'Euskerea, gure lurra' lemapean egingo dabe UEMA Eguna
2018-05-07 07:57 Euskerea berbagaiMaiatzaren 26ko jaiaren egitaraua, kantea eta bideoklipa aurkeztu ditue.
Jakina izan da Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, UEMAk, maiatzaren 26an Diman egingo dauela bere ospakizuna aurten. Orain, baina, zehetasun eta barrikuntza gehiagoren barri emon dabe. Egun osorako egitarau oparoa atondu dabe, jaia, hausnarketea eta aldarrikapena buztartzeko ekitaldiakaz, UEMAk dinoanez.
UEMA Eguna girotzen hasteko, bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu eben gazteei harrerea egingo deutsie Dimako udaletxean. Maiatzaren 26an, ostera, ekitaldi instituzional ugari egingo ditue. Goizean, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dabe Dimako eskolan eta UEMAn sartzeko eskaerea egin daben udal barriak onartzea espero dabe: Arantzazu eta Bakio. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, ostera, udalerri euskaldunen garrantzia nabarmendu, eta euskerearen normalizazinoari egiten deutsien ekarpena be gogoratuko dabe. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritzea izango da ekitaldian.
Ondo pasetako atalari jagokonez, UEMA Egunera hurreratzen diranek izango dabe non aukeratu: Umeentzako jolasak, kalejirea, buruhandiak eta abar egongo dira goizean; eguerdian, bertso-bazkaria, Unai Iturriaga eta Jon Maia kantulagun dirala. Eta arratsaldean, herri kirolak, batukadea eta musikea: Ezten Giro taldearen erromeria eta Egurra Ta Kittoren kontzertua.
Josu Labaka UEMAko lehendakariak nabarmendu dauenez, maiatzaren 26koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide diranena bakarrik. Aspaldi erabagi zan egun hau udalerri euskaldun guztion topagune izatea, adierazo dau.
Dimako alkate Nekane Intxaurtzaren arabera, harro gagoz dimoztarren izakerearen eta nortasunaren ezaugarri nagusienetako bat euskerea izateaz, horregaitik, pozgarria da UEMA Eguna herrian izatea. Labakak eta Intxaurtzak eskerrak emon deutsiez Dimako alkarte eta herritarrei, ospakizuna atontzeko emon daben laguntzinoagaitik. Besteak beste, Abizarie euskera alkartea, Dimesten, Zamakola alkartea, Andraizea, Dimetaleroak, Bertso Eskolea eta Dimako Eskolako Guraso Alkartea ibili dira.
Euskerea, gure lurra izango da UEMA Egunaren leloa eta izen bereko kantea egin dabe, Dimako herritarrek lagunduta. Ibon Izak idatzi ditu berbak, eta Kepa Elgoibar musikariak jarri deutso doinua. Arratiako alkarteetako kideek parte hartu dabe grabazinoan. Bideoklipa ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!