Josu Labaka: 'Euskerea da herri honen zuztarrek daben ongarri naturala'

Dabi Piedra 2018-05-14 08:00   Barriketan

UEMAko lehendakaria.

Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dau UEMAk Diman, maiatzaren 26an, Euskerea, gure lurra lemapean. Jaia, hausarketea eta aldarrikapena buztartuko dituan egitarau oparoa antolatu dabe herriko alkarteakaz lankidetzan, euskerearen arnasguneen garrantzia eta euskeraz bizi izateko gogoa lau haizetara zabaltzeko.

Josu Labaka UEMAko lehendakariak nabarmendu dauenez, maiatzaren 26koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide diranena bakarrik. Hortaz, euskaldun guztiei Dimara hurreratzeko dei egin deutse. Ganera, UEMAk azkenaldion martxan ipinitako beste proiektu batzuen inguruko azalpena emon deusku: Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak, errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea eta abar.


1.- Euskerea, gure lurra da aurtengo UEMA Egunaren leloa. Zer adierazo nahi dozue horregaz?

Garai baten UEMA Eguna izenagaz hasi ginan arren egun hau antolatzen eta ospatzen, badira urte batzuk Udalerri Euskaldunen Eguna izena hartu ebala. Izan be, aspaldi erabagi zan egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen % 70etik gora euskalduna dabenak. Askotan nabarmendu dogu, baina maiatzaren 26an, Diman, jai giroan gogoratuko dogu: udalerri honeek egundoko ekarpena egiten deutsie euskerearen normalizazinoari. Areago: herri honen arnasguneak dirala esaten dogu, eta ez dira berba hutsak. Aurtengo leloa be ildo horretatik doa: Euskerea, gure lurra, euskerea dalako herri hau loratu daiten ezinbestekoa dan lurra, euskerea dalako herri honen zuztarrek daben ongarri naturala. Euskerea da gure lurra.


2.- Bideoklipa egin dozue, jarduerak bezperan hasiko dira...  hazten doan hitzordua da Udalerri Euskaldunen Eguna?

Arnasguneei buruzko hezkuntza proiektuagaz loturea dau kontuak. Azken urteotan, gazteen artean euskerearen ezagutzeak gora egin dauen arren, erabilereagaz kezkatuta egoteko arrazoiak erakusten ditue datuek. Horren aurrean, inertziatik kontzientziarako saltoa egiteko, edota hizkuntza ekologiaren ikuspegia eta hizkuntza batentzat arnasguneek daben garrantziaren barri emoteko, hezkuntza proiektu integrala abiarazo eban UEMAk. Azken urteotan milaka ikaslegana heldu gara, baina eduki hori guztia hezkuntza sistema araututik kanpo be eskaini nahian, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak antolatu genduzan igaz lehen aldiz. Eta aurten, barriz, udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak izango doguz. Bietan, euskerearen inguruan gazteak kontzientziatzea eta ahalduntzea da asmoa, eta euren artean sareak sortzea. Helburu bera dau bezperatik antolatu doguzan ekimenek be. Udalerri euskaldunetako gazteen artean egin dogu deialdia, eta asteburu osorako egitaraua antolatu dogu eurentzat, jai giroan alkarren barri izan eta euskereagaz daben harremanaz hausnartu deien.

Bideokliparena eta abestiarena modu oso naturalean egin dabe dimoztarrek. Honelako egun bat antolatzerakoan, esperientziak erakutsi deusku herrietako alkarteak eta eragileak inpliketea giltzarria dala eguna arrakastatsua izan daiten. Diman hasieratik ederto ulertu dabe hori, eta egundoko erantzuna emon dabe. Herritarrek alkarlanean grabau daben abestia eta egin daben bideoklipa horren erakusle dira neurri handi baten.


3.- Dimako herritarrek eta taldeek zelan lagundu deutsue?

Udalerri Euskaldunen Eguna Diman egitea aurreikusi orduko, berehala heldu eutsien erronkeari, bai Dimako Udalak, baita herriko alkarteek eta eragileek be. Urtarrilean hasi ginan alkarlanean, eta hilero-hilero, bileraz bilera, herriko talde eta alkarte ugarik hartu dabe parte egitaraua atontzen, ekimenak proponiduten, eta honelako egun baten antolakuntzeak dituan behar guztiei erantzuten. Benetan gustura eta oso eskertuta gagoz dimoztarren jarrereagaz eta egiten dabizan lanagaz. Erakundeen eta herritarren arteko alkarlanaren adibide ederra da egun honen harira Diman mamitu dana.


4.- Jaiaz gan, hausnarketea eta aldarrikapena dira UEMA Egunaren ezaugarri. Aurten zeren inguruko gogoetea eta aldarrikapenak egingo dozuez?

Euskerearen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzinoen, eragileen eta herritarren arteko alkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, hasieratik. Eguerdian, ekitaldi instituzionala be egiten da, herritarren eta hedabideen aurrean mezu bateratua zabaltzeko; esangura horretan, udalerri euskaldunek daben garrantzia nabarmenduko dogu beste behin be, herri honen izakereari eusteko ezinbestekoak dirala gogoratuz. Azken baten, euskereari egundoko ekarpena egiten deutsie udalerri euskaldunek, benetako arnasguneak dira horreetako asko, baina baita hauskorrak be, hainbat faktoreren eraginez. Horren aurrean, udalerri honeek behar daben berariazko babesa be gogoratu eta aldarrikatuko dogu.

Era berean, aurten, udalerri euskaldunen garapenean jarri nahi dogu arretea. Lurraldeak eta hizkuntzeak daben harremanaren harira egindako gogoetetatik eta jardunaldietatik, udalerri euskaldunen garapenerako bitartekoak behar doguzala jarriko dogu mahai ganean. Erakunde eta eragile askogaz partekatzen gabizan hausnarketea da, baina euskerearen arnasguneak XXI. mendera zabaldutako leiho garrantzitsuak eta aurrerakoiak dirala erakutsi nahi dogu. Hizkuntzea ardatz hartuta, balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako garapen ekonomikoa, kulturala eta orekatua bultzatzeko neurriak adostea eta bultzatzea jagoku, eta bide horren garrantzia ikusiarazo nahi dogu aurten.


5.- Zuen udalerri gehienak txiki-txikiak diran arren, guztiak batuta lurgune zabal eta jentetsua da UEMArena. Horrek ze aukera zabaltzen ditu arnasguneak sendotzeko?

Gaur egun, 85 udalek osotzen dabe UEMA, eta guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna dira. Herri txiki asko dagoz tartean, lurralde antolaketeak eta urigintzeak eragin handia izan dabelako hizkuntzan, eta herri txikiek eusten deutsielako sendoen euskereari. Herri txikiak ez eze, baina, tartean dira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati be. Errealidade soziolinguistikoa ezbardina da herri batetik bestera, baina guztietan % 70etik gora dira euskaldunak. Horreek batu eta alkarregaz bidea egitea giltzarria izan da arnasguneen egoerea ikusiarazoteko, eta arnasguneetarako hizkuntza politika aurrerakoia egiteko.

Udalerri euskaldunak alkartzeak eta antolatzeak ondorio praktiko nabarmenak izan ditu. Euskeraz gabizela eta euskeraz bizi gintekezela erakutsi dabe udalek urte askoan alkarregaz antolatuta egindako lanari esker, eta komunikazinoan be udalerri euskaldunen errealidadea agertzeko balio izan dau UEMAk. Alkartzeak, hizkuntza politika aurrerakoia alkarregaz egiteko aukerea emon deutsie udalerri euskaldunei, arnasguneak babesteko eta sendotzeko neurriakaz. Aurrerantzean be, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzen segiduteak sendotasuna emongo deutse arnasguneei, jakina.


6.- Bakio eta Arantzazu batuko dira orain. UEMAk hazten segiduteko tartea dauka?

Bai, jakina. Biztanleen % 70 baino gehiago euskalduna dan udalerriak dira udalerri euskaldunak, gaur egun 175, hain zuzen. Horreetako asko batu leitekez oraindino UEMAra. Azken urteotan asko hazi da UEMA, eta hazten segiduteko tartea dauka. Horretarako giltzarria da adostasun politikoa, ezbardinen artean bidea egitea, eta euskerea gure benetako lurra dala ulertuta alkarlanari ekitea. Aurrera begirako erronka handiak doguz eta horretarako hazten segidutea eta sendotzea beharrezkoa dogu.


7.- UEMAtik kanpoko euskaldunakaz lotura edo alkarlana handitzeko asmorik badozue?

Bai. Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat horixe bera da. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik oraindino UEMAko kide ez diren udalakaz be hartu-emonak sendotzea, eta alkarlanerako bidea zabaltzea. Azken baten, udalerri euskaldun guztien garrantzia nabarmendu nahi dogu, eta udalerri euskaldun guztiak babesteko eta garatzeko politika barriak aldarrikatu.


8.- Lehenengoz antolatu dozuez udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak. Zergaitik da beharrezkoa halako ekimen bat?

Euskerearen ezagutzeak gora egin arren, erabilereak zergaitik huts egiten dauen hausnartzeko. Batez be gazteakan sumatzen dogu behar hori. Horregaitik abiarazo eban UEMAk hezkuntza proiektua orain dala urte batzuk, eta horregaitik hasi gara azken hilebeteotan hezkuntza araututik kanpo be gazteen artean arnasguneen garrantzia ikusirazoteko ekimenakaz. Esangura horretan kokatzen dira aurten lehen aldiz antolatu doguzan udaleku honeek be. Gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa emotea da asmoa, gero bakotxa bere herrian euskerearen inguruan eragile aktibo izan daiten, ahal eta nahi daben neurrian, jakina.


9.- Arnasguneetako gazte gehienek euskeraz berez egiten daben arren, euren artean kontzientziazinoa zabaltzea beharrezkoa da?

Zalantza barik. Hor dago gakoa. Ezagutzeak gora egin dau, baina askok ez dabe kontzientzia argirik hizkuntzearen inguruan. Euskaldun sortu dira, edo euskerea ikasi dabe, eta modu naturalean egiten dabe berba euskeraz, arau soziala hori dalako udalerri euskaldunetan, baina hizkuntza baten atzean dagoan mundu ikuskerearen edota arnasguneek daben garrantziaren inguruan ez deutse inork ezer esan, azken urteotan horretan hasi garen arte. Arnasguneen garrantzia ikusiarazotea, hizkuntza ekologiaren idea eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzea da erabilereari eusteko eta behar dan lekuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko.


10.- Errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea be abian dozue. Autorpena euskeraz egiteak eta antzeko keinu txikiek zenbaterainoko garrantzia dabe?

Handia. Oro har euskeraz bizi gara udalerri euskaldunetan, baina administrazinoagazko tramiteak zein errenta autorpena egiteko, oraindino, inertziaz, herritar kopuru handi batek erderara joten dau. Horren aurrean, euskeraz biziteko aukerea berresteko zein administrazinoa euskalduntzen laguntzeko, ezinbestekoa da errentea eta antzekoak euskeraz egitearen aldeko kanpainak sustatzea oraindino.


11.- Kezkea agertu izan dozue hainbat eragilek urigintzan ez dalako arnasguneen errealidadea aintzat hartzen. Aurrerapausurik egin da alor horretan?

Hizkuntza politikea ez da euskera sailetatik edo hizkuntza politikarako sailburuordetzetatik bakarrik egiten, ez dira ahaztu behar hizkuntzan eragin handia daben beste hainbat sailek hartzen dituen erabagiak be. Lurralde antolaketea, esaterako, giltzarria da, herri bat antolatzeko moduak edota urigintzeak eragin zuzena dabelako hizkuntzan. Beraz, eregi aurretik hartu behar dira udalerri euskaldunak babesteko neurri zuzentzaileak, auzo edo herri bateko hizkuntza ohiturak aldatu ez daitezan. Baina ez urigintzan bakarrik. Herri baten etorkizunean eragina izan leiken edozein plan orokorretan baino, urigintzan, turismoan edo dana dalakoan. Horretarako sortu zan Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa. EAEko Udal Legean txertatu eta hori aurrerapauso handia izan zan. Udalerri euskaldunetan pedagogia lan handia egin dogu azken urteotan, baina udal askorentzat arrotza da oraindino kontua. Lan handia dago egiteko, beraz.


12.- Kontzientzia faltea da oraindino gizartean eta erakundeetan hizkuntza-ekologia eta antzeko gaiak serio hartzeko?

Bai. Naturaz berbetan gabizanean, edonork ulertzen dau zergaitik babestu behar diran natura parkeak, edo zergaitik babesten diran eremu batzuk berariaz, balio ekologiko handikoak diralako. Hori hizkuntzara eroatean, ostera, harriduraz hartzen dabe oraindino askok. Soziolinguistikan eta hizkuntza politikan oso barruratuta daukaguzan kontzeptuak dira, baina gazteen artean hezkuntza proiektuagaz hau guztia zabaltzen gabizan modu berean, udalerri euskaldunetan eta udalerri euskaldunetatik kanpo be hau guztia zabaltzeko pedagogia eta komunikazino lan handia geratzen jaku egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu