeko, eta belaunaldi barriei tokiko produktuaren eta hori posible egiten daben personen balioa transmitiduten laguntzen dau.

Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendaria be ekitaldian izan da.

Etxetik bildumea abenduaren 8tik aurrera egongo da salgai, ELKAR liburu-denden sarean eta online dendan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu